Legegintzaldia hasi zenetik “ekimenik ez izatea” egotzi dio EH Bilduk Bilbaori

Legegintzaldiaren lehen hiru urteen balorazioan, EH Bilduk “estrategia falta eta utzikeria” egotzi dio Bizkaiko Foru Aldundiari. Azaldu du jokabide hori gobernu honen “gaitz” bihurtu dela. Koalizioak salatu du ez diela erantzunik ematen bizkaitarren behar nagusiei, baina interesatzen zaien gaietan, ostera, gai direla “zeru-lurrak astintzeko”.

Aldundiak, enpleguaren sustapena helburu nagusitzat finkatu bazuen ere, ez du Bizkaian enplegua sortzeko “estrategia argirik”, haien ustez. Irune Soto Bizkaiko Batzar Nagusietako EH Bilduko bozeramaileak azaldu duenez, Jose Luis Bilbaoren gobernuak abiatutako enplegu plan bereziak “ez du ekarri ezer berririk”, eta “100.000 langabetik aparte ezer gutxi” ikusi dute. Koalizioak uste du enplegu egonkorra sortzeko orduan “oso erabakigarria” dela sektore publikoaren bultzada, baina azaldu dute alde horretatik ezer gutxi egin duela diputazioak. Sotok adierazi du lan baldintzak okertzearen aurka ere neurririk ez duela hartu aldundiak: “Sindikatu eta langileekin batzeko trabak jarri ditu gatazka gehienetan”.

Behin-behineko erabakiak

Etxegabetzeen aurka hartutako jarrera ere gogor kritikatu du EH Bilduk. “Zer egin dute BBK-ko kontseiluko EAJren eta aldundiaren ordezkariek etxegabetzeen aurka? Ezer ez”, adierazi du Sotok. EH Bilduk gogoratu du kaltetuei laguntza psikologiko eta juridikoa ematea proposatu zuela, baina diputazioak ez duela neurririk hartu: “Foru aldundiak bere esku dituen 88 etxebizitza hutsak errazteko ere ez”. Sotok adierazi du gai horretan ere “herritarrenganako duen konpromiso falta” erakusten duela foru administrazioak.

Salatu dute pobreziaren arazoaren aurka behin-behineko erabakiak hartu dituztela prebentzioari lotutako neurriak eta politikak abiatu beharrean. Gainera, ohartarazi dute laguntzak murriztu dituztela eta horiek eskuratzeko baldintzak gogortu egin direla. “Hala ere, parte hartzerik ezak badu txanponaren kontrako aldea: BECen edo Bilbao Basketen dirua xahutzen jarraitzeko konpromisoa”.

“Gipuzkoaren arrastoan”

Zerga iruzurra eta aberastasunaren banaketa ere berbagai izan du EH Bilduko ordezkariak. Azaldu duenez, “aberastasuna banatzea inoiz baino beharrezkoagoa den honetan, Bizkaiko EAJk ez du indarrean jarri zerga politika aurrerakoi eta justurik”. Sotoren arabera, “EAJ, PSE eta PPren itunari esker, Bizkaian diruduna izatea merkeegi ateratzen da”. Alde horretatik, azaldu du Bizkaia “Gipuzkoaren arrastoan” doala politika hauetan, “beti begi bat jarrita hango gobernuak hartzen dituen erabakietan”. Horren inguruan, EH Bilduk azaldu du “gardentasuna eta gizartearen parte hartzea bultzatzen duen gizarte eredu bat” nahi duela.