Urbanizatu ezin diren gune askotan etxebizitza ugari egin izan dira urte luzetan, Bizkai osoan. Legeak horretarako aukera uzten du, baldin eta inguruan baserriak dauden. Herri gunetik aparte dauden baserriek landa eremua sortzen dute, eta bertan nekazaritza zein abeltzaintzarekin loturarik ez duten etxebizitzak eraikitzeko aukera ematen du araudiak. Foru aldundiak berak aitortu du iraganean eraikin asko egin zirela aukera hori aprobetxatuz. Datorren abuztuan, ordea, aukera edo zirrikitu hori erdira itxiko da, diputazioak Bizkaian dauden landa eremuen zenbaketa bat egin baitu, eta orain arteko 540 guneetatik 213k jarraituko dute izendapenarekin. “Gero eta desegokiagotzat hartzen da urbanizatu ezin diren lurzoruetan egoitza hazkundea egotea”.
Neurri horrek izan ditzakeen ondorioen aurrean, Ane Miren Magro hirigintza arloko abokatuak argi azaldu du: “Ondorio argi bat ekarriko du neurriak: urbanizatu ezin den lurretan ez dela eraikin berririk egingo. Salbuespena landa eremuetan eraikitzea baldin bazen, eta aukera hori erdira jaitsi baldin bada, gehiegi zeuden seinale delako izango da”. Horregatik, eremu naturalak “babesteko” neurria dela uste du.
Baina, finean, legea betetzen soilik ari da foru aldundia. Hala diote Euskal Herriko arkitektoen elkargo ofizialeko hirigintza saileko iturriek. Eusko Jaurlaritzak 2006. urtean onartu zuen Zoruaren Legeak landa eremuak definitu zituen, eta horien zenbaketa bat egin behar zela ebatzi. Araudiaren arabera, 6 eta 25 baserri arteko auzuneek osatzen dute landa gune bat, eta eremu horien jaitsiera legearen ondorio dela berretsi dute. Alegia, irizpide horiei jarraituta egin den “zenbaketa soila” dela diote elkargoko kideek. “Iraganean egindako zenbaketak nahasgarriagoak dira, aurreko legea 1998. urtekoa baita, baina herri askok daukaten hirigintza plana lehenagokoa da”. Hau da, legeak gauza bat zioen arren herri batzuek bere zenbaketa eginda zeukatela. Horregatik, zenbaketa berri honek irizpide bateratuak hartuko ditu kontuan. Erdira jaitsi dira Bizkaiko landa eremuak, legeak berak “muga gehiago” ezarri dituelako.
Hala ere, arkitektoen elkargoak bat egin du Magrok azpimarratutako puntu batean. Alegia, ingurunea zaintzeko neurri bat dela. “Legea hirien hazkunde geldoa ekiditeko eginda dago. Alde horretatik, ingurunearekiko errespetua hasierako hitzaurrean bertan biltzen du, eta berritasunen artean har liteke landa gune bat onartzeko gutxieneko etxebizitza kopuru bat zehaztea”. Horregatik, legea bera betetzeak ingurunearekiko berme bat eskaintzen duela nabarmendu dute.
Araudi berriak ingurunearekiko errespetua berresten duen heinean, herrien garapenak ere eragina dauka zenbaketa honetan. Hain zuzen ere, Magroren ustez, erabaki horrek bere atzean izan dezake landa gunetik herri gunera itzultzeko asmoa. “Bilboko Udaleko teknikari batek esana da euren eragiteko ahalmena handitu nahi dutela datozen urteetan”. Une honetan Bizkaiko biztanleen %60 herri guneetan bizi dira, eta hemendik hogei urtera %80 bertan egon daitezen nahi dela nabarmendu du hirigintza abokatuak. Horren atzean ingurunea bermatzeko neurria ikusi du.
“Berandu” datorren neurria
Baina aldundiak egindako zenbaketa ez da behin betikoa, abuztuaren 10era arte ez baita onartuko. Bizkaiko udalek ordura arteko epea daukate aldundiak egindako zenbaketa aztertu eta horien inguruko azterketa egiteko. Baina EH Bildurentzat berandu dator neurria. Joseba Gezuraga batzarkideak Batzar Nagusietan adierazi zuenez, 2006an legea indarrean jarri zenetik gaur egun arte zortzi urte igarota, bitarte horretan “berez landa gune ez ziren lekuetan txalet asko eraiki dira”. Baina Magrok eta arkitektoen elkargoak ikuspegi hori gaitzetsi dute, era horretako zenbaketa batek “denbora asko” behar duela arrazoituta. “Herriz herri egin behar izan da ikerketa, eta horrek urteak iraun dezake”, Magroren arabera.
Edonola ere, zenbaketa eginda dago, eta horren onarpena besterik ez da falta. Arkitektoen elkargoko hirigintza sailean beste lehentasun bat ikusten dute. Izan ere, landa eremuen zenbaketarekin batera Bizkaiko udalek euren hirigintza planak berritu behar dituzte. Landa guneen inbentarioa kontuan hartu beharko dute horretarako, “legeak zehaztutako guneak ezingo baitira nekazaritza eremu izendatu”. 2006ko araudiak biltzen zuen urte honetako irailerako hirigintza plan horiek guztiek eginda beharko luketela, baina oraindik zenbait herrik ez dute halakorik egin, “denbora asko behar duelako”. Horregatik, arkitektoen elkargoko arduradunentzat une honetan herriz herriko plan horiek zehaztea da lehentasuna. Horiek guztiak aurkeztu ondoren, Bizkaiko lurraldeak urrats bat gehiago egingo du hirigintza ikuspegitik.