Duela urtebete egindako grabazioa den arren, gaurkotasun osoa dauka. Josu Bergara Sestaoko alkatea etxe agentzietako arduradunekin bildu zen 2013ko ekainean, eta eskaera zehatz bat egin zien: etorkin batzuei ez ziezaietela euren etxebizitzetan bizitzen utzi. “Kaka guztia Sestaora? Ez, ez! Kaka jadanik ez da etorriko Sestaora; bestela bota egingo ditut nik; ni neu arduratuko naiz joan daitezen; ostiaka, noski!”. Joan den urteko hitzak diren arren, joan den astean atera ziren argitara, Bizkaiko SOS Arrazakeria elkartearen eskutik. Eta jakinarazi bezain pronto sortu da zalaparta. Jarrera hori gaitzetsi zuten udaleko alderdi denek, eta Bergarak berak ere aitortu zuen hitz “desegokiak” izan zirela. Baina eztabaida kalera atera da. Sestaoko herritar batzuk alkatearen alde mobilizatu ziren. Azkenekoz, astelehen honetan, eta Kaskoko plaza jendez bete zen. “Alkate, herria zurekin”, “Josu, eskerrik asko zure auzotarrak defendatzearren” eta “Ez gara arrazistak, errealistak baizik” zioten kartelak erakutsi zituzten bertan.
Alkatearen jarrera babestu zuten herritarren onarpen hori “larria eta ulertezina” dela dio Mamadou Mgomek. “Errealistak direla zioten batzuek, baina zein da errealitatea? Atzerritarrik ez dutela nahi, hori da euren errealitatea?”. Euskal Herrian bizi diren senegaldarren integrazioan lan egiten duen Sunu Makaan elkarteko diruzaina da, eta gogoratu du Sestaoko arazoa, orain lehertu den arren, aurretik ere korapilatsua zela. “Erroldatzeko zailtasunak herri guztietan dauden arren, Sestaon betitik egon da horretarako zailtasuna”. Herrian nor erroldatu eta nor ez, hautazkoa dela salatu du, “oinarrizko eskubidea den arren”. Horregatik, nabarmendu du atzerritar ugari erroldatu gabe bizi direla herrian.
Eztabaida pil-pilean dago, eta bertan bi elementu nahastu dira: batetik, Sestaon diren indarkeria kasuak; bestetik, etorkinen erroldatzea. “Askok bi elementu horiek nahastu egiten dituzte, eta hortik sortzen dira arrazakeria jarrera horiek”, Mgomen arabera. Alegia, salatu du atzerritarrak egin dituztela indarkeria kasu horien erantzule, herritarrek aste honetan egindako mobilizazioan “gizalegerik eza” deitoratu bazuten ere. “Beldurra daukate askok, eta jarrera horrekin askoz ere errazagoa da atzerritarra gertatzen denaren erantzule egitea”. Horregatik, atzerritarrak ez erroldatzea begi onez ikusi dutela uste du Sunu Makaaneko kideak.
Baina egoera horrek “miseria” handiagoa ekarriko duela iragarri du Idoia Iragorrik, Txirbilenea kultur guneko kideak. Urteetan Sestaoko indarkeria kasu gehienak izan diren auzoan, Txabarrin, kultur gunea dago duela bi urtetik, eta Iragorri bera ere bertan jaiotakoa da. “Auzo hau betitik izan da gatazkatsua, baina horren erantzulea ez da immigrazioa izan, bazterkeria baizik”. Herriko langabezia tasa Bizkaiko handiena da (%26,8), baina gogoratu du auzoan bertan kopuru horretatik gora daudela. Horregatik, nabarmendu du ezen, lanik ezak sortzen duen zailtasun ekonomikoari ez erroldatzeko joera gehitzen baldin bazaio, giroa lasaitu ordez kontrakoa eragiten duela. Eta atzerritarrak erroldatzeak eduki dezakeen garrantzia nabarmendu du bazterkeria egoera horretatik irten ahal izateko. “Denaren muina da. Atzerritarrak, erroldatu ezean, eskubiderik gabe geratzen baitira”. Mediku txartelik gabe osasun publikora iristeko aukerarik gabe geratzen dira, eta gogoratu du haurrek hezkuntza gabe geratu daitezkeela. “Beraz, lehendik zaila zen egoera bati elementu hori gehituz gero, miseria areagotu egiten da. Integraziorako lehen pausoa erroldatzea izan daiteke, beraz”.
Ez da horrela izan, eta Sestaon gertatzen ari dena “behartsuen arteko borroka bat” dela nabarmendu du Miguel Gonzalez Ellacuria fundazioko zuzendariak. Haren ustez, langabezia tasa horren handia den herrian errazagoa da “jarrera xenofoboak” gailentzea, eta horregatik polarizatu egin da egoera. “Sestaon lehendik ere bazegoen haustura sozial bat, eta orain elkarbizitzaren haustura gerta daiteke”. Izan ere, alkateak berak duela urtebete egin zituen adierazpen horiek “desegokiak” izan zirela onartu baldin badu ere, herritarrek babesa eskaini diote. “Damututa dagoen pertsona bati ezin zaio halako babesik eskaini”.
Jarrera hori hala izan da, herritarrak indarkeria kasuekin “nekatuta daudelako, baina egoera horretan atzerritarrak dira babesik gabeko taldea”, dio Gonzalezek. Bazterturik daudela gogorarazi du, eta testuinguru horretan halako egoerak jasatea ohikoagoa dela.
Integraziorako oztopoak
Ikuspegi horrekin bat egin du Magdalena Bobowikek, EHUko Psikologia Sozialeko ikerketa saileko kideak. “Herrialde berri batera iristen diren pertsonak babesik gabe iristen dira ia beti, eta horrek ahulagoak egiten ditu”. Nabarmendu du bertakoen eta etorkinen artean “oztopo handiak” egon ohi direla: “Eta horrek ghettoak sortzen ditu”. Beraz, amaierarik ez duen gurpil zoro batean sartzen dira etorkinak. Hau da, gizarteak ez ditu onartzen, eta, ondorioz, eurek ere ez dute ahaleginik egiten integratzeko. Hala ere, kolektibo batzuk besteak baino ahulagoak direla ere ohartarazi du duela gutxi EHUren eskutik argitaratu duen ikerketa batean: “Magrebtarrek eta edo errumaniarrek dauzkate estereotipo negatiboenak, indarkeria kasuekin gehien lotzen direnak. Txanponaren beste aldean, gizarteak hobeto ikusten ditu Sahara hegoaldeko afrikarrak eta hegoamerikarrak”. Baina, hala ere, horiek integratzeko oztopoak jartzen direla nabarmendu du. Eta horren adibide gisa jarri du Sestaon atzerritarrek erroldatzeko dauzkaten zailtasunak.
Beraz, etorkinak iritsi diren gizartean integratzeko zein pauso eman beharko lirateke? Batetik, kontzientziazio kanpainen beharra aipatu du Bobowikek. “Ildo horretan lan egiten ari da, baina oraindik bide luzea daukagu egiteko”. Horien artean, Bizilagunak programa aipatu du. Auzoetan bizi diren etorkin eta bertakoen arteko otorduetan oinarritzen da, eta horrek kulturen elkarbizitzarako balio duela azaldu du Bobowikek. “Baina herritar batzuengana iristea oso zaila da, oraindik aurreiritzi asko dauzkagulako kanpotik datozen herritar berri horiekin. Ezagutzen ez diren pertsonak mehatxu gisa ikusten ditugu oraindik, eta hori oztopo handia da gure gizartean”.
Baina bertako biztanleen aldetik bakarrik ez ditu eskatu pausoak; Bobowikek dio etorkinek eurek ere lan egin behar dutela egoera aldatzeko. “Bazterkeriak eragiten duen gurpil zoro horretatik irteteko ahalegina egin beharra daukate”. Hau da, nabarmendu du etorkinek jabetu behar dutela ez direla euren egoeraren zeharkako biktimak, eta horri aurre egiteko ekimena euren baitan dagoela gogorarazi. “Ghetto bat sortzearen aurkako bidea hautatu behar dute, eta onartu euren ardura ere badela euren egoera”. Beraz, bizitokiz aldatzen saiatu behar dutela adierazi du, maila indibidualean edo kolektiboan. “Bide itsu bati amaiera emango liokete horrela”.
Baina berriz ere hasierako eztabaidara itzuli da: erroldatuta egon gabe, aukera gutxi daukate bizilekuz aldatu eta gizarteak onar ditzan. Eta ez hori bakarrik, bizitokiz aldatzeko ekarpen ekonomikoa ere beharrezkoa da. Alde horretatik, Gonzalezek erakundeen parte hartze handiagoa eskatu du. “Erroldatzeko politikak bultzatu behar dira, eta horrekin batera baita etxebizitzetara iristeko aukerak ere”. Iragorrik ere ildo horretatik jo du, eta “arazoa bere osotasunean jorratzeko” eskatu du. Bestela, “irtenbide zaila eduki dezake egoerak. “Indarkeria eta gatazka egoerak saihesteko etorkinak ez erroldatzea ez da erabat zentzuduna, horrek ezkutuko biztanleen kopuru bat sortuko baitu, eta miseria handiagoa”.
Aldarrikapenak aldarrikapen, Mgom ez da batere baikorra. “Azken boladan arrazakeriak gora egin du, eta eskuin muturraren mezuak gero eta gehiago iristen dira herritarrengana”. Ohartarazi du beldurraren gizartea sortzen ari dela, eta bertan “ezberdina denak leku gutxi eduki ohi du”. Egoera hori, beraz, arriskutsua izan daitekeela nabarmendu du, “arazoak kalera egin duelako salto”. Sestaon jarri du begirada, eta, bertako giroa nola mikaztu den ikusita, erakundeei laguntza eskatu die: “Bestela, baliteke egoerak okerrera egitea”.