Hormek hitz egiten dute

Inguratzen nauten hormei begira geratu naiz eta, haien atzean dagoenaz baino gehiago, agerian dagoenaz pentsatu dut. Zenbat mezu idatzi diren gure hirietako paretetan. Mutua behar lukeen harri handi bati ahotsa eman dio arteak. Gorra denari entzuten erakustea baino ez zaigu falta orain beharbada.

Espainiako Gobernuak 2001eko abenduaren 31n bertan behera utzi zuen derrigorrezko zerbitzu militarra egiteko agindua. Otsailaren 20an, intsumisioaren 25. urteurrena bete zen. Derrigorrezko zerbitzu militarra desagertu bada ere armadak bere horretan jarraitzen du. Usurbilen oraindik irakur daiteke “Ejerzitoari eta erdarari intsumisioa” aldarrikatzen duen mural erraldoia. Herri bateko historiaren lekuko da. Leku edo eremuak mugatzen dituzte hormek, harresiak maite ez baditugu ere lau hormen artean bizitzera kondenatua gaude. Eskari asko egin dira hormen bitartez, auzokideak errespetatzeko, hormak zabaltzeko, espetxeak apurtzeko, ongietorriak emateko… Gertakarien berri eman digute paretetako mezuek, periodikoetan agertzen ez diren titularrak handi irakurtzen ditugu. Euskal Herriko hormak gizartean gertatzen denaren isla dira. Agian gure herriko gatazka islatzen duten muralak egiteko horma sortu beharko genuke Ipar Irlandan moduan. Baina gure hormetako mezuek ez dute hogeita lau ordu irauten. Bilboko arautegiak aginduta hiria garbi mantentzearen helburuarekin goizero-goizero zuritzen dituzte hormak. Grafiti eta holakoak debekatuta daude. Astero-astero, lan handia izaten dute kaleen garbiketaz arduratzen direnak, baina alferreko lana izaten da; hormak zikintzeko garai bizia dugu.

Bilbotik Beasainera bisita egin berri dugu, bertako Gaztetxeak aurten hamar urte betetzen baititu. Pintura usaina zegoen, kaleko arteak izan ziren protagonista; grafitiak hain zuzen. Su-itzalgailuekin pintadak egiten ikasi, gaztetxea pintatu eta kaleko arteaz aritu ziren Igor Rezola Dizebi, Jon Rezola Zaldi Urdina eta Xabier XTRM. Esparru zabala da Grafitiena, batzuek sinaduraz bete nahi dute hiriko txoko guztiak, beraien nortasuna gizartean usteko, beste batzuek muralak egiten dituzte, hormak museo erraldoi bilakatuz.

Behin irakurri nuen Shanghain maitasun gozoaren kalea dagoela. Bertan amoranteek errotulagailuz maitasun mezuak uzten dituzte. Horrelako kale zulo bat botatzen dut falta gurean. Gaur egun ezer ez da betiko, beraz, erreparatu dagiogun begi bistan daukagunari. Hormek hitz egiten dute, baina entzuten al diegu?