Ondarroako Udaleko Ongizate eta Berdintasun zinegotzia da Rakel Elu (Ondarroa, 1963). Larunbatean herriko kofradia zaharrean egingo diren Emakumeen Jabekuntza Eskolen topaketetako antolatzaileetako bat da, Etxelila emakumeen topalekuarekin batera. Topaketen zazpigarren aldia dute aurtengoa, eta Saharako emakumeen esperientzien inguruan arituko dira. Munduko emakumeen arteko elkartasuna funtsezkotzat jo du ondarroarrak: “Testuingurua aldatu arren, diskriminazioa jasaten dugu denok”.
Zeintzuk dira emakumeen jabekuntza eskolaren helburuak?
2003an Bizkaian sortutako proiektu bat da Emakumeen Jabekuntza Eskola. Basauri, Ermua, Getxo eta Ondarroako udalek sarean lan egiten dugu horren barnean. Eta, trukeaz gain, eraginkortasuna handitzen du horrek. Udalerrietako emakumeen parte hartze politiko eta soziala sustatzea du helburu. Hau da, emakumeek duten ezberdintasun egoeraz jabetu eta horien parte hartzea sustatzea bultzatzen dugu. Eta, horretarako, prestakuntza saioak, sistematizazioa eta munduko emakumeen arteko elkartasuna eta trukea lantzen ditugu. Ikasturtearen bukaeran, topaketak egiten ditugu urtero. Aurtengoa bihar egingo dugu.
Hainbat ekitaldi egiten dituzue ikasturte osoan; zein erantzun jasotzen duzue?
Herrian oso finkatuta dago proiektua. Eta dagoeneko 250 emakume baino gehiago ditugu eskolaren datu basean. Azken urtean ikasle berri asko etorri da herritik, eta baita eskualdetik ere. Erreferentzia irabazten gabiltza apurka-apurka. Izan ere, programa zabala prestatzen dugu urtero. Aurten, adibidez, autonomia suspertzeko, emakumeentzako auto mekanika eta bizikleta mekanika tailerrak egin ditugu, eta arrakasta handia izan dute. Komunikazio arloan ere ikastaroak egin ditugu, eta emakumeen osasuna, sexualitatea eta euskal literatura ere landu ditugu, besteak beste.
Emakume sahararren esperientziak landuko dituzue aurtengo jardunaldietan; zergatik?
Jabekuntza eskolen ardatzetako bat da munduko kulturetako elkartasuna eta trukea lantzea. Guretzat ezinbestekoa da emakumeek munduan jasaten duten bazterkeriaren inguruko informazioa zabaldu, kontzientzia sortu eta horietaz jabetzea. Hainbat ekimen egin ditugu ildo horretan orain arte ere. Ondarroako Udalak 2008tik du elkarlan hitzarmena Emakume Sahararren Batasun Nazionalarekin eta Arabako Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren Lagunak Elkartearekin. Hortaz, horiekin egiten dugun lana etengabekoa da.
Errefuxiatuen kanpamentuetako, lurralde okupatuetako eta diasporako emakumeak izango dira topaketetan. Zer aurkeztuko dute?
Emakume sahararrak izango dira jardunaldietako protagonistak. Eta beren testigantzak zuzenean ezagutzeko aukera emango du horrek. Zatituta dago herri sahararra, eta horregatik nahi izan dugu herrialde okupatuetako eta kanpamentuetako errealitatea kontuan hartu. Hortaz, harresiaren bi aldeetako emakumeak izango ditugu gurekin: Tindufeko errefuxiatuen kanpamentuan bizi den Warda Abdelfah, eta Aaiun lurralde okupatuko Lala Kahidouma. Tindufeko errefuxiatuen kanpamentuetatik emakumeen etxeetan jarraitzen duten formazio prozesua azalduko digute, bai eta horrek emakumeen bizitzetan duen eragina ere. Lurralde okupatuetako ordezkariek, berriz, testuinguru politikoaz eta emakumeek beren lan politikoagatik jasaten duten errepresioaz berba egingo dute. Zergatik antolatzen diren, zein lorpen izan dituzten eta zein erronka dituzten azalduko digute, besteak beste.
Erakusketa bat ere antolatu duzue Zumardian.
Emakume sahararren errealitatea eta aldarrikapenak espazio publikoan bistaratu nahi ditugu. Eta horretarako jarriko dugu Saharako Ahotsak: ahanzturaren kontrako erresistentzia erakusketa Zumardian. Euskal Sareak errefuxiatuen kanpamentuetan eta lurralde okupatuetan bultzatutako prozesuak ezagutzeko argazkiak ere jarriko ditugu. Haima bat ere jarriko dugu plazan, eta emakume sahararrekin batera tea hartzeko aukera izango dugu bertan.
Zergatik ikusten duzu garrantzitsua topaketetan parte hartzea?
Ezinbestekoa da munduko emakumeen arteko elkartasun sareak sortzea. Diskriminazio egoerak ezagutu eta kolektibo moduan horietaz jabetzeko eta kontzientzia hartzeko. Joan-etorria egiten duen elkartasun feminista bultzatu behar dugu, eta elkarrengandik ikasi. Horregatik, Saharako emakumeen esperientzia jaso eta beren autodeterminazio prozesua konpartituko dugu topaketetan.