Historiaren antzezlana

Ezkerraldeko industriaren historia ezagutzera emateko modu berezia prestatu du, aurten ere, Barakaldoko Udalak. Itsasadarrean barrena, ontzi batean, bisita gidatuak egingo dituzte. Horrez gain, antzerkia baliatuko dute historiako pasadizo horien kontakizuna modu dibertigarriago batean egiteko.

Aztergai izango dituzte, besteak beste, Bizkaiko Labe Garaietako beharginen bizimodua eta etxebizitzen ezaugarriak, garai hartako langileen grebak, zamak eramaten zituztenen baldintza kaskarrak eta meatzetako protestak. Gai horiek aktoreek eurek interpretatuko dituzte.

Uztail eta iraileko sei zapatutan izango da aukera bisita gidatu horietan parte hartzeko. Lehenengoa, bihar; horren ostean, uztailaren 19an eta 26an eta irailaren 13an, 20an eta 27an izango da horretarako modua. 11:00etan atera eta 13:00ean itzuliko dira lurrera. Hala ere, arazoak saiheste aldera, antolatzaileek gomendioa egin dute ordu laurden lehenago han egoteko: 10:45ean, hain zuzen. Irteera eta helmuga lekua berbera izango da beti: Portuko kaia, Erandiora joateko ontzia hartzen den lekuan bertan.

Bisitaren prezioari dagokionez, helduek bi euro ordaindu behar dute; erretiratu, pentsiodun eta 7 eta 12 urte arteko umeek, euro bana; 0 eta 6 urte artekoak, azkenik, doan ibiliko dira.

Bisita gidatu horietan parte hartzeko, izena eman behar da. Interesa dutenek herritarren arreta zerbitzura deitu behar dute. Barakaldokoak bertakoak direnek 010 telefono zenbakira deitu behar dute; handik kanpokoek, 94-478 92 00 zenbakira. Kontuan hartu behar dute lekua mugatua dela: itsasontzian ez dira sartzen 50 lagun baino gehiago.

Antzezlanetan, Barakaldoko El Pulmon de Gaia kultur elkarteko aktoreak ariko dira. Gidarien azalpenen ostean aurkeztuko dute lana, historia kontakizunak dibertigarriago bihurtze aldera.

Adituen laguntza

Barakaldoko industrializazio garaiaren nondik norakoen berri emateko, hainbat iturri eta era askotako laguntza izango dute. Batetik, Ezagutu Barakaldo programan jarduten duten gidari berezituek parte hartu dute. Bestetik, CIHMA-Luis Choya Almaraz guneko eta K-Barakaldo aldizkariko adituen batzordeko kideen laguntza ere badute. Elkarlanean prestatu dute informazioa.

Historiari lotutako bisita gidatu horiek, Barakaldoko Udalak antolatu baditu ere CIHMA-Luis Choya Almaraz interpretazio gunearen bitartez, Bilboko Portua eta Itsasadarra fundazioak finantzatuta daude: 9.983 euro jarri ditu jarduera horretarako.

2006an abiatu zuen udalak bisita gidatuen programa bat, Barakaldok historia eta ingurumenari dagokionez duen ondarea ezagutzera emateko. Besteak beste, Ramon Rubial lorategi botanikoa, Errekatxoko meatzaritzako aztarnak eta Ismael Gorostiza arkitektoak egindako eraikinak bisitatzeko jarduerak antolatzen ditu, orduz geroztik. 2012an, Ezagutu Barakaldo izeneko jarduera horren barruan, itsasadarrean egiten ziren bisitetan antzerkia barneratzeko aukerari ekin zioten estreinakoz.

Barakaldoko historia ezagutuz

Bisita gidatuak eta antzeztuak antolatu dituzte bertatik betara ezagutzeko Barakaldoko industrializazio garaiko historia; uztail eta iraileko zapatuetan izango dira.