“Autobus linearen kontzesio mota aldatzea gura dugu”

Durango eta Gasteiz lotzen dituen autobus zerbitzuaren erabiltzailea da Nekane Rosas (Durango, 1972), duela zortzi urtetik hona. Egunero egin behar du joan-etorria zerbitzu horretan, eta, beste askoren antzera, ez dago batere pozik beragaz.

Kexa ugari eragin ditu autobus zerbitzu horrek. Zein arazo antzeman dituzue?

Linea hau guztiz zahartuta dauden autobus batzuegaz eskaintzen da. Etengabe matxurak dauzkagu. Horiek gertatzen direnetan, normalean, ez dute ordezko autobusik bidaltzen, eta hurrengo ordukoa etorri arte zain egon behar izaten dugu. Bestalde, barrutik ere kaskar daude, zikinduta zein apurtua. Mantentze lana oso eskasa da. Beste arazo bat da ez dagoela bezero arretarako zerbitzu zuzenik. Ez daukagu telefono zenbaki batera deitzerik azalpen eske, esaterako, elurra bada eta autobusa ezin bada etorri, zer gertatu den jakiteko.

Zuen ustez, ordutegiak ere desegokiak dira.

Zerbitzua ez dago egungo beharrizanetara egokituta. Ikasle eta behargin mordoak erabiltzen du zerbitzu hau, baina ordutegiak oso eskasak dira. Urte asko daramatzate ordutegi beregaz, gaur egunera egokitu gabe.

Erabiltzaileak kontuan izan gabe jartzen dituzte ordutegiak, beraz?

Bai. Arabako Foru Aldundiak prestatzen ditu baldintza agiriak, gainera, gugaz berbarik egin gabe.

Zeintzuk dira ordutegiak?

Zazpi zerbitzu daude noranzko bakoitzean. 07:10ean, 08:15ean, 10:45ean, 14:00 inguruan, 15:00etan, 17:00etan eta 21:30ean ateratzen dira Durangotik.

Autobus bat galduz gero, beraz, hurrengoa iristeko asko itxaron behar duzue.

Bai. Eta arazoa are larriagoa da bueltarako. 15:00etako autobusa hartu behar duten ikasleek eta beharginek, zerbait gertatu bada edo beste barik galdu egiten badute, 18:00etara arte ez dute besterik. Eta hori ere hartu ezean, 20:30era arte ez dago besterik. Oso eskaintza eskasa da, eta zerbitzuok ere ez dituzte behar bezala eskaintzen.

Zein ibilbide egiten dute?

Durango, Izurtza, Mañaria, Urkiola, Otxandio, Legutio, Urbina, Luko eta Gasteiz. Ordubete eta bost minutuko ibilbidea, gutxienez. Lehen aipatutakoak gaur egungo ordutegiak dira. Kontzesioa berritzen dutenerako beste batzuk proposatu dituzte. Eta horiegaz ere ez gaude batere ados, desegokiak dira.

Zergatik?

Zerbitzu kopurua bera izango da, baina ordutegiak aldatu egingo dituzte. Esaterako, lehenengo autobusa 06:30ean aterako da Durangotik. Eta geldialdi kopurua handitu egingo dute; ordu laurden gehiago esan nahiko du horrek. Ez dakigu zeri erantzuten dion zerbitzu horrek; gure beharrizanei ez, behintzat.

Zer eskatzen duzue zuek?

Kontzesioa bukatu egingo da, eta datorren urte hasierarako enpresa berri batek hartuko du. Hauxe da unea, beraz, linea honetako udal guztiak eta Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundietako ordezkariak koordinatu eta zerbait egiteko: baldintzak begiratu eta benetako beharrizanetara egokitzeko garaia, hain zuzen. Egun zerbitzu hau Arabako Foru Aldundiaren esku dago, nahiz eta linearen erdia Bizkaia izan. Beraz, agian euren artean hitzarmenen bat egin lezakete linea bultzatzeko. Zerbait egiten saiatu egin beharko lukete, gutxienez.

Durangoko Udalak erabiltzaileen kexak jaso ditu, eta arazo honetan zerikusia duten administrazio guztiegaz batzar bat antolatu du uztailaren 1erako. Zer espero duzue batzar horretatik?

Ez daukagu informazio handirik, egia esan. Prentsaren bitartez irakurritakoa besterik ez dakit.

Ez dira harremanetan jarri zuegaz horren berri emateko?

Ez, gugaz zuzenean ez dira jarri inoiz harremanetan. 2012az geroztik ari gara gu mugitzen. Hainbat ekintza egin ditugu, eta ez dute inoiz harremanik izan gugaz.

Zehatz, zer eskatzen duzue, ordutegi zabalagoaz gain?

Kontuan hartu behar da egun zerbitzua mentura eta arrisku ereduan esleituta dagoela: dena dago kontzesioa daraman enpresaren eskuetan. Kontzesio mota aldatzea gura dugu, beraz. Ez uztea enpresaren eskuetan zerbitzu osoa. Hala inork ez duelako kontrolatzen. Beste mota bateko kontzesioagaz, kontrolatuago legoke. Bestalde, ordutegi zabalagoak jartzerik badago, primeran. Eta, ezin bada, gutxienez, eskaintzen dena hobeto eskain dezatela; gaur egunekoa jasanezina delako.

Erabiltzaile gisa, zer sentitzen duzue?

Ikasle eta beharginez gain, Otxandio inguruan medikuarengana sarri doan jende asko dabil. Durangotik Bilbora zein Otxandiotik Gasteizera unibertsitatera zein medikuarengana doan erabiltzailearentzako zerbitzuak aukera berdinak eskaini beharko lituzke. Baina ez da horrela. Erabiltzaileek desberdintasun handiak pairatzen dituzte, kalitateari zein prezioari dagokionez, lurralde batean edo bestean.