Bihotz Gaztea ikastolak seguru ibili nahi du mugikortasun taldearekin

Santurtziko Bihotz Gaztea ikastolak bere inguruneak ikasleentzat seguruagoak izan daitezen nahi du. Horretarako, udalaren eta udaltzaingoaren laguntzaz, herriko lehen mugikortasun taldea sortu du. Hala, hamalau boluntariok haurren sarrerak eta irteerak kontrolatuko dituzte ikastetxe ondoan dagoen errepidea tentuz gurutza dezaten. Gainera, lana zuzen egiteko, udaltzaingoak klase teoriko eta praktikoak eman dizkie arduradun eta ikasleei. “Gauza berriak egitea gustatzen zaigu, eta gizarteak dituen beharretara egokitzeko, lanean ibiltzen gara beti”, esan du Joseba Bilbaok, ikastolako zuzendariak. Hala, Bihotz Gaztea lehena izan da herrian mota horretako proiektu bat garatzen.

Zuzendariaren ustez, arratsaldeko irteerak “nahiko korapilatsuak” izaten dira. 16:30ean, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasle guztiek aldi berean bukatzen dituzte eskolak. “500 ume eta horien bila datozen familiak elkartzen dira; orotara, 800 pertsona inguru biltzen dira ikastolako atean”, azaldu du Bilbaok. Gazte zein heldu, behin eta berriro ibiltzen dira errepidea gurutzatzen. Hori dela eta, udaltzainen esanetan, gidariek arretaz gidatzea eta ikasleek zirkulazio seinaleen funtzionamendua barneratzea da xede nagusia.

Kezka zuzendaritzaraino heldu zen, eta udaltzaingoaren laguntza eta babesarekin, segurtasunerako talde bat sortzeko ideia garatu dute azkenean. Bilbaok azpimarratu duen moduan, guraso batzuk laguntzeko prest agertu dira, eta lanari ekin diote. Ana Martinek semea du ikastolan, eta boluntario gisa aritzen da proiektuan. “Autoak etengabe ibiltzen dira, eta antolatu beharra zegoen; izan ere, gurasook ez dugu beti oso arduratsu jokatzen”.

Ikasturte hasieran, ikastolaren hobekuntza plana berrikusteko akordioa sinatu zuen Bihotz Gazteak Santurtziko Udaleko Gizarte Ekintza sailarekin. Kanpoko aholkulari batzuen laguntzaz, zirkulazioaren egoera eta ikasleen pasabideak zeintzuk ziren aztertu zuten. Zenbait proposamen mahai gainean jarri ostean, batzar orokor bat prestatu zuten ikasle, langile, guraso eta familien ordezkariek. “Bizikidetza osasungarri bat lortzeko kontsulta talde bat dela esan dezakegu”, azaldu du zuzendariak. Hilero bildu ohi dira, eta ikastolan egon daitezkeen eguneroko gatazkak identifikatu eta aztertzen dituzte. Halaxe egin dute mugikortasun taldearekin ere.

Hurrena, iristeko erraztasuna

Bihotz Gazteak pauso gehiago emateko asmoa dauka, eta, egun, iristeko erraztasuna nola hobetu aztertzen ari da zuzendaritza. Proposamenen artean, ikastola aurrean dagoen errepidea oinezkoentzako pasabide bihurtzea litzateke nagusienetakoa. “Auzokideen ordezkariekin eta udaltzaingoarekin bilera egin dugu geure egitasmoa zein den azaltzeko”, esan du Bilbaok. Alde batetik, errepidea gurutzatzeko bi zebra bideetan pasabide goratua jarriko dute. Bestalde, autoen abiadura orduko 20 kilometroko abiadurara murriztuko dute kale osoan. “Pauso guztiak adostuak izango dira. Azken finean, elkarbizitzaz eta hezkuntzaz ari bagara, ezin ditugu ondoan bizi direnak ahaztu”, gaineratu du.

Errepidea aurrean izanda, kontrola erabatekoa izan behar da, eta eragileen ekarpenekin aurrera doaz. Hala azaldu du zuzendariak: “Guraso batzuk segurtasunaren edo hustearen esparruan mugitzen dira. Horien eta beste adituen laguntzaz, ikastolaren irteera guztietan, segurtasun plan bat martxan jarriko dugu”.