Hainbat dira trago bat hartzeko txokoak Bilbon, eta horietako bat da Bilbo Zaharra. Gaur egun, tabernen aukera zabala dago, eta, are gehiago, horietara biltzen diren erabiltzaileak. Baina gauzak zeharo desberdinak ziren 1991. urtean, lau lagunek Alde Zaharraren bestaldean Pirata Taska irekitzea erabaki zutenean. Urte haietan, ez zegoen hirigintza proiektu erraldoirik, ez eta auzoak eraberritzeko planik ere. Bilbo Zaharrean eta San Frantziskon droga eta delinkuentzia zen nagusi, baina Bilboko gaztetxean hasitakoarekin jarraitzeko aukera ikusi zuten lau lagunek. Luismi Sanchez tabernako jabearen esanetan, urte haietan talde asko zeuden lanean San Frantzisko eta Bilbo Zaharrean eta haiekin bat egin nahi zuten: “Denon artean auzoa eraldatu nahi genuen”.
Onartu du politak baina gogorrak izan direla hogeita hiru urte hauek. Askok bezala, hasieran diru arazoak izan zituzten. Denen artean lokala konpontzen hasi ziren, eta, Bilboko gaztetxea itxi ostean, jende askok lagundu zieten. “Den-dena guk egin dugu, eta, horregatik, Pirata Taska ez da soilik taberna, proiektu zabalago bat ere bada”. Pirata Taska sorkuntzarako gune bihurtu zuten, beste toki batzuetan egin ezin zena aurrera eramateko. Horregatik, Bilbo Zaharrera joatearen erabakia hasieratik argi izan zuten, nahiz eta askok esan zieten aukera okerra zela eta inor ez zela bertara bilduko. “Lortu nahi genuen taberna motarako auzorik aproposena zen Bilbo Zaharra”.
Elkarlana oinarri
90eko hamarkadan talde ugari ziren San Frantzisko eta Bilbo Zaharrean lanean ari zirenak; SOS Arrazakeria, Bilbo Zaharra eraberritzeko mahaia, eta Ihesaren Aurkako Komisioa, besteak beste. Pirata Taskakoek gaztetxetik ezagutzen zituzten, eta elkarlanean auzoa eraberritzeko proiektu eta ekintzak egiten hasi ziren. Kontzertuak, kultura jarduerak, jaialdiak… Hala, auzoaren konfiantza irabazi zuten.
Gaur egun, oraindik ere auzo gogorra da San Frantzisko. Bilboko per capita errenta apalenak han daude, eta delinkuentzia eta droga arazoek oraindik bizirik diraute. Baina, zorionez, egoera asko hobetu dela uste du Sanchezek. “Orain, hainbat ekintza egiten dira. Urrunago joan gabe, aurreko astean, Munduko Arrozak jaialdi kulturala ospatu zen, eta zoragarria izan zen”. Pixkanaka-pixkanaka denen artean auzoa eraldatzea lortu dutela azaldu du, eta, orain, “kultura eskaintza oso zabala du auzoak”. Udalak eta Eusko Jaurlaritzak ere asko lagundu dutela onartzen du, baina uste du erakundeek bultzatutako eredu kulturala “elitista” dela, eta beraiek beste mota bateko eskaintza nahi dutela. Sanchezen esanetan, Bilbok badu zer ikasi Berlin eta antzeko hirietatik. Hala ere, argi dauka oraindik horretarako badagoela. Esaterako, urte horietan guztietan Pirata Taska eskaintza kultural hori zabaltzen ahalegindu da, kontzertuak eta beste hainbat ekitaldi antolatuz.
Musika nagusi
Pirata Taskakoek musika alorrean, herri mugimenduetan, edo Bilboko gaztetxe zaharrean ibili dira urte luzez, eta, horregatik, jende asko ezagutzeko aukera izan dute denbora horretan guztian. Sanchezek uste du hor egon litekeela tabernaren arrakasta. “Taberna ireki aurretik, gaztetxean aritu ginen, eta hor ezagutu genituen guztiak gero tabernara etortzen hasi ziren, berdin musika mundutik ezagutzen genituenak”. Hala ere, bertan antolatutako kontzertuak dira Pirata Taska Bilbon ezagun egin dutenak. Hogeita hiru urtetan estilo eta mota guztietako taldeak pasatu dira bertatik, asko gaur egun oso ezagunak bihurtu direnak: Manu Chao, Ratos de Porao, Eskorbuto, Paralisis Permanente edo MCD, besteak beste.
Horregatik, musika eta kultura sorkuntzarako apustua berregin nahi dutela nabarmendu du. Sanchezek argi dauka: “Taberna bat ez da bakarrik trago bat hartzeko tokia, zerbait gehiago izan beharko luke”. Hori lortzeko, formatu txikiko musika kontzertuak, poesia emanaldiak, eta antzezlanak antolatzen hasi dira berriz ere Bilbo Zaharreko tabernan. Gaur egungo krisi garaian ezinbesteko ikusten du mota honetako ekimenak egotea, aukerarik ez duten artistek beraien sorkuntzak erakusteko aukera gehiago izan ditzaten.
Urteurren berezia
Biharko antolatu dute Pirata Taska tabernaren hogeita hirugarren urteurreneko jaialdia. Aspalditik zuten jaialdi bat egiteko ideia buruan, eta aurten tabernaren aro berri bati hasiera emateko baliatu nahi dute aurtengoa. Poliki-poliki jaialdiari forma ematen hasi ziren urte hasieran, eta tabernatik pasatutako guztien kontaktuez baliatuz zerbait polita lortu dutela uste du.
Eguerdiko ordu batetik aurrera umeentzako jolasak eta tailerrak antolatu dituzte, arratsalde osoan musikaz girotuko dute Bilbo Zaharreko plaza eta gaueko kontzertuan Lagartija, Penadas por la ley, Mahas, Willis Drummond eta Vomito arituko dira. “Vomitoko lehen abeslaria, Victor nire lagun mina, drogen ondorioz hil zen, eta, horregatik, berarentzako omenaldia ere izango da”, adierazi du Sanchezek.
Jaialdi honekin, aro berri bati hasiera emateaz gain, hogeita hiru urte hauetako ibilbidea eta tabernatik pasatu direnak omendu nahi dituzte Pirata Taskakoek. Tabernako jabearen esanetan, asko izan dira handik pasatutakoak, eta horiek lagundu dute Pirata Taska Bilbo Zaharraren parte izaten. “Jende askoren lanaren emaitza da gaur egun lortu dena”.