Udako kultura egitarauaren barruan, Bizkaiko Foru Aldundiak datozen asteetan aukera emango du bertatik bertara ezagutzeko herrialde historikoan dauden hainbat aztarna arkeologiko. Besteak beste, Busturialdean elkarren ondoan dauden hiru gune bisitatu ahal izango dira, gidari batek lagunduta: Ereñozarko gaztelua (Ereño), Foruko erromatar herria eta Arrolako oppiduma (Nabarniz). Bisitak tren turistikoetan egingo dira, eta hiru lekuetako bakoitzak bere egutegi eta ordutegia dauzka. Bisita bakoitzean hamabost lagun bakarrik joan daitezke, hori baita trenean sar daitekeen bidaiari kopurua. Horregatik, ezinbestekoa da aurretik izena eman eta txanda hartzea. Horretarako, Gernika-Lumoko Euskal Herria museora deitu behar da. Azalpenak euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez emango dira.
Ereñoko Ereñozar mendian dago San Migel baseliza. Urdaibai gobernatzen duen talaia da. Haren inguruko aztarnategiko ikerketa arkeologikoek Erdi Arotik gaur egunera arte doan sekuentzia historikoa egiaztatzen dute. Garai hartako aztarnarik aberatsenetakoak ditu Ereñozarrek. Bisitariak Erdi Aroko gazteluez eta haranak zaintzen zituzten gotorlekuez gehiago jakingo du bisita bukatutakoan, eta baita arbasoen bizimoduez eta sinesmenez ere.
Hil honen 14an, 19an, 24an, 27an eta 30ean egongo da bisitatzeko aukera; abuztuan, berriz, 1ean, 4an, 9an, 14an, 17an, 20an, 22an, 25ean eta 29an egingo dituzte bisitak. Tren turistikoa Ereñoko plazatik abiatuko da. Egun horietako bakoitzean, bi bidaia egingo ditu Ereñozarrera: 11:00etan eta 17:00etan.
Herriaren izenak berak ematen du jatorriaren berri: Forua. Erromatarrek Bizkaian izan zuten kokagunerik garrantzitsuenaren aztarna da. Elexalde mendixkan zegoen inperioaren parte zen herrixka, eta gaur egun haren hondarrak. Garai hartako biztanleen bizimoduak ezagutzeko baliagarria da oso. Kantaurialdeko ekialdean dagoen aztarnategi induskatu eta finkatu zabalena da; baita herrialde historikoan dauden zabalenetako bat ere. Informazio iturri paregabea izan da ikerlarientzat, eta ondo baino hobeto kontserbatu dute.
Domekan egongo da bisitatzeko aukera. Hurrengoak 16an, 18an, 21ean, 26an eta 28an izango dira; abuztukoak 3an, 6an, 8an, 11n, 16an, 21ean, 24an , 27an eta 31n egingo dituzte. Trena Gernika-Lumoko Euskal Herria museotik abiatuko da egunotan, 11:00etan eta 17:00etan.
Burdin Aroko gotorleku garrantzitsu baten aztarnategia da Arrolako oppiduma. Lurralde historikoko aztarnategi protohistorikoetako bat da, eta bigarren Burdin Aroko bizimodua erakusten du. Garai hartan ohikoak ziren halako gotorlekuak, baina Nabarnizkoa da ikaragarrienetako bat Kantauri aldeko kostalde osoan. K.a. IV. eta k.o. I. mendeen artean bizi izan ziren han.
Era bitara egin daitezke bisitak. Oinez, hilonen 27an eta abuztuaren 17an; 10:00etan abiatuko dira, Arratzutik. Trenez, berriz, 17an, 20an, 23an, 25ean, 31n, eta abuztuaren 2an, 7an, 10ean, 13an, 15ean, 18an, 23an, 28an eta 30ean izango dira, 11:00etan eta 17:00etan, Nabarniztik.