Etxean geratzeko esaten ari zaigu udala?

EH Bildu eta Bilgune Feministako kideok kezka handiz ikusten dugu emakumeok indarkeria pairatzen segitzen dugula, baina are larritzen gaitu gizartearen egiturazko arazo horri heltzeko Bilboko Udalak hautaturiko ikuspegiak eta abian jarritako neurriek.

Esaterako, udaleko Segurtasun Sailak ustez eraso sexistei aurre egiteko Emakumeentzako gomendio bilduma jasotzen duen liburuxka kaleratu du. Eskuorri horretan emakumeei esaten zaigu arriskupean bizi garela, pertsona menpeko eta biktima garela, kalea eta gaua arriskutsuak direla, eta, beraz, gauez kalean egotekotan, hobe dugula lagundurik egon.

Baina, kontuz! Mezu horien bidez, udalak ez gaitu emakumeak babesten. Biktima bihurtzen gaituen beldurrezko giroa sustatu baizik ez du egiten, eta erasoren bat jasatekotan, emakumeok egiten gaitu horren erantzule, arduragabe jokatu eta hartu beharreko neurriak hartu ez ditugulako. Beraz, biktimaz gain, emakumeak errudun bihurtzea dute helburu mezu horiek; geure burua babesteko neurri beharrezkoak hartu ez izanaren errudun. Hartara, egiturazkoa den indarkeria baten erantzule egiten gaituzte. Egiazko helburua beste bat baita: emakumeen gaineko gizonen kontrola ahalbidetzen duen sistema legitimatzea eta iraunaraztea.

Bestela, nola uler daiteke eraso sexistei aurre egiteko erantzukizuna emakumeengan kokatzea udalak? Pertsona guztiontzako segurua eta egokia izango den hiriaren antolamenduan udalak berak du erantzukizun nagusia, eta Segurtasun Sailak kaleratutako liburuxkak aipatu ere ez du egiten. Halaber, ezertxo ere ez dio indarkeria matxistaren nolakotasunez, erasotzaileez edota indarkeria kasuen aurrean beste alde batera begiratzea erabakitzen duten horiez. Gizarteak eman beharreko erantzun zabal eta tinkoaz. Ezertxo ere ez dio, noski, instituzioek indarkeria matxista desagerrarazteko duten erantzukizunaz eta berau eteteko bidean abiatu beharko lituzketen politikez. Horren ordez emakumeak egiten gaitu jasan dezakegun indarkeriaren biktima eta erantzule.

Izan ere, besteak beste, argiztapen eta ikusgarritasun gutxi duten eremuak ekidin behar ditugula esaten digu udalak, igogailuan pertsona ezezagunekin ez sartzeko eta autobusean edo jende pilaketak ematen diren tokietan ukituak jasanez gero, kalteturik aterako ez garen moduan jokatzeko.

Horiek guztiak irakurrita, honako galdera hauek dauzkagu udaleko arduradunentzat: Zein da egiazki udalaren helburua? Zer bilatzen du, etxean gera gaitezen eta gauzak egiteari utz diezaiogun? Gure askatasunari uko egin diezaiogun? Ez gaitezen inortaz fio edozeinek eraso ahal digulako? Norbaitek ukituak eginez gero, isilik gera gaitezen badaezpada zerbait gertatuko zaigun? Benetan hori guztiori ari zaigu esaten Bilboko Udala? Onartezina benetan!

Salatu behar dugu emakumeontzako segurua izango den hiria eraikitzeko duen erantzukizunari uko egiteaz gainera, urteetan mugimendu feministak eginiko lana gutxiesten ari dela. Eraso sexistak oso bestela interpretatu behar dira, eta oso bestela aurre egin behar zaie. Autodefentsa Feministaren bitartez egitea planteatzen dugu, hain zuzen.

Autodefentsa Feminista geure bizitza bizitzeko modu bat da ahalduntze eta jabetze pertsonal zein kolektibotik. Bizitzako eremu guztietan sufritzen ditugun diskriminazio eta bereizkeria prebenitu eta horiei aurre egiteko balio digu, eraso sexistei aurre egiteaz gain. Helburua ez da soilik defentsa pertsonalerako zenbait teknika ikastea. Hori ere bai. Baina batez ere, geure burua guk geuk defendatzeko gaitasuna are indartzeko teknikak ikastean datza Autodefentsa Feminista, geure bizitza guk geuk erabaki ahal izateko. Hartara, gai izango gara jarrera matxistak inolaz ere ez onartzeko, eta egoera zailenetan errespetua exijitzeko.

Zentzu horretan, sinetsita gaude Bilboko Udalak eraso sexistei aurre egiteko darabilen politika berrikusi egin behar duela. Ezinbestekoa da emakumeak biktima eta pertsona menpeko eta segurtasunik gabeko bihurtzen gaituen diskurtsoa, beldurrean eta debekuan oinarriturikoa, gainditzea. Eta gaiari ikuspegi feministaz heltzea.

Emakume guztiek jasan dezakegu eraso sexistaren bat, baina gure gaitasunaren zenbat eta jabeago izan, zenbat eta kontzientziatuago egon, orduan eta aukera handiagoa izango dugu eraso sexistei aurre egiteko. Eta Autodefentsa Feminista kontzientzia eta gaitasun hori lortzeko bitartekoa da, eraso sexistei aurre egiteko tresna.

Auzoetako jaiak hasi eta abuztuan Aste Nagusia datorrenez gero, eta kontuan hartuta mota honetako erasoak sarri aisialdi espazioetan ematen direla, liburuxka batzuk landu ditugu EH Bildu eta Bilgune Feministako kideok: Info Bilbo Feminista. Modu honetan udalaren mezuei aurre egin, eta oso bestelako mezuak zabaldu nahi dugu. Argi utzi geure burua babesteko eta defendatzeko gai garela, eta kalea zein gaua gureak ere badirela. Eta argi utzi, halaber, Autodefentsa Feminista dela indarkeria matxistari aurre egiteko bidea. Eta ez, izua eta debekua.