Garaiotan, Bizkaiko kostaldeetan eta portuetan ohiko bilakatu da dragatze makinak ikustea. Denborale gogorrek astindu zuten kostaldea duela zenbait hilabete, eta azalean sortutako ondorioetako asko konpondu badira ere —ez guztiak—, sakonekoek ere irtenbidea behar dute. Horiek bideratzeko beharretan ari dira itsasontzi berezi horietako makina eta behargin batzuk. Luis Manuel Guillan Manolo da lan horietan dabiltzan beharginetako bat (Illa de Arousa, Galizia, 1971). Lekeition ari da lanean, eta Kin Kon II ontziko tripulazioko hiru kideetako bat da. “Portuko sarreran dragatze lanak egiten ari gara. Denboraleen ondorioz, sakonera txikia geratu da, eta, itsasbeheran, ontziek hondoa jo eta ezin zuten portuan sartu”, azaldu du beren zereginari buruz.
Behar horiek egiten direla askok jakin badakiten arren, egiten duten beharra eta erabiltzen den sistema ezezaguna da askorentzat. “Zaila da ikusi gabe azaltzea. Dragatze lanak egin behar ditugun lekuan kokatzen gara, eta hodi bat jaisten dugu. Zurrupatzeko ponpa batzuen bitartez, hondoko harea hartu eta pegar batera botatzen dugu, hau da, hondarra jasotzeko ontziak duen biltegi antzeko batera”. Guillanek eta haren lankideek itsasontzi horretan bertan eramaten dute ontziak jaso duen harea hori, dagokion lekura. Beraz, fenomeno atmosferikoen ondorioz lekuz aldatu den harea jaso eta mugitzea da Kin Kon II ontzikoen eginbeharra. “Portuetara sartzea eragozten du harea horrek. Gure lana kortxoa kentzea litzateke”.
Negu honetan izan diren denboraleek sortutako kalteen ondorioz, bi hilabete daramatzate portu batetik bestera beharrean. “Eta oraindik luzerako daukagu”, azaldu du. Lekeitioko lana, baina, domekan amaitzea aurreikusi dute. “Hondartza denboraldia hastear da, eta hau guztia garbi utzi behar dugu horretarako, eta hala egingo dugu. Ia bukatu dugu egin beharreko dena”, argitu du.
Alde onak
Guillan pozik dago lekeitiarregaz. “Era honetako portuetan jende ona aurkitzen dugu beti”, esan du, behar horrek dituen alde onei buruz mintzatzean. Hain zuzen, “itsasoa eta kanpoan behar egitea” gustuko dituelako, pozik ari da ofizio horretan. Gogorra ere bada, ordea: “Txarrena monotonia da; beti da lan bera. Eta luze ere egiten da, zortzi edo hamar ordu egin behar ditugulako ontzian”. Hark zeregin horietan denbora gutxi badarama ere —guztira, bi urte—, berehala antzeman du alde onak eta txarrak zeintzuk diren. Familiaren falta handia sumatzen du. “Hamabost egunean behin etxera itzultzen gara. Besterik ez dago, ordea, lan egin behar da eta”.
Lankideegaz duen “harreman onak” ere asko laguntzen dio Guillani monotoniari aurre egiteko orduan. “Ondo konpontzen gara elkarregaz, eta beti ari gara txantxaren bat edo beste egiten, lanaldia ahalik eta modurik onenean egin ahal izateko”. Anekdota askorik ere ez zaio egokitu. “Eta hobe hala izatea”, adierazi du, anekdotak onak zein txarrak izan daitezkeela aditzera emanez.
Hala ere, hareaz gain, hodi zurrupatzaileen bitartez denetariko objektuak harrapatzea gertatu izan zaie: bizigabeak zein bizidunak. “Denetariko objektuak xurgatu izan ditugu: galtzerdiak eta kamisetak, esaterako”. Arrantzatzeko metodo bat ere aurkitu dute ogibide horregaz. “Beste behin, arrain bat harrapatu genuen”. Itsasora itzuli zuten, “jateko ez da batere egokia eta”. Ordea, bisigu bat izan balitz “beste kontu bat” izango litzatekeela adierazi du, barre artean.
Dena den, Guillanek adierazi du anekdota barregarri gisa kontatutako horiegaz kontuz ibili behar dutela. Izan ere, hodia “buxatzeko arriskua” dago objekturen bat sartzen denean. “Harea gehiegi xurgatuta ere” arrisku bera dagoela ekarri du gogora. “Kontu handiz ibili behar dugu, horrelakorik ez gertatzeko”.
Orain artean zeregin berari eutsi dio Guillanek. Beti aritu izan da denboraleak sortutako kalteak konpontzen. “Lankideak beste kontu batzuetan ere ibilitakoak dira. Mutrikuko hondartza egiten aritu ziren, esaterako, duela bi urte”. Behar hori Guillanena baino “korapilatsuagoa” da, “harea isurtzeko” orduan beste teknika bat erabiltzen delako. “Isurketa egin behar dugunean, ontziaren albateak zabaltzen ditugu, eta beheko aldetik ateratzen da. Hondartza bat egiteko lanak direnean, ostera, hainbat hodi lotuta bota behar da harea. Ontziaren brankan hodia jarri, eta horrek bideratzen du harea. Hondartzan, bestalde, harea hori isuri gura den lekuetan jarri behar dira hodiak”. Monotoniari aurre egiteko baliagarria izan badaiteke ere, “lan handiagoa” eskatzen du behar horrek. “Hodiak sarri buxatu ohi dira, eta kaka-nahastea sortzen da”, ondorioztatu du.
Bidaia astunak
Domekaren ostean Kantabriarako (Espainia) bidea hartuko dutela uste du Guillanek. “Luze” egiten zaizkie dragatzeko ontzian itsasotik egin beharreko ibilbideak, “oso-oso astiro” baitabil itsasontzia. Illa de Arousako Vilanova de Arousa portutik (Pontevedra, Galizia) atera ziren Lekeitiora bidean, duela aste batzuk. Ibilbide hori guztia egiteko, “zortzi egun” behar izan zituzten. Gauez ez dute nabigatzen, eta, horregatik, portu batean eta bestean egiten dituzte geldiuneak. “Egunean 70 milia inguru egiten ditugu, gutxi gorabehera”. Itsasontzian logelarik ez dutenez, atseden hartzera herrira jaisten dira.
Bestalde, enpresak berak kontuan hartuko ditu dragatze lan horiek ingurumenean eragin ditzaketen ondorioak, Guillanen ustez. Berak egindako lanengatik kexarik ez du jaso oraingoz, eta aurrerantzean ere ez duela jasoko deritzo. “Portuaren sarrera buxatzen denean, jendeak ez du jartzen hori konpontzeko eragozpenik. Protestarik ez dut entzun nik inoiz, bederen”, adierazi du.