Laidak galdutako harea ez du berreskuratuko Kosta Mugapeak

Ibarrangeluko Laida hondartzaren itxura erabat aldatu da hilabeteotan, batez ere, joan den neguko denboraleen eraginez. Eremuaren bi heren galdu ditu, hain zuzen. Kosta Mugapeak jakinarazi duenez, ez du galdutako hondar hori berreskuratzeko lanik egingo. Naturari utzi gura dio bere bidea eta lana egiten, sinetsita baitaude berez berreskuratuko duela galdutako harea, edo horren zati handi bat, bederen. 155.000 metro kubo harea baino gehiago eraman zituzten otsaileko denboraleek. Horren ondorioz, egun, hondartzaren zati handiena desagertu egin da. Bi heren falta dira. Itsasgora denean, 40.000 metro koadroko eremua galdu du gutxi gorabehera.

Denboraleak ez dira izan, hala ere, fenomeno horren eragile bakarrak. Geologoen esanetan, olatu handien indarrak, itsasgoran, hondartzaren ekialdea astintzen du bereziki. Hondartzan apurtzen den ur masa estuarioaren bokaleraino irristatzen da handik, itsaslasterrek lagunduta.

Hondartzako dunek harea eremuaren zati handi bat babesten duten arren, etengabea izan da hondar galera hori. Duna horiek izango ez balitu, harea guztia galduta izango luke dagoeneko. Sistema natural hori 2001 eta 2007 artean hasi ziren berreskuratzen, garai bateko itxurara itzultzeko asmoagaz.

Ziklogenesiak baretzen hasi zirenean ekin zioten hondartza zelan lehengoratu zitekeen erabakitzeko eztabaidari. Aukeretako bat naturari bere kasa beharrean uztea zen. Izan ere, negu guztietan denboraleek harea eramaten dute hondartzetatik, eta, gero, apurka, mareek berriz ere itzultzen dute bere lekura. Beste aukera bat harea beste nonbaitetik ekartzea zen.

Bisitariak erakartzen dituen eremua izateaz gain, Laidako hondartzak denboraleen aurrean babesteko hesi lanak egiten dituela eta, erabaki garrantzitsua hartu behar zuten teknikariek. Oraingoz, eremu horren garapen naturala zelakoa den ikusi gura dute, neguan galdutako harearen zati handi bat martxo eta azaro bitartean berreskuratu ohi dutelako hondartzek, berez. Kosta Mugapeak, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Ibarrangeluko Udalak egindako batzarrean erabaki zuten dunen sistema eta ingurunea berreskuratzeko egokiena naturari bidea egiten uztea izango litzatekeela.

Juan Mari Ziluaga alkateak erabakia ulertzen duela adierazi du. Apurka, hondartzak jatorrizko espazioa berreskuratzeari ekin diola azaldu du, gainera, nahiz eta oraindik bide luzea duen egiteko.

Harea mugimenduak

Laidan ez, baina beste hondartza batzuetan harea mugimenduak egiteko erabakia hartu du Kosta Mugapeak. Neguko denboraleek egindako kalteak berreskuratzea dute helburu. Bakiora, esaterako, Pasaiako portuko dragatze lanetan ateratako harea eraman dute. Bestalde, Arena, Barinatxa, Gorliz eta Toña bertako harea erabilita egokitu dituzte. Bakioko hondartzako erdigunera 41.713 metro kubiko harea bota dituzte. 265.151 euroko inbertsioa egin dute, guztira, eremu horretan.

Zierbena eta Muskiz arteko Arena hondartzari dagokionez, eremu batzuetan harea eta haitz kopuru handia bilduta geratu zen, eta beste batzuetan ez zegoen ia ezer. Beraz, hondartza barruan bertan, eremu batzuetatik besteetara eraman zuten harea.

Barinatxeko lurra mugitzeko makina bat erabili behar izan zuten, urak eramandako harearen ondorioak berrezartzeko.

Gorlizko Astondo hondartzatik harea kopuru handiak Plentziakora eraman zituzten denboraleek. Hori horrela, badiaren punta batetik bestera 25.000 metro kubiko mugitu behar izan dituzte.

Sukarrietako Toñari dagokionez, harea lehor kopuru handia galdu zuen. 4.000 metro kubo hondar mugitu behar izan dituzte erabiltzaileentzat 3.000 metro koadroko espazioa lortzeko.