Herriko aniztasuna abestietan

Nazio, estatu zein futbol taldeen ereserkiak ezagunak izan ohi dira eta asko, erraz identifikatzekoak. Herri batek eta bertako auzo bakoitzak ereserki bana izatea, ordea, bitxiagoa eta bereziagoa da. Bada, galdakoztarrek badute. Bihar aurkeztuko du Juan Carlos Irizar konposatzaileak hamalau abesti horiek biltzen dituen diskoa. “Txistu, soinu eta Bizkaiko dultzainerako” osatutako abestiak dira Irizarrenak, eta hiru urte behar izan ditu lan horiek guztiak amaitzeko. “Auzo guztiei egin diet ereserki bana, bandagaz lekuotara joan naizenean pasatu ditudan une on guztiengatik eskerrak emateko”, adierazi du Udal Musika Bandako zuzendari eta ereserkien konpositore denak.

Galdakao herriaren eta bertako futbol taldearen ereserkiak egiteko eskaera jaso zuen Irizarrek. “24 urte bete behar ditut bandako zuzendari gisa. Eta, lan hori bukatuta, bururatu zitzaidan opari bat egin behar nuela. Musikagile gisa, auzo bakoitzari kantu desberdin bat egitea pentsatu nuen”. Eremu bakoitzarentzako kantu desberdin bat osatu du. Konpositorea bera ondo sentiarazteko baliagarria izan da lan hori eta “ohorea” izan da beretzat behar hori egitea.

“Batzuei kalejira, jota bat beste bati, zortzikoa, vals-a, balada…”. Bakoitzari mota bateko kantua egin dio. Denak ala denak, baina, “sentikorrak, dira, politak”, egilearen beraren esanetan. “Toki desberdin bakoitzari doinu bereizi bat eskaintzea erronka bat zen niretzako”, azaldu du. “Hainbat bandek elkarregaz jotzen dutenean gozatzeko” moduko musika izango dela aurreikusi du. “Kantu politak dira; hemengo eta hango bandek zein txarangek jotzeko modukoak”.

Nori zer konposatu aukeratzeko prozesua, berriz, “lan erraza” izan dela azaldu du bandako zuzendariak. “Auzo horretatik pasatzen nintzenean, galdetzen nien ea zein doinu mota gustatuko litzaieken konposatzea”. Plazakoetxeren auzoko konposizioa egiteko prozesua, ordea, bereziagoa izan dela nabarmendu du: “Bandak bertan elkartu ohi gara, herrira sartzeko, eta pasagune modukoa egiten digute. Bikoteak han geratu ohi dira, zain. Beraz, auzo hari balada erromantiko bat egitea pentsatu nuen”. Estilo zirikatzailea edo gogorragoa gura izan dutenentzako ere konposizioak egokitu ditu. “Irekita nago ni denera. Ez zait axola”. Nahi izan duten estilora moldatu da, beraz, Irizar.

Musika estiloaz haratago, konposizioari dagokionez, bestalde, “teknika barruan” darmala dio. “21 musika tresna ingururentzako konposizioak egin ditut. Jotzen hasi aurretik, baina, badakit nik zelako soinua izango duen abestiak. Bekatu hori barruan sartuta daukat nik; drogen antzerako kontua da. Aspalditik daukat teknika hori barneratuta”, esan du.

Lana oraindik amaitu gabe dauka, ordea. Auzo handietarako musikak konposatu ostean, “orain txikietatik” egin baitiote eskaera Irizarri. Edozein modutan, proosamen horiei erantzuteko denbora beharko duela azaldu du, horiei ere ereserki bana egin beharko baitie. Denera, beste lauzpabost abesti sortzeko erronka badu, beraz.

Ereserki horiek herrian entzutea eta erabiltzea “oso polita” izango litzatekeela deritzo Irizarrek. Biharko aurkezpenean diskoa banatuko dute, eta gero salgai jartzeko asmoa dute. Hala ere, bandari zein gura duenari partiturak helarazteko prestutasuna agertu du konposatzaileak. “Nire lana artxiboan sartzerik ez dut nahi”, adierazi du. Erabiltzea gurago du.

12:00etan jarri dute biharko hitzordua, Urreta kiroldegian. Udal Bandak eta koruak Galdakaoko eta Aupa Galdakao futbol taldea kantak interpretatuko dituzte. Bi horiek letra dute, eta gainerakoak instrumentalak dira. Kontzertuan dultzaina, soinu eta txistuaren laguntza ere izango dute. Hala ere, hiru edo lau kanturi letra ipintzeko asmoa badute, “auzoetakoek hala eskatu baitute”, Irizarren arabera. Abesti guztiak interpretatuko dituzte biharko aurkezpenean, eta auzo bakoitzari ereserkiaren partitura eta CD bana emango dizkie konposatzaileak berak.

Jaiotzez oñatiarra den arren, Aizarnazabalen bizi da. Hala ere, “bihotzez galdakoztarra” dela dio “argi eta garbi”. “Bizkaia Gipuzkoa baino gehiago maite dut nik”, aitortu du. 1985ean, bere lehenengo diskoa, Donosti Romantico, Xoxoa diskoetxean grabatu zuen eta “orduz geroztik, Bizkaiagaz maitemindu nintzen ni, Benito Lertxundi bezala. Sentimenduen aurka ezin dut ezer egin”, adierazi du.