“Kontserba” bati galderak

Marissa Alexanderrek tiro egin zuen pistolarekin, airera, ostikoka ospitalera hainbatetan bidali zuen senarra uxatzeko. Jacksonvilleko epaitegiak, Floridan (AEB), urruntze agindua ezarri zion gizonari, baina ez zen agindua urratzen zuen lehen aldia, ezta bigarrena ere. Tratu txar emailearekin semea eduki berria zuen emakumeak, eta, bere buruarengatik baino gehiago, haurtxoagatik estutu zituen hortzak inoiz baino fuerteago.

Ukabilkadak, zartakoak eta ostikoak Alexanderren aurpegira, sabelera eta bularrera ailegatu ziren. Tiroa zeruan galdu zen. Jakcsonvilleko epaitegiko emakumezko epaile kontserbadore batek, orain, hogei urterako sartu gura du Alexander kartzelan, eta, hara paradoxa, aitari eman gura dio semearen zaintza. “Epaile kontserbadorea”, hori da egunkariek gehien azpimarratzen dutena eta ulertzen zailen egiten zaidana.

Espainia eta Frantziako auzitegietan ere epaile kontserbadore eta progresistak daude. Zelanbait, ADNan daramaten tendentzia aldaezin batek gidatzen ditu justizia emaileak. Kontserbadoreak eta “progreak”. Tamalez, gizartera ere egin du jauzi pertsonak etiketatzeko tendentzia horrek.

“Progreak” dira emakumeak, historikoki, marjinatuak izan direla onartu egiten dutenak eta horri, denon artean, denon onurarako, aurre egin behar zaiola uste dutenak. “Progreak” dira, zergen harira, gehien duten horiei gehiago eskatzea zentzuzkotzat hartzen dutenak, gerora, eskasian bizi direnak lagundu ahal izateko. “Progreak” dira, Espainia aldean, euskaldunok euskaraz bizitzeko eskubidea dugula ulertzen dutenak. “Progreak” dira, Parisen, estatu bako nazioei burujabetza eskubidea aitortzen dietenak. “Progrea” da Willy Toledo aktore madrildarra, Arnaldo Otegik kartzelan behar ez lukeela esateagatik. “Progreak” dira mugimendu ekologistetan parte hartzen dutenak.

“Progrea” zara, baldin eta uste baduzu immigranteek bizitza duina merezi dutela. Afrikar, hegoamerikar edo errumaniar bat ikustean, emigratu behar izan zuen zeure senide edo lagun baten amona ikusten duzunean. “Hori neu ere izan ninteke”, pentsatzen baduzu, orduan, “progrea” zara. “Progrea” zara gizon batek gizon batekin bizi eta haur bat adoptatu gura duela jakitean pozten bazara.

Orduan, neure buruari galdetzen diot: “Progreak” humanistak, zuzenak, bakezale eta maitasunaren aldekoak, zentzudunak eta solidarioak badira, zer dira kontserbadoreak? Bihozgabe, anker-oker, zentzu bako, biolento eta berekoiak? “Kontserba” bati galdetu nahiko nioke, haiek asmatutako berba baita “progre”. Agian, azaltzen jakingo du.