Durangaldean etxerik ez duten pertsonek erreferentziazko zentro berri bat dute eskura. Caritasek martxan du Etxepel eguneko zentroa Durangon, Jesusen Mirabeak komentuan, eta aurrerantzean beste bi proiektu garatzeko asmoa ere badauka. Era horretako zerbitzu bat beharrezkoa zela iruditu zitzaion Caritasi, aterpetxeez gain “arreta integralerako zerbitzuak Bilbon soilik” daudelako, Alberto Estefania proiektuaren arduradunaren arabera. Gainera, gogora ekarri du Jaurlaritzaren azterketa batean gomendioa egin zutela era horretako egoitzak hiriburutik kanpo ere zabaltzeko. “Ezkerraldea eta Durango aipatzen zituen txosten horrek”, era horretako beharrizan gehien duten eremuen artean. Caritas ere jabetu da beharrizanaz, “Bilbon azken hiru urteetan artatu ditugun pertsonetatik berrogei baitziren Durangaldekoak eta inguruetakoak”.
Beharrizana benetakoa dela baieztatu dute. “Hamabost egun baino gehixeago dira eguneko zentroa zabaldu genuela, eta sei lagun ditugu jada. Beste hiru sartzeko zain daude”, esan du Estefaniak. Horientzat, Etxepeleko “eguneko zentroak oinarrizko beharrizanak asetzen ditu: garbitasuna, janaria eta arropak garbitzeko aukera”. Hala ere, erabiltzaileen ahalmen sozialak indartzea dituzten jarduerak bultzatzea dela dio: irteerak egin, ortua landu, oiloak zaindu…
Bigarren proiektua pentsio soziala da. “Etxerik gabekoentzat da. Leku seguru eta duin bat” eskaintzen diete. Hamaika gela prestatu dituzte horretarako. Finantzaketa arazoak tarteko, ordea, proiektu hori geldi dago. Estefaniak uste du “administrazio publikoen finantzaketa” beharko lukeela.
Hirugarren baliabidea autonomia etxebizitzak dira. “Erabiltzaileek etxebizitza hori partekatzen dute. Sarri, pentsio sozialaren eta autonomia pertsonalaren arteko zubia izan ohi dira”. Durangoko Andra Mari parrokiak etxebizitza bat utzi die horretarako, eta martxan jartzeko prest dute ia. Hileon zabalduko dute, eta urtea bukatu aurretik beste bat irekitzeko asmoa dute.
Etxerik gabeen eta aterperik ez dutenen arteko desberdintasuna oso garrantzitsua dela deritzo Estefaniak. “Aterperik ez duena kalean bizi da. Bestalde, etxearen epeltasuna eta familia giroa ez dituena litzateke etxegabea. Era horretan bizi direnek ez dute etxe egoki eta egonkor bat; ez dute nahikoa baliabide ekonomiko, edo kudeatzeko zailtasunak dituzte”.
Durangaldean, aterperik ez duten gehienak “Bilbora joaten dira. Guregana jotzen dutenek, ordea, badute non bizi, nahiz eta, gure ustez, lekurik aproposena ez izan”. Hala ere, aterperik ez dutenak ere identifikatu dituzte.
Baliabideon garrantziaz
Etxegabeak “pertsona arruntak” direla dio Estefaniak. “Bizitzan zorte txarra” besterik ez dute izan, eta ohi baino gertaera estresagarri gehiago dituzte: etxe gabetze bat, norbaiten heriotza… Dioenez, laguntza garaiz jasoz gero, bizitza azkar bidera dezakete. Baina kalean luze badaude, ordea, “buruko gaitzak gara ditzakete, eta gizarteratzea askoz zailagoa izan daiteke”. Horregatik deritze garrantzitsu Etxepel bezalako baliabideei.