Kaltzada egoitzaren aldeko klasikoa urteroko zesta-punta partida garrantzitsuena izan da 1964tik hona. Azkenaldian, ordea, kirol horren gainbeherarekin batera, jaialdiak hasierako urteetako ospe eta fama galdu du. Horri buelta emateko, Gernika-Lumoko Jai-Alaik eta Euskal Pilota Federakundeak punta-puntako jaialdia antolatu dute gaur gauerako, Gernikako Jai-Alai pilotalekuan. 22:00etan hasiko da.
Aurtengo edizioan, munduko azken lau txapeldunak elkartu dituzte partida nagusirako. Alde batetik, Diego Beaskoetxea 2013ko munduko txapelduna eta Imanol Lopez arituko dira; bestetik, hamar aldiz munduko txapelduna izan dena, Iñaki Goikoetxea, eta Eric Irastorza. Goi mailako partida ikusteko aukera izango dute Gernikara joaten direnek. Antolatzaileak ziur daude frontoia bete egingo dela. Gonzalo Beaskoetxea Jai-Alaiko zuzendariak azaldu duenez, zaleek aspalditik espero zuten partida da: “Urte asko ibili dira honelako partida bat eskatzen, baina zaila da maila honetako lau pilotari batzea”. Partida nagusiaren aurretik, Barandika eta Lekerika gernikarrak Alberro eta Inza Iparraldeko bikotearen aurka arituko dira.
Musika eta omenaldia
Egunaren garrantzia azpimarratzeko eta jaialdiari bultzada berri bat emateko asmoz, Gernikako Jai-Alaik hainbat ekintza antolatu ditu egun osorako. Partidaren aurretik, Gernikako Gaudeamus koralak Jose Antonio Aranak Gernikako pilota eskolari osatu zion ereserkia abestuko du. Horren ostean, Alex Solozabal puntista ermuarra omenduko dute. Horrekin batera, Jai-Alain ibilitako pilotarien argazkien erakustaldia egingo da. Eguna girotzeko, jaialdian Audience Gernikako taldea zuzenean arituko da; eta El-Txef-A eta Fiakun Team DJaren emanaldiak emango dio amaiera egunari.
“Aurtongo Kaltzada klasikoa paregabekoa izango da, eta datorren urtean Euskal Federakundeak abiatuko duen proiektua ezagutarazteko balioko du”, azaldu du Beaskoetxeak. Egun berean, Gorka Bilbao Amerikanuak zuzendu zuen zinemagile gernikarra ere bertan izango da, zesta-puntaren inguruan grabatzen ari den dokumentalerako irudiak jasotzen.
Datorrenaren aurrerapena
Euskal Pilota Federakundeak jaialdi hau baliatu nahi du hurrengo urteko zirkuitu profesionalaren aurrerapen moduan. Mundu osotik zehar dabiltzan goi mailako pilotariak batu nahi dituzte zirkuitu bakarrean, eta, horretarako, Gernikakoa bezalako jaialdiak erabili nahi dituzte erakusleiho moduan. “Pilota munduan gabiltzanon %90ek proiektu hau aurrera ateratzea nahi dugu, beste behin kalitatezko jaialdiez gozatzeko aukera izan dezagun”, azaldu du Beaskoetxeak. Kirol honek duen egoeraren larria ikusita, pilotari eta antolatzaileek bat egin dute kalitatezko jaialdien beharrizanean.