Pertsona bakarrak, bi esku. Eta bi esku horiek, milaka lagunez biderkatuta. Esku horiek guztiak Iruñea eta Durango arteko 123 kilometroak kate bakarrean elkartzeko erronka du Gure Esku Dago-k igandean. Baina katea osatzetik harago, sarea ehuntzen ari dira herritarrak erabakitzeko eskubidearen inguruan. Hilabete luzez, lan horretan aritu dira hainbat herri, auzo eta eskualdetan. Bizkaian 70 herri batzorde inguru eratu dira azken hilabeteetan. Eta, igandean, herrialdeko 22.000 lagunek baino gehiagok parte hartuko dute erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katean.
Ez da lan erraza izan ekainaren 8ra bitarteko bidea. Hamaika izan dira Gure Esku Dago plataformak Bizkaian zehar hedatzeko eta atxikimenduak biltzeko egin dituen ekimenak: hitzaldiak, flashmob-ak, giza kate txikiak, jaialdiak, askotariko lehiaketak… Eta funtsezko elementu bi daude horien guztien oinarrian: lana eta ilusioa. Duela urtebete Irungo Ficoban egindako aurkezpenean iragarri zuten giza katea osatzeko bi egun falta diren arren, erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika hasi baino ez da egin: “Ekainaren 8an ez da ezer bukatuko. Herritarren sare erraldoia osatzeko abiapuntua izango da”. Hala adierazi zuen Josu Herrero plataformako kideak Bizkaiko herri batzordeak biltzen dituen herrialdeko bileran.
Zornotzako Zelaieta zentroan elkartu ziren, maiatzaren 30ean. Berezia izan zen bilera, igandeko giza katea iritsi bitarteko azkena izan baitzen. Mobilizazioaren inguruko azken zalantzak argitzeko, argibideak jasotzeko eta bitartekoak banatzeko erabili zuten. Azken astearen urduritasunak nabaritzen ziren herritarren artean. Autobusak antolatzeari eman zioten tarte gehien. Herrika edo eskualdeka aterako diren kopurua esanez altxatzen ziren herriko ordezkariak banan-banan. Lekeition, adibidez, hemeretzi autobus bete dituzte, Mungian hamabost, Portugaleten zortzi eta Barakaldon 21. 300 baino gehiago zerrendatu zituzten Zornotzako bileran. Azken orduan izena emango duten herritarren aurreikuspena egin dute gehienek. Horientzat ere tokia gordetzeko ahaleginak egin dituzte.
400 pertsona behar dira, gutxienez, kilometro bakoitza betetzeko. Eta Bizkaiko herri gehienek erraz gainditu dute zifra hori. Metroa erosi duten herritarren kopurua ikusita, autobusetan joateko dei berezia egin dute azken asteetan antolatzaileek. Dena ondo ateratzeko, 10:00etan bakoitzari egokitu zaion kilometroan egotea nahi dute.
Hilabeteetako lana
Zornotzako bileran zegoen Onintze Furundarena Enkarterriko Gure Esku Dago-ko kidea da. Elorrion osatu behar dute kilometroa, eta oraingoz zazpi autobus bete dituztela adierazi du. Baina bederatzi betetzeko esperantza dutela aitortu du, irriz: “Betiko legez, azken momentuan jende gehiago animatuko da”. Aitortu du eskualdean dinamika zabaltzea ez dela erraza izan. Gueñesen abiatu zuten, duela bederatzi hilabete: “Han hasi ginen Gure Esku Dago pizten. Iñaki Zarraoa eta Zelai Nikolas etorri ziren hitzaldia ematera”. Ordutik bizikleta martxak, mendi igoerak eta argazki herritarrak egin dituztela adierazi du: “Duela bost hilabete, gainontzeko herrietara hedatzen hasi zen. Balmaseda eta Galdamesen taldeak sortu ziren, besteak beste”. 456 pertsonak erosi dute metroa, baina adierazi du oraindik ere metroak erosten ari direla asko.
Txorierrin ere arrakastatsua izaten ari da Gure Esku Dago plataformarekiko atxikimendua. Arkaitz Arbuluk azaldu du abenduan hasi zirela eskualdean lanketa egiten: “Herriz herri lantaldeak sortu genituen, sentsibilitate ezberdineko kidez osatuta”. Azpimarratu du herri bakoitzeko sei lagun biltzen zirela hasieran, eta, gaur egun, bikoiztu egin dutela kopurua. Hainbat ekimen egin dituzte erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika eskualdean zabaltzeko. Horietako bat izan zen plataformak egindako bideokliparen bertsio pertsonalizatua: “Txorierriko musikariak hartu eta eskualdeko herritarrekin muntatzea egin genuen”. Adierazi du egin zuten bideoak 12.000 bisita baino gehiago jaso dituela eta horrek sekulako bultzada eman diola plataformari.
Baina hori ez da egin duten gauza bakarra. Arbuluk adierazi du eskualde mailako bi ekitaldi handi antolatu dituztela azken hilabeteetan, eta 600 pertsonatik gora bildu direla horietan. Horien artean, Sondikatik Larrabetzura egin zuten Txori-martxa eta Lezamako pilotalekuan antolatutako ekitaldia. Igandean eskualdeko 1.600 pertsonak parte hartuko dute giza katean. Sakana eskualdeko (Nafarroa) Uharte Arakil herrian elkartuko dituzte eskuak txorierritarrek.
Balorazioa egin eta aurrera begirako lanketa zehazteko elkartuko dira Bizkaiko herrietako ordezkariak hurrengoan. Bitartean, 123 kilometroko ibilbidean sakabanatuko dira bizkaitarrak.