XIV. mendeko zaindari sendoa

Gotorlekuak ondo gorde du barruan duen altxorra. 140 metroko harresia berreskuratu dute Bermeon, Zarragoitin, agirien arabera gaztelua zegoen lekuan. Baina espero baino gutxiago aurkitu dute, oraingoz. Hiru urterako plana amaitu berri du indusketa lanen ardura izan duen Qark enpresako arkeologoen taldeak, Mikel Neiraren gidaritzapean. Harekin batera ibili den profesionalen taldeko kide da Leandro Sanchez. Sanchezek azaldu duenez, iparralderako harresi zatia berreskuratu dute. Osotara, hiru metro zabal diren harresi zatiak azaleratu dituzte, “oso ondo gorde diren harresi zatiak dira gainera”. Hegoalderantz eta ekialderantz jarraipena duen ustea dute arkeologoek, eta indusketa horiek hurrengo fase batean egiteko asmoa dute. Harresiaren trazadura bere osotasunean berreskuratu nahi dute. Horretarako, lan horiek egiteko txostena aurkeztuko dute adituek. “Gero, proiektua finantzatzeko gaitasuna duten erakundeek erabaki beharko dute lanak noiz egin”, iragarri du

Zarragoitin azaleratu dutena herriaren ondarea da, eta, adituen ustez, instituzioek herritarren eskura jarri beharko lukete. “Hala izango dela uste dugu”, sinetsi du. Zarragoitiko gaztelua eraiki zuten inguru horretan, eta harresia gaztelu hori babesteko egin zuten hipotesia aipatu du Sanchezek. “Itsasoari begira dago, eta gaur egun oraindik oso handia da inguru horrek duen balioa”. Zarragoitiko goiko partetik Bermeo osoa ikus daiteke. Beraz, Sanchezek dio inguru hori bisitatzeko aukera eman beharko luketela eskumena duten instituzioek. “Aztarnen balioa nabarmentzeko, plana garatu eta ondare historiko eta kulturala ezagutarazi beharko lukete”.

Adituek aztertu dituzten datu historikoen arabera, 1334. urteko dokumentu batek aipatzen du Bermeo osorik inguratuko duen harrizko harresia eraikitzeko agindua. “Badirudi gaztelua ere bazegoela. Izan ere, harresia eraikitzen amaitzeko gazteluko harriak hartzeko baimena eman zuen on Tello Bizkaiko jaunak. Hala ere, gazteluari erreferentzia egiten dioten dokumentu gutxi aurkitu ditugu”, esan du Sanchezek.

Zundaketa geoteknikoak egin zituzten harresiaren inguruko lursailean; baita indusketa lanak ere, gazteluaren aztarnak aurkituko zituztelakoan. Iaz egindako zundaketek, baina, emaitza negatiboak eman zituztela azaldu du Sanchezek. “Emaitza hori nahiko etsigarria izan zen guretzat. Buztin lurra da inguru horretakoa, eta zundaketek, tarteka, hutsuneak atzeman zituzten. Hori dela eta, pentsatu genuen gazteluaren aztarnak izan zitezkeela, gazteluaren espazio edo gelak izan zitezkeela lur azpian zeudenak, baina ez genuen halakorik aurkitu”, ekarri du gogora Sanchezek.

Zaintzarako gotorlekua

Zenbait aztarna, bai, aurkitu zituzten inguru hartan. “Baina oso gutxi, espero baino gutxiago”. Beraz, pentsatzekoa da harresia eraiki aurretik, noizbait, han gaztelu bat ere egon zela. Dena den, gaur-gaurkoz ezin izan dute holakorik baieztatu. Agian, hurrengo faseak bukatutakoan.

Zarragoitiko gaztelua aipatzen zuen dokumentazioa zuten; hori dela-eta hasi zituzten ikerketa lanak. Harresia eta dorreak aurkitu dituzte Zarragoitin, eta horiek, tradizioz, defentsarako gotorlekuekin lotu izan direla azaldu zuen ikerketaren buru Mikel Neirak. Adituek sortutako hipotesien arabera, Bizkaiko jaunek Zarragoitin zuten gotorlekua, eta gotorleku esaten zioten. Zertarako erabiltzen zuten zehazteko asmoz, denbora luzea eman izan dute gazteluaren historia ikertzen; baina, orain, indusketak egin ostean, gaztelu horren aztarna oso gutxi aurkitu dituzte. Dena den, harresiaren neurriak kontuan hartuta, baliteke Zarragoitiko gotorlekua zaintzarako erabiltzea: “Leku garai batean dago, itsasora begira eta ikuspen oso ona du”.