Mendiko zaletasunaz eta paseoaz gain, jarduera berri bat lekua hartzen ari da. Nordic walking edo martxa nordikoa deritzon kirola, hain zuzen. Gero eta gehiago hasi da egiten Euskal Herrian, eta Bizkaian, esaterako, bi herritan eskaintzen dituzte hura lantzeko aukerak: Areatzan eta Gorlizen. Azken horretako gunea oraintsu inauguratu dute.
Martxa berezi horrek Europa iparraldeko herrialdeetan du jatorria, Beatriz Fernandez Hierro Nordic Walking zentroen koordinatzaileak azaldu duenez. Finlandian, batez ere. “1930eko hamarkadako iraupen eskiatzaileek praktikatzen zuten, elurrik ez zegoen denboraldietan, euren entrenamenduekaz jarraitu ahal izateko”.
Makila berezi batzuk besterik ez da behar martxa horretarako. Tekniken nondik norakoak ezagutzea ere beharrezkoa da jarduera behar bezala gauzatzeko. Izan ere, martxa hori baliatuta, “gorputzeko muskulu guztien %90 mugiaraz daitezke”, Fernandezen esanetan. “Horretan datza paseoan aritzearen edota martxa nordiko hori praktikatzearen arteko desberdintasuna”. Hanketako muskuluez gain, “gorputzaren goiko aldea ere lantzen da: besoak, abdominalak eta bestelakoak”. Hori guztia, bastoiei eta teknika berezi bati esker.
Nazioartean teknika eta eskola desberdinak daudela ekarri du gogora koordinatzaileak: “Guztiek, baina, oinarri berberak dituzte: gorputzaren jarrerak du garrantzia batzuetan zein besteetan. Hau da, ahalik eta jarrera onena lortzean dago gakoa, eta jarreraren zuzenketan datza teknika. Modu egoki batean zapaldu behar da lurra. Horrez gain, makilak erabilita, gorputzari aurrerantz bultzatzen zaio. Beraz, gorputzaren goiko aldea mugiarazten da, eta makila ez da bermatzeko soilik erabiltzen, mendi martxetan eta norbaitek oinez ibiltzeko zailtasunen bat duenean egin ohi den bezala”.
Gorliz eta Areatzan lantzen
Teknika horiek ikasteko ikastaroak eskaintzen ditu Nordic Walking Guneak. Horrez gain, zentro berri bat zabaltzen duten bakoitzean, aurkezpen egunean doako hastapen ikastaro bat egiten dute. Oraingoz, Gorlizko eta Areatzako udalak baino ez zaizkio atxiki proiektuari. Aurten zentro gehiago zabaltzeko asmoa dutela iragarri du Fernandezek, baina oraindik ezin izan du gune horiek kokatuko dituzten herrien izenik aurreratu. Abuztura begira zenbait ikastaro izango direla jakinarazi du, gainera. Horietan parte hartzeko, ordaindu egin beharko da, ordea.
Proiektuagaz bat egiten duten udaletan informazio gune bat kokatzen dute, jarduera hori garatu gura duenak ibilbideei eta bestelakoei buruzko informazioa jaso eta makilak alokatzeko aukera izan dezan. Gorlizen turismo bulegoan jarri dute informazio gunea; Areatzan, bestalde, igerilekuetan dago kokatuta. Orain artean, guztira, batean eta bestean, kirol mota hori praktikatzeko bederatzi ibilbide finkatu ditu Nordic Walking guneak. Gorlizen bost daude, eta Areatzan, lau.
Bakoitzaren ezaugarrien arabera, kolore bat edo beste ezartzen zaio ibilbideari: berdea, urdina, gorria eta beltza dira koloreok. “Berdea egiten errazena da, eta beltza, esfortzu gehien eskatzen duena”, azaldu du Fernandezek. Irizpide desberdinak hartzen dituzte kontuan maila horiek finkatzeko orduan. Besteak beste, “kilometro kopurua, mailen arteko desberdintasuna zein bide-zoru mota”. Ezaugarri horiek guztiak kontuan hartuta, “zailtasuna nolabait neurtzeko laburpen antzeko bat” egiten dute. Beraz, “pertsona batek Gorlizen ibilbide urdin eta berdeak egiteko gaitasuna badu, Areatzara baldin badoa, jakingo du han ere ibilbide urdin eta berdeak egin ahal izango dituela”.
Nordic Walking Guneko kideek “betiere ibilbide berdeetatik hasteko gomendioa” egiten dute, eta gero igarotzea besteetara. “Horrela, bakoitzak ikusiko du zein ibilbide dagokion eta zeinetan ari den gusturen. Helburua ez da bide zailenera jotzea, martxa praktikatuko duenak gehien gozatuko duen lekua aurkitzea baizik”, zehaztu du. Ibilbide gehienak hasten diren lekuan informazio panel bat dago. Informazio guneetan, gainera, mapa bat ere jaso dezakete kirolariek. “Ibilbide guztiak zirkularrak dira”, azaldu du.
Areatzako ibilbideen kilometro kopurua ondokoa da: Orozko bideak 2,1 kilometro ditu; Iturrimorrok, 2,7; Solozarrek, 9,2; eta Upok, azkenik, 9,6. Gorlizi dagokionez, Astondo ibilbideak 2,6 kilometro dauzka; Billano lurmuturrarenak, 3,8; Larraganek, 3,3; Kostaldeko ibilbideak, 5,9; eta Ermuak, 7,6.