AEBetako blues hotsak

Atzo Getxoko 26. Nazioarteko Blues Jaialdiko lehen notak entzun ostean, gaur eta bihar blues, jazz, soul eta erritmo elektrikoez gozatzeko aukera izango dute ikuskizunotara biltzen diren zaleek. Saioak Algortako Biotz Alai plazan egingo dituzte, eta sarrerak Algortako Kultur Etxean eta Kutxabanken salmenta sarean eskura daitezke.

Gaur, Smokin’ Joe Kubek & Bnois King bikotea ariko dira. Erritmo elektrikoak eta jazzaren eta soularen erako doinuak bateratzen dituzte bi artistek elkarregaz egiten duten lanean. Alor horretan aritzen den bikoterik interesgarrienetakoa da, eta hala aurkeztu dute jaialdiaren antolatzaileek.

Kubek, berriz, Texasko soinu elektrikoaren adierazgarri nagusietako bat da. Irvingen hasi zen, nerabe bat besterik ez zela, Dallasko kluben zirkuituan jotzeari ekin zion. Gitarra jotzaile trebea zen ordurako. Berehala ekin zion musikari ibilbideari: Johnny Winter, Stevie Ray Vaughan eta Albert Kingekaz batera jotzen hasi zen.

Bnois King 1989an ezagutu zuen jam saio batean. Jazzaren eta soularen eragina nahasten zituen Kingek: gitarra jotzean, jazzaren eragina nabaritzen zitzaion eta, abestean, ostera, soularena.

Dagoeneko 25 urte egin dituzte elkarregaz. Ez da Getxoko Blues jaialdian ikuskizuna eskainiko duten lehen aldia, gainera. Hain zuzen, 1999an ere izan ziren, eta oso harrera ona egin zieten entzuleek. Bataren eta bestearen gitarren fusioak biribiltzen du saioa. Hamar euro ordaindu beharko ditu kontzertu hori ikusi nahi duenak.

Kontzertu nagusia, bihar

Atzoko eta gaurko taldeen kontzertuen ostean, saio nagusiari ekingo diote bihar. Chicagoko blues doinuak izango ditu protagonista Biotz Alai plazako ikuskizunak. Chicago Blues: A Living History izeneko proiektua aurkeztuko dute.

Izenak berak iradokitzen duen bezala, Chicagoko bluesari omenaldia egiten dio taldeak. Hango soinuaren eredu diren hainbat musikari belaunaldiren lana ezagutaraztea da proiektuaren helburua.

Chicagoko musikari esanguratsuenetako batzuk osatzen dute taldea. Guztira, hamar artistak egin dute bat proiektu horretan. Besteak beste, Billy Boid Arnold eta Billy Branch ari dira harmonika jotzaile gisa; John Primer, Lurrie Bell eta Carlos Johnson, berriz, gitarra jotzaileak dira.

Musikari horiek guztiak behin baino gehiagotan aritu dira elkarregaz lanean. Atzokoaren antzera, gaurkoan ere, kontzertua ikusi gura duenak hamar euro balio duen sarrera eskuratu beharko du.

Euskal ordezkariak

Atzerriko musikariez gain, Euskal Herriko ordezkariak ere izango dira jaialdian. Izan ere, etxekoa izango da saio horiei guztiei bukaera emango dien talde. Medicine Blues euskal taldeak bere blues-rock erritmoak taularatuko ditu.

Saio horren agertokia, ordea, ez da Biotz Alai plazakoa izango. Algortako The Piper’s Irish Pubean izango da talde horren ikuskizunaz gozatzeko aukera. 23:00etan hasiko dute saioa, eta, antolatzaileek jakinarazi dutenez, sarrera doakoa izango da.

Nazioarteko Blues Jaialdia

Getxon egiten ari dira. Gaur eta bihar, hainbat kontzertu izango dira, 21:00etan, Biotz Alai plazan.