Bizkaiko lau enpresak —BATZ, Cikautxo, Ekin eta Maier— eta Gipuzkoako bik —Elay eta GKN— eskatuta, Elhuyar fundazioak Automobilgintza Hiztegia eratu du. Garbiñe Alkiza (Donostia, 1979) da proiektuaren koordinatzailea.
Zein beharrizanek bultzatu dute Automobilgintza Hiztegiaren proiektua?
Oro har, gaur egungo globalizazioaren aroan automobilgintza enpresek nazioarteko merkatura salto egin izanak bultzatu dute. Nazioartean hizkuntzekin edo hornitzaileekin harremanetan egoteko izan ditzaketen arazoei aurre egiteko terminologia bateratu bat eratzeko beharra ikusi dute sei enpresa horiek.
2.637 kontzeptu jaso dituzue 16 arlotan sailkatuta. Zelan eta zeren arabera aukeratu dituzue terminoak? Eta nola egin duzue sailkapena?
Sei enpresek euren dokumentazio teknikoa bidali digute. Guk, dokumentu horietatik hizkuntza teknologiak erabiliz, modu automatiko batean gehien erabilitako terminologia erauzi dugu. Sei enpresotako terminologiak alderatu egin ditugu; maiztasunak ateratzea deritzogu prozesu horri. Termino berbera, gutxienez, bi enpresatan agertzen bazen, hiztegian jasotzeko modukoa zela iruditu zitzaigun. Horrez gain, enpresei aukera eman diegu bakoitzak erabiltzen duen terminologiatik 250 kontzeptu aukeratzeko. Arloei dagokienez, eremu zuhaitza osatu behar genuen, arloka sailkatzeko. ACICAE klusterrak proiektuak eta teknologiak sailkatzeko daukan metodologian oinarritu dugu eremu zuhaitz hori. Ostean, moldatu egin dugu enpresa horien beharrizanetara.
Hiztegia Interneten dago.
Bai, sarean soilik dago; ez dago papereko ediziorik.
Hasieratik izan duzue argi sarean jartzea beharrezkoa zela?
Bai, hasiera-hasieratik. Iruditu zitzaigun edonork edozein lekutatik kontsultatzeko baliabide bat izan behar zuela. Eta librea; horri garrantzi handia eman diogu. Sei enpresa horiek aukera zuten hiztegia euren intranetean jartzeko eta informazioa beraien bezero eta hornitzaileekin bakarrik banatzeko. Ikuspegi orokorragoa izan zuten, ordea, eta gizartearen esku jartzea erabaki zuten.
Bertoko zein kanpoko enpresentzat izango da erabilgarria?
Bai, noski. Baita erabiltzaile arrunt batentzat ere. Automobilgintzari buruzko edozein termino kontsulta dezake tailerretako mekanikari batek, itzultzaile batek zein beste edonork.
Kontzeptuak euskaraz, gazteleraz, ingelesez, frantsesez, alemanez eta txineraz jaso dituzue. Zergatik aukeratu dituzue sei hizkuntza horiek?
Automobilgintza sektorea sei hizkuntza horietan aritzen delako. Merkatu horretan sei hizkuntza horiek erabiltzen dira. Enpresek beraiek ere behar hori ikusten zuten, eta hala eskatu digute.
Zaila izan al da hiztegia osatzeko prozesua?
Elhuyarrek bazituen hiztegi teknologikoak eginda honen aurretik. Guretzako berriena eta korapilatsuena, agian, izan da sei enpresagaz batera lan egitea: sei enpresotako dokumentazioa jaso, sei enpresak koordinatu…
Txinera eta alemana hizkuntzak, gainera, orain artean ez ziren ohikoak gure lanean. Beraz, lan handiagoa eskatu digu bi hizkuntza horiek gure datu basean integratzeak. Erronka ere izan da guretzat.
Pozik emaitzagaz, beraz?
Oso pozik. Guretzako pauso handia da era horretako hiztegi bat osatzea, oso teknikoa. Automobilgintza ondo doan sektorea da, eta nazioartean ondo kokatuta dago. Elhuyarrek sei hizkuntzatan argitaratu den hiztegi batean parte hartzea garrantzitsua da.
Apurka kontzeptu berriak ere jaso beharko dituzue.
Hori da. Hemen 2.637 kontzeptu sartu ditugu, baina gehiago geratzen zaizkigu. Aldiro gehiago sartuko ditugu.
Enpresetan zer-nolako garrantzia du terminologiak?
Garrantzitsua da zientzia terminologiak enpresetan sartzea. Argitu behar da terminologiak ez direla bakarrik hizkuntzalarientzat, itzultzaileentzat… Agerian geratu da enpresetan ere baliagarriak direla. Are gehiago, enpresek eurek ikusi dute behar hori. Hiztegi honek beraien eguneroko lana erraztuko du.
Zuei ere beste bide bat zabaltzen zaizue era honetan.
Bai. Guk aspaldi ikusten genuen bide hau, eta gure diskurtsoetan esaten dugu terminologia oso garrantzitsua dela: bezero zein hornitzaile bategaz aritzeko eta elkar ulertzeko, salerosketa prozesuak gauzatzeko edo lanean jarduteko hizkuntzen kudeaketa on bat izatea oso garrantzitsua da. Terminoak bateratzea oso baliagarria da horretarako, komunikazioa eraginkorragoa izateko.