Arte eszenikoen topaleku eta agertoki bihurtuko da Elorrio, gaur hasi eta uztail osoan. Asteburu guztietarako askotariko ikuskizunak antolatu ditu Arriola antzokiak Musikaire jaialdiaren bitartez; denak doakoak dira.
“Mazedonia” gisa deskribatu dute jaialdiaren egitaraua. “Eklektiko samarra delako, edozein formatu sartzen delako”, azaldu du Aitor Iriartek. “Uda sasoian mazedonia eta gauza freskagarriak” egoki direla eta, “hainbat fruitu nahastuz, koktel polit eta gozoa” ateratzen dela pentsatuta jarri diote adjektibo hori. Izan ere, egitarauari erreparatuta, denetarik dago: pop musika, musika afrikarra, jazza, folka, opera-rocka, antzerkia, dantza garaikidea… “Formatu guztiak sartzen dira”, zehaztu du.
Euren asmoa da elorriarrentzat kultura ohitura bihurtzea. “Ez da zertan asteburu batean eskaintza osoa eman eta gero urte osoan basamortu baten modura utzi herria”.
Kalera aterako dute, beraz, egunotan kultura. “Kontzertuak izan beharrean, errezitaldi bihurtzen dira musika ikuskizunak. Saioak egiten diren jauregien ezaugarriek harrigarri bihurtzen dute jaialdia”.
Agertokiaren arabera hainbat formatu aukeratu behar izaten dituztela azaldu du Iriartek. “Jauregietan ezin dezakezu burrundararik sortu. Beraz, leku horietara Carmen Sosa bezalako norbait ekarri behar duzu. Artista lasaiak. Plazak beste formatu batzuk ametitzen ditu: dantzagarriak edo bestelakoak”, zehaztu du. “Musika gustuko duenak gozatzeko aukera apartekoa izango du gurean”.
Jaialdian 10.000tik gora lagun elkartzen dira urtero batez beste. “12 ikuskizun dira, eta bakoitzak 700 eta 800 ikus-entzule artean izango ditu. Hala ere, Kepa Junkerak zein Manelek jende gehiago erakar dezakete. Plazako ikuskizunetako ikusleak kontrolatzea ere zaila da. Ikusleak konforme geratuz gero, oso pozik egongo gara gu. Ez diegu askorik erreparatzen estatistikei”.
Photo Horma
Ikuskizun horiez gain, Elorrioko Argazki Taldeari eskatutako 32 argazkirekin Photo Horma eratu dute. “Formatu handiko” argazkiak dira. Plazan bertan dagoen horma handi batean ipiniko dituzte.