“Inor ez dugu behartzen lan bat euskaraz edo gazteleraz egitera”

Eszena zuzendari gisa aritzen da Emilio Sagi (Oviedo, Espainia, 1948) Arriaga antzokian, bertako zuzendari artistikoa izateaz gain. Espresuki eszena zuzendari lanetan Erroman egon da egunotan, aurreko astean Arriagako programazioa lotuta eta aurkeztuta utzi ostean. Kritikak jaso ditu euskarazko antzezlan eta ekoizpenen presentzia murritzagatik, baina azpimarratu gura izan du datorren urterako dagoen eskaintzagatik izan dela.

Nola antolatzen da Arriagako urteroko programazioa?

Gainerako antzoki guztietan bezala. Programazioan nahi duzuna bilatzen duzu, baita aniztasuna ere. Genero guztiak aintzat hartzen saiatzen gara, eta urte horretarako dagoen panoraman gehien interesatzen zaiguna hartzen.

Non bilatzen dituzue?

Batez ere, estatuan eta nazioartean, baina bertako sortzaileekin ere harremana daukagu.

Datorren urteko programazioan euskarak presentzia txikia duelako kritikak jaso ditu antzokiak.

Urtero eskaintzen dugu emanaldiren bat euskaraz, baina horien kopurua jasotzen ditugun eskaintzen araberakoa da. Kultura munduak eskaintza ezberdinak egiten ditu urtero, eta batzuetan Arriagari gehiago interesatuko zaio, edo ez. Eta horietako batzuk euskaraz izaten dira. Hala ere, urte batzuetan gauza gehiago sartzen dira euskaraz. Edozelan ere, programazioa urtero ez da berdina, toka daiteke urte batean antzerki gutxiago eta lirika gehiago egotea, edo alderantziz.

Datorren urtean, esaterako, Arriagako Gelatxoetan ez dago euskarazko ezer. Zergatik?

Eskaintza zabala dago, eta urte batzuetan gertatzen da sormen handiagoa dagoela euskaraz eta eta beste batzuetan gutxiago. Guk artistekin lan egiten dugu, eta urte batzuetan proposamen gutxiago iristen zaizkigu. Aurten, kasualitatez gutxiago daude. Ez dugu pentsatzen zein kopurutan eskaini behar den antzezlan bat euskaraz, iristen diren bezala hartzen ditugu.

Gelatxoetan egongo diren aktore eta artista gehienak, hala ere, euskaldunak izango dira. Euskaraz egin zezatela eskatzeko aukerarik bazegoen?

Aktoreek euskaraz hitz egin dezakete, baina eskaintzen duten produktuak ez. Beraz, eurek ekartzen dutena jasotzen dugu. Guk inor ez dugu behartzen lana euskaraz edo gazteleraz egitera.

Baina erakunde publiko gisa euskara sustatzeko lana bete beharko zenuketela aldarrikatzen dute askok.

Ados, baina guk inor ez dugu behartzen euskaraz edo gazteleraz egitera. Ikasturte honetan ez daukagu euskarazko ezer, baina hurrengorako badaukagu eskaintzaren bat euskaraz egingo dena. Batzuetan gertatzen da, eta besteetan ez.

Gerta dadila sustatzeko lan egin dezakezue, ordea.

Gu ez gara ibiltzen sortzaileek egiten dutena zelatatzen, gu kultura sustatzen saiatzen gara. Beraz, batzuetan modu batean eskaintzen da, eta besteetan beste modu batean. Guk sustatzen ditugun produktu batzuetan askotan badakigu guri interesatzen zaigun kalitatea eduki dezaketela. Euskal munduko esparru ugarirekin egiten ditugu gauzak, baina denboraldi honetan ez da halako aukerarik sortu. Batzuetan, programazioan lirikako ikuskizun gehiago eskaini nahi dituzu, baina ez dira ateratzen. Baina batzuetan ez da horrela gertatzen, aurrean daukazun eskaintza ez delako interesgarria.

Horrez gain, euskarazko emanaldiak eskaintzen dituzuenean egun txarretan programatzea kritikatu diote Arriagari.

Konpainiek eurek aukeratzen dute puntako egunetan gaztelera jartzea, badakite eta jende gehiago joango dela. Gu ere prest gaude ahal denean eskaintzeko euskarazko emanaldiak, baina antzokiak baldintza ekonomikoei ere begiratu behar die, eta itzulia bermatu beharra dauka.