Mendexako Marierrotako lanak amaitu dituzte

Jabego publikokoa da Mendexako Marierrota eraikina, eta interpretazio zentroa da gaur egun. Azken denboraleen ondorioz, baina, itxi egin behar izan zuten, enbatek sortutako kalteak konpontzeko. Lanak amaituak dituzte, baina oraindik ez dute zabaldu.

XVI. mendean eraiki zuten marea errota, Lea ibaiaren paduran. Itsas errota zen, erreka erroten antzekoa. 1980. urtean eraitsi zuten, eta errota zaharretik dikea baino ez du gaur egungo eraikinak. Hura eta kanpoko aldea konpontzeko eta lehengoratzeko lanen ostean, 2011. urtean zabaldu zuten Marierrota. Hala, bisitariek errotaren funtzionamendua ikus dezakete: marea goian denean uharkak urez betetzen dira, eta hustu mareak behera egiten duenean.