Zifrez harago doan sentipena

Ni han izan nintzen”. Hori da ekainaren 8an erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katea osatu eta gutxira sare sozialetan zabaldutako mezua. Aurreikuspen guztiak gainditu zituen mobilizazioak, eta historikotzat edo mugarritzat jo dute hainbatek. Euskal Herrian ez ezik, herri zein eskualdeetan aztarna utzi du. Izan ere, gutxitan lortu da horrenbeste herritar aktibatu eta mobilizatzea; hala adierazi dute Bizkaiko Gure Esku Dago-ko hainbat herri batzordetako kidek. Argi dute igandekoa ez dela erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikaren hasiera baino.

Eguerdian eman zuten giza katean parte hartu zuten herritarren kopuruaren berri Gure Esku Dago-koek. Aurrez egindako kalkulu guztiak gainditu zituen: 150.000 pertsona. Bizkaiko hainbat txokotatik mugitutako jende kopurua ere espero halako bi izan zen azken orduan: Busturialdean, 1.250 lagunek erosi zuten metroa; Lea-Artibain, 3.500ek; Enkarterrin, 650ek; Uribe Kostan, 5.400ek; Durangaldean, 21.500ek… Baina zenbaki horiez harago, eguneko bizipen eta sentipenak nabarmendu dituzte Iruñetik Durangora bitarteko 123 kilometroetan zehar sakabanatu zirenek.

Hori da Txorierritik joandako herritarren kasua. Hala nabarmendu du Gaizka Peñafiel eskualdeko plataformako kideak. 100. kilometroa betetzea egokitu zitzaien, Uharte Arakilen (Nafarroa). Peñafielek adierazi du 08:00etan abiatu zirela 25 autobusak, garaiz iristeko: “Kilometrora heltzean, urduritasuna nabari zen, eta jendea sakabanatu eta lekua hartzen hasi zen”. Azpimarratu du uste baino gazte gehiago joan zirela, eta helduen aurpegietan “ilusio berriztatua” nabari zela. Hunkigarritzat jo du katearen ordua: “Jendea olatua egiten hasi zen, irrintzika, dantzatzen, kantatzen… Antolakuntzako helikopteroa hurbiltzean, zoramena nagusitu zen”.

Etxarri Aranazko ekitaldietara joatea egokitu zitzaien Txorierrikoei, eta han izan ziren 18:00etan, autobusak etxera bidean jarri zituen arte. Leher eginda itzuli zirela dio Peñafielek, baina eskualdeaz harro: “Harremanak sakontzeko eta etorkizunera begirako adostasunak bilatzeko eguna izan da. Hau hasiera baino ez da izan. Gure esku dagoela sinetsi dugu, eta herri honek bere etorkizunaz erabaki nahi duela, libre eta bakean”.

Barakaldotik 1.200 herritar joan ziren Bergara eta Urretxu (Gipuzkoa) arteko hiru kilometro betetzera. “Estresak jota atera ginen gu herritik, zegokigun kilometrora garaiz iristeko”, aitortu du Koldo Castaños Barakaldoko plataformako kideak. Zamalan ibilbidean osatu zuten katea, eta azpimarratu du zaila egin zitzaiela jendea ibilbidean zehar luzatu eta kokatzea: “Antolakuntzako batek ahotsa galdu zuen, kilometroan zeuden hutsuneak betetzeko eskatu eta eskatu”. Anekdota gisa gordetzen ditu horiek Castañosek.

“Guk bete genuen gurea, eta harrotasun puntu batekin itzuli zen jendea herrira”. Emaitzarekin oso pozik dagoela adierazi du barakaldarrak. “Duela hilabete batzuk galdetuz gero, ez nuke esango horrenbeste jende elkartuko ginenik”. Eta herritarren artean ilusioa nabaritu duela adierazi du: “Kalean entzuten da jendea igandeko mobilizazioari buruz hizketan”. Baina Castañosek uste du lan handia dagoela aurrera begira. “Aniztasunaren ikuspegitik, lan asko dugu oraindik. Ideologia ezberdineko jendea biltzen saiatu gara, baina ez dugu erabat lortu; mesfidantzak daude oraindik”. Herritarren konpromisoari aipamen berezia egin dio Castañosek. Zirraraz gogoratu du herriko Gure Esku Dago-ko batzordekideek egindako lan guztia: “Oso aberasgarria izan da. Eta oso dinamika indartsua lortu dugu”.

“Olatua” zero kilometroan

Aldez aurretik, 2.000 kilometro saldu zituzten Durangon. Eta ekainaren 8an, “jende uholdea” elkartu zen udalerriko lehen bi kilometroetan eskuak ematera. 5.000 pertsona inguru elkartu zirela adierazi du Maite Barreña Durangoko batzordeko kideak. Lan bikoitza zuten durangarrek. Izan ere, giza katea osatzeko lanaz gain, jai gunea ere bazuten herrian. Barreña pozik dago egindako lanarekin: “Neketsua izan da ekainaren 8ra bitarteko lana, baina polita eta zirraragarria, era berean”.

Azken hilabeteak oso biziak izan direla adierazi du durangarrak, eta denbora asko eskaini diotela ekimena zabaltzeari. Irriz aitortu du: ea orain horrenbeste denbora librerekin zer egingo duten galdetu dio batzordekide batek. “Ezagunak izanda ere, aurrez harremanik ez genuen herritarrekin egin dugu lan, eta harremanak sortu ditugu”. Plataforma hedatzeko prozesuan jendeak oso jarrera baikorra izan duela azpimarratu du Barreñak: “Jendetsua eta alaia izan da, eta aurrera begira oso oinarri indartsua jarri du horrek”.

Giza katea ibilbide oso baten hasiera baino ez dela azpimarratu du Barreñak, edo hala espero duela, behintzat. Plataformak duen izaera irekia nabarmendu du: “Herritarren ekarpenak jasotzeko eta bideratzeko bidea ematen du erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak”. Eta hori izan da “politena”. Lanean jarraitzea beharrezkoa da, Barreñaren iritziz: “Denok dugu zer emana. Eta bakoitzaren ale horrek sortzen du jende uholdea”.

Durangotik Iruñera bitarteko kilometroetan sakabanatuta egonda ere, hitz berberez deskribatu dute Bizkaiko hiru eskualde horietako herritarrek giza katea: “Zirraragarria izan da”.