Hilabete eskas falta da Bilboko aste garrantzitsuena hasteko: Aste Nagusia abuztuaren 16tik 24ra ospatuko da. Bilbotar eta bisitarien gozamenerako, doako hirurehun ekitalditik gora prestatu ditu jai batzordeak.
“Aniztasuna, kalitatea, parte hartzea, nortasuna, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko presentziaren oreka eta euskara” izango dira aurtengo festetako oinarriak. Bilboko Udaleko Jai Batzordeak adierazi dutenez, aurreko urteetako aurrekontu berari eutsi diote jaiak ospatzeko: hau da, 2,5 milioi euro.
Beste urte batez, musikak protagonismo berezia izango du, eta, orotara, ehun musika ekitaldi baino gehiago izango dira ohiko zortzi agertokietan: Abandoibarra, Plaza Barria, Gizakunde eliza, Bilborock, Casilda Iturrizar parkeko esparrua, Areatzako kioskoa eta Europa parkea.
Musika estilo guztiak
Eskaintza oso zabala izango da, eta musikari ezagunek parte hartuko dute: Bilbon izango dira, besteak beste, Antonio Orozco, Carlos Jean, Malu, Doctor Deseo, Russian Red, Eñaut Elorrieta, Korrontzi, Los Planetas eta Sara Baras. Gainera, musika klasikoak, pop-rock lokalak, bilbainadek eta berbenek ere tokia izango dute Aste Nagusian. Berritasun gisa, nerabeentzako kontzertuak antolatuko dituzte 20:00etarako, Europa Parkean. Hala, Abraham Mateo eta Sweet Californiaren emanaldiak ikusteko aukera izango dute.
Bestalde, su festen lehiaketa, umeentzako tailerrak, ohiko gastronomia txapelketak, bertsolariak, kultura ikuskizunak, erraldoi eta buruhandiak, herri kirolak eta familian edo lagunartean gozatzeko ekintzak egongo dira.
Antzerkigintzak espazio berezia izango du, eta nazioarteko eta etxeko taldeen lanak aurkeztuko dituzte. Guztira, helduentzako eta umeentzako 15 antzerki saio izango dira. Horietako lau obratan, keinu hizkuntza bidezko komunikazioa erabiliko dute, gorrek ere jaiez gozatu ahal izateko.