Barakaldoko Udalak ez du babestuko BECi emandako kreditu berria

“Zuhurtzia”. Hitz hori erabili du Alfonso Garcia Barakaldoko alkateak BEC erakustazokaren zorra ordaintzeko bankuekin lortu den akordioa babesteko garaian. Ez du hala egingo, “gardentasunik eza” sumatu duelako erakustazoka kudeatzen duten bi akziodun nagusien —Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia— eta bankuen artean lortutako akordioan. 150 milioi euroko kredituarekin bere zorraren zati bat birfinantzatu ahal izango du BECek. Baina kreditu horren ordainetan erakunde publikoek ordaindu beharko dituzten interes tipoak zenbatekoak izango diren “ez dago argi”, alkatearen ustez.

150 milioi horiez gain, beraz, interesen ordainetan zenbat ordainduko den argi ez egotea salatu du. Horregatik, “era horretako operaziorik” ezin duela babestu esan du. Kasu horretan, ordea, Barakaldoko Udalak ez du inolako arriskurik, kreditua Jaurlaritzak eta aldundiak ordainduko dutelako, “baina ordezkari politikoek diru publikoa behar bezala erabiliko dela bermatu behar dute”, eta, kredituaren truke ordaintzen den interesak zenbatekoak diren jakin gabe lortutako akordioa ona edo txarra den ezin dela bermatu: “Inork izenpetuko al luke hipotekarik zein interes ordaindu behar duen jakin gabe? Kasu honetangauza bera da”.

Bi mailegu

BECen eraikuntza ordaindu ahal izateko bi kreditu eskatu behar izan ziren, eta biak ordaintzeko ardura Jaurlaritzak eta diputazioak hartu zuten. Batetik, Europako Inbertsioetarako Bankuari 250 milioi euro eskatu zitzaizkion, eta diru hori ez da 2027. urtera arte itzuliko. Bigarren kreditua 150 milioi eurokoa zen, eta banku talde edo partzuergo bati eskatu zitzaion. Ekainerako itzulita behar zuen, baina ez da hala izan. “Bigarren kreditu horretan interesa besterik ez da ordaindu, eta, horregatik, hasiera hartan zor ziren 150 milioi horiek zor dira oraindik”. Horregatik, azpiegituraren inguruan egin den kudeaketa “kaskarra” izan dela nabarmendu du Garciak, eta EAJ egin du horren erantzule.