Amiarte artearen lagunen elkartean, etxerik gabe dauden dozena bat lagunentzako proiektu bat jarriko dute martxan. Hain zuzen, aldundiak eta elkarteak duela gutxi sinatutako hitzarmenaren xedea da eguneko zerbitzua ematea gizarte bazterketan dauden pertsonei. Pinturaren bitartez, euren errealitatea aldatu nahi duten pertsonen gaitasunak, trebetasunak eta garapen pertsonala indartzea du helburu Amiarteren proiektuak, Gizarte Ekintzako Sailak jakinarazi duenez.
Zerbitzu hori Bilboko Godorniz kaleko arte sorkuntzarako tailer batean emango dute. Pertsonari ahalik eta autonomia handiena eman gura diote, pertsona horien gizarteratzea bultzatzeko asmoz. Horrez gain, erabiltzaileen garapen pertsonala, gaitasunak, trebetasunak eta esperientziak ere bultzatuko dituzte. Proiektuarekin, euren ohiko ingurunearekin loturarik ez galtzea nahi dute.
Pilar Ardanza diputatuaren arabera, “arteak bizitza eraldatzen du, pertsonak aldatzeko ahalmena dauka, eta baliabide honen erabiltzaileek onura dakarkiote gizarteari”.