Glas eraikuntza izeneko eraikina inauguratu dute asteon Bilboko Errekalde auzoan. Hamalau etxebizitza ditu. Ametzola parkearen ondoan dago, Jaen kalean, Feveren salgai trenen trenbidea igarotzen den lekuan. Proiektuaren bultzatzaileak bizilagunak izan dira. Hau da, lehendik zeukatena txiki geratzen zitzaiela iritzita, etxe handiagoa egitea pentsatu zuten lagun talde bat. Lehenengo, proiektuaren bideragarritasuna aztertu zuten, eta, hurrengo, martxan ipini. Prozesuaren buruan ibili diren Carlos eta Marta Miret arkitektoak ere etxepe hartako bizilagunak dira.
“Bilboren eraldaketaren ikur izan den Guggenheim museoa eta Bruno Taut arkitekto alemaniarra omentzen saiatu gara”, azaldu dute biek. Hain zuzen, Tautek Kolonian (Alemania) daukan Kristalezko etxea izeneko eraikinaren antzik badu Bilbon egin dutenak, eta aurten ehun urte beteko dira hura eraiki zenetik. Hala, kanpotik ikusita bai museoa bai Alemaniako eraikina gogorarazten ditu Glas eraikuntza delako honek. Aurrerantzean auzoaren sinbolo bihurtu dute: “Errekalderen aldaketa urbanistikoaren ikur izatea gustatuko litzaiguke”, iragarri dute Miret neba-arrebek.
Inguruari erreparatuta ere, deigarria da oso. Izan ere, pabiloi industrialak ditu buelta osoan. Hain zuzen, Glas eraikuntza dagoen orubean ere bazegoen, eta hori eraikitzeko eraitsi zuten. Ibon Areso Bilboko alkatea egon da inaugurazio ekitaldian. Haren esanetan, gainontzeko pabiloiak 2018ra arte egongo dira zutik. Orduan hasiko dira botatzen.
Udalak inguru hori zaharberritu eta etxebizitzak eraikitzeko plana onartuta dauka daborduko. Berez, hasita egon behar lukete eraisketa lanek, baina Aresok onartu du krisi ekonomikoak atzeratzera behartu dituela. Eta, era berean, interesa duen promotorarik ere ez dago, oraingoz. Horregatik, zoriondu egin ditu sustatzaileak. “Kooperatiba moduan lan egitea krisiari aurre egiteko aukera ona izan da. Eta ekonomia suspertzeko, gainera, onuragarriak dira horrelako egitasmoak”.
Bi urteren buruan, hala ere, ingurua urbanizatzeko lanak bukatuta egongo dira. Izan ere, administrazioa trenbidea lurpean sartzeko beharrak egiten ari da gaur egun. Industria pabiloiak bota eta etxebizitza berriak eraikitzen direnean bukatuko da Ametzolako inguru horretako zaharberritze proiektua.
Ingurumenaren eta iraunkortasunaren aldeko apustua egin dute eraikitzeko lanetan. Eta behin eginda dagoela, etxe adimenduna izango da; hau da, energia aurrezten jakingo duena. Era berean, eraikin “modernoa” eta “teknologikoa” dela azaldu dute. Bilboko gainontzeko etxebizitzekin alderatuta badu beste ezberdintasun bat: teilatuan igerilekua daukan bakarra da.