Arratiako 65 langaberi enpresa sortzen lagunduko die aldundiak

Arratiara iritsi da Bizkaiko Foru Aldundiak iaz eskualdeetarako martxan jarri zuen enplegu plan sorta. Nondik norakoak Imanol Pradales Ekonomiaren Sustapenerako diputatuak azaldu dizkie Udalen Mankomunitatea osatzen duten 10 herrietako alkateei. Martitzenean egin zuten bilera. Egitasmoaren helburua izango da autoenpleguaren bitartez euren enpresa martxan jartzen laguntzea eskualdeko 65 langaberi. Horretarako, 393.250 euroko aurrekontua ipini du Ekonomia Sustapenerako Sailak. Diru laguntza modura banatuko dituzte.

“Langabeziak gehien zigortu dituen taldeei begira osatu dugu plana”, azaldu du Pradalesek. Hala, enplegua aurkitzeko zailtasun gehien dituzten taldeek izango dute lehentasuna: gazteek, 45 urtetik gorakoek eta iraupen luzeko langabeek —beharrik barik bi urte baino gehiago daudenak—. “Lan merkatura sartzeko edo oztopo gehien dituztenak dira”.

Langabeetako bakoitzak negozio proiektu bat aurkeztu beharko du. Bideratu eta martxan jarri ahal izateko aholkularitza eta finantzaketa emango dizkio administrazioak. Prozesua hiru fasetan banatu dute, aurretik beste eskualdeetan egin duten antzera. Irailean ekingo diote. Osotara, bost hilabete iraungo du programa osoak. DEMA enpresen sorrera eta garapenerako Bizkaiko foru sozietatea izango da arduraduna. Lehenengo fasea hilabetekoa izango da, eta epe horretan prestakuntza emango diete, enpresa bat martxan jartzeko eman beharreko pausuak zein diren jakin dezaten. Ostean, buruan daukaten ideia hori gauzatzen eta zehazten lagunduko diete, benetako negozio errentagarri bihurtu ahal izateko. Azken fasean enpresa bera martxan ipiniko dute, eta horretarako egin beharreko paper kontuetan ere administrazioaren gertuko laguntza izango dute.

Dagoeneko, 290 langabe

Prestakuntza eta proiektua zehazteko eta diseinatzeko faseetan hilero 350 euro jasoko ditu parte hartzaileetako bakoitzak. Hirugarrenean, berriz, enpresa martxan jartzen dutenean, 5.000 euro emango dizkiete. “Badakigu guztiek ez dutela arrakasta lortuko. Helburua da parte hartu duten 65 langabeen artetik %60 inguruk negozio iraunkorra martxan ipini ahal izatea. Hala, lan merkatura sartzea edo itzultzea lortuko genuke”, azaldu du.

Bizkaiko Foru Aldundiak eskualdeetan martxan ipini duen hirugarren plana da honako hau. Estreinakoa Enkarterrian eta Ezkerraldean abiatu zuten, iaz. Harako hartan, 100 lagunek parte hartu zuten. Hego Uribera zabaldu dute urte honen hasieran, eta beste 125 langaberi lagundu diete. Arratiako 65ak batuta, osotara, 290 dira. “Eskualde guztietara zabaltzen dugunean, 450 izatea da helburua. Hainbat lan egin dugu dagoeneko, baina oraindik asko geratzen zaigu egiteko. Herrialde historiko osora zabaltzen jarraituko dugu. Hurrengoa Busturialdeko plana izango da”. Pradalesen esanetan, egoerarik larriena bizi duten eskualdeetatik hasi dira, langabezi tasa altuena dutenetatik. “Eta oraingoan Arratiari egokitu zaio, une zailak bizi dituelako. Eskualdeko ekonomiaren ikur dien hainbat enpresa itxi dira, horrek eragin duen enplegu galerarekin”.

Oraingoz, Enkarterrin eta Ezkerraldean iaz lortutako emaitzak baino ez dituzte esku artean. Pradales “oso pozik” agertu da. Honako datu hauek emanez egin du balantzea: “118 enpresa sortzen lagundu genuen. Horiei esker gizarte segurantzan 23 izen emate berri izan ziren autonomoen erregimenean. Horietatik %38 emakumeak ziren. Gainera, euren negozioa martxan jartzea lortu zutenen %56k bi urtean zeuden langabezian”.