Euskaraz hutsik dago antzokia

Arriaga antzokiak hilabetea amaitzearekin batera jaitsiko du denboraldi honetako oihala. Berriz ere igoko du, ordea, eta, horretarako, datorren denboraldiko programazioa prestatzen aritu da Emilio Sagi antzokiko zuzendari artistikoa bere lantaldearekin. “Programazio irekia, zabala eta plurala” izango dela zehaztu dute antzokiko kideek, baina askok ez dute hala uste. Izan ere, zenbait sektoreren artean kritikak eragin ditu datorren denboraldiko programazioak, norabide berean eginak denak: Arriagan euskarak presentzia murritza duela. Eta eskaintza ere ez da oparoa. Programazio nagusiaren barnean, Tanttaka teatroaren Zazpi aldiz elur, Anjel Alkain eta Iker Galarzaren Erdibana eta Ederlezi pastorala izango dira eskainiko diren euskarazko emanaldi bakarrak. Arriagako Gelatxoen emanaldi nagusietan are gutxiago, datorren denboraldian ez baita euskarazko eskaintzarik egongo.

Antzokiak datorren urteko programazioan euskarari horren tarte gutxi eskaini izana ez du gauza arrotz gisa hartu Galder Perez aktoreak. “Euskaldunak bigarren mailakoak gara antzokiko arduradunentzat”. Ez hori bakarrik, euskaraz programatzen diren emanaldiak “anekdotikoak” izan ohi direla uste du, eta horren arrazoia zein den ere argitu du: “Ikusle gutxi garela esan ohi dute, eta ez dela errentagarria”. Baina ikusleak hezi egin behar direla dio, eta “euskal ikusleek hezteko eskubidea ere badute”.

Amaitzear den denboraldi honetan, halere, euskal ikusleek izan dute hezteko aukerarik, hiru ekoizpen handi eskaini baitituzte Arriagan. Urri amaieran, Gabrielen lekua sentikaria eskaini zuten, eta azaro hasieran, berriz, Artedrama, Dejabu eta Le Petit Theatre de Pain konpainien Hamlet antzezlana. Biak ere antzokiaren programaziotik kanpo. Martxoan, bestetik, Tartean teatroak bi egunez Pankreas antzezlana eskaini zuen. Denetan goraino bete zen antzokia, eta, horregatik, euskarazko ekoizpenak errentagarriak direla jakinarazi behar dela uste du Agus Perez antzerki kritikariak: “Arriaga elefante handi bat da, eta lerro artistikoa bere horretan mantentzen du. Euren ikuspegitik ezin dute bat-bateko aldaketarik egin, baina euskarazko antzezlanen inguruan dituzten aurreiritziak desmuntatu behar zaizkie”. Eta horretarako hiru emanaldiak ariketa “ona” izan direla uste du.

Eskaintza horiekin Arriagak irabazi sozial eta ekonomikoak izan dituela argi du Mikel Martinez Tartean teatroko aktoreak. Bertako egileekin dituzten harremanak inoiz izan diren onenak direla uste du, “baina euskarazko antzerkia gutxiago ezagutzen dute, eta gutxiago interesatzen zaie arrazoi komertzialak direla medio”. Hala ere, denboraldi honetan izandako esperientziekin ikuspegia aldatuko zaiela uste du. “Hor argi geratu zen euskarazko antzerkia badela zerbait, nahikotxo dela eta izan daitekeela. Imajinatzen dut Arriaga ere konturatu dela eta horrek sentsibilitatea handituko ziola euskal antzerkiarekiko”.

Ikuspegia aldatuko duen ikusteke, oraindik “bigarren mailako” gisa tratatzen dituztela ere argitu gura izan du Martinezek. “Urte asko daramagu ofizioan, eta, lan mordoa egin dugunez, elkar ere ezagutzen dugu. Gure lanak eskaintzeko aukera daukagu, baina aste barruan ia beti”. Denboraldi honetan eskainitako euskarazko emanaldi horiek guztiak aste barruan edo igandean eskaini ziren, “euskararekiko betebeharrak bete dituztela senti dezaten”, Agus Perezen hitzetan. Denboraldi honetan ere, berdin. Ederlezi pastorala igandez eskainiko da, eta Zazpi aldiz elur, astelehen batez. Azken kasu horretan, Mikel Laboaren heriotzaren urteurrena dela eta, ekoizleek eurek egindako eskaera bat izan da. “Baina euskarazko lan eder hori zergatik programatu dute egun bakar batean bakarrik? Beti bigarren mailan geratzen gara”, Martinezen arabera.

Borondatea alboratu

Kudeaketa publikoa duen antzokia da Arriaga, eta horregatik euskarari “gehigarri bat” eskaini beharko liokeela dio Martinezek. “Ez dakit zein kuota izan beharko lukeen, baina programazioan dagoena baino gehiago bai”. Alde horretatik, antzokian bertan ekoizten diren lanetan ere euskarari bultzada handiagoa eman beharko litzaiokeela dio. Iritzi berekoa da antzerki kritikaria ere. “Arriagako Gelatxoetan euskarazko ezer ez egotea ez da kasualitatea, egileen borondateen esku uzten baldin bada dena jendeak gaztelerara jotzen baitu”. Horregatik, bultzada txiki bat egin behar dela dio, “eta ez ahalegin handi bat”. Izan ere, gogorarazi du Gelatxoetan eskainiko diren emanaldietako aktore gehienak euskaldunak direla. “Horiei euskaraz egiteko eskatu besterik ez da egin behar”.

Baina antzezlanak euskaraz eskaintzeko zailtasuna ez dago Arriagan bakarrik, Perezen arabera. “Bilbon euskarazko antzerkiari bizkarra ematen zaio oro har”. Hirian bertan egon daitezkeen “altxorrei” baino gehiago kanpora begiratzen dela salatu du. “Horregatik, beste esparru batzuetara jo behar izaten dugu: taberna, antzoki txiki edo Pabellon 6 bezalako azpiegituretara jo behar dugu”.

Martinezek bat egin du ikuspegi horrekin. “Hainbeste biztanle eta euskaldun dauzkan hiri batean oso aukera gutxi dauzkagu gure lanak aurkezteko”. Arriagan, Alondegian eta halako antzoki publikoetan aukera gutxi daudela dio, eta Euskaldunak, Bilborockek eta gisako guneek irizpide “pribatuekin” jarduten dutela salatu. “Hainbeste jenderentzat emanaldi bat, bi edo asko jota lau eginez gero, proportzio horretan Igorren emanaldiaren hamarren bat bakarrik eskaini beharko genuke”. Arriagaren eta, oro har, Bilboko egoeraren tamaina erakusten du adibide horrek.