Suaren gainean dantzan ibili garen aste honetan albiste batek atentzioa eman dit: “100.000 suizidio baino gehiago eragin ditu krisiak Europar Batasunean”. Oxfordeko Unibertsitateak eta London School of Hygiene & Tropical Medicinek egindako ikerketaren arabera, 2007 eta 2010. urteen artean Europar Batasunean suizidioen kopurua %4,8 igo zen. Krisi ekonomikoa hasi zenetik egin du gora tasak. Atentzioa eman badit ere, ez nau harritu albisteak. Muturreko egoerek eramaten gaituzte bizitzan muturreko erabakiak hartzera. Jaio garenetik, bizi garenetik, heriotza hortxe dago, bizitzaren beste aldea da, baina oraindik ere niri heriotza ulertzea zail egiten zait. Krisiaz hitz egiten hasi zirenean salbu egongo ginen sentsazioa neukan, inguruan ez nuen aldaketa handirik sumatzen. Baina iritsi ziren gure irlara uholdeak eta hondamendi egoeran gaude. Finantza merkatuetan lurrikara piztu, eta sumendiaren labak harrapatu eta erre gaitu. Hondamendi egoerak hilabete batzuk iraungo zuela ematen zuen, baina badira urte batzuk egoera larrian bizi garela. Langileen lan baldintzak eta soldatak kaskartu egin dira. Enpresariek eta bankuek jarri nahi ez duten dirua langileok jartzen dugu gure langabeziaren bidez edo lan baldintzen kaskartzearen bidez. Ezegonkortasunak harrapatu gaitu. Sisteman jarraitu nahi izanez gero egoera larrienak ere irentsi egiten ditugu, sabeleko gaitz deserosoa sortuz; eta ez dago merkatuan Omeoprazolik hori sendatzeko. Krisiak osasun mentalean duen eragina zuzena da. Albistegia ikusi ostean triste geratzen zara, denoi eragiten digu sentipen desatsegin bat, depresioa agian. Krisia, etorri bezala, urte batzuen bueltan joan egingo da? Baina ez gaituzte engainatuko, badakigu-eta krisia ez dela etorri, ekarri egin dutela. Nahita bultzatutako krisia da, ez da historian gertatu diren gainontzeko krisiak bezalakoa.
Bitartean Iñigo Urkullu lehendakariak, Radio Euskadin eginiko elkarrizketan, aurreko urtean esandako bera errepikatu du: “Egoera hobetzen doa, baina datorren urtea ere zaila izango da”. Begiak itxiak nituen eta aurreko urteko ekainaren 13an esandakoa zela pentsatu dut, baina begiak irekitzean gorbataren koloreak salatu du. Egoera ulertzeko eta bizitzeko modu ezberdinak daude. Batzuentzat hobera doanean beste askoren egoerak mendeetan atzera egin du. Langileen eskubideen lapurreta ez dakit inoiz berreskuratuko dugun.
Zer botako zenuke sutara? Galdetzen zuten San Joan bezperan irratian. Nik kapitalismoa bota nuen sutara, eta erre ere bai. Urteko gau laburrena joan da. Suak itzali eta denon desirak betetzea baino ez da falta.