Zorobidean

Garrasiak entzuten dira alde guztietatik. Autobuseko atzeko eserlekuetatik, metroko eskailera mekanikoetatik, aparkalekuetako auto artetik… Saramagoren Itsutasunari buruzko saiakera-n, kutsatuak mantentzen dituzten gune kontrolatuaren barruan sentitzen zara askotan. Oihuak, aieneak.

Batzuek abesten dute, tarteka —eta eskerrak?—. Beste asko kexu dira, edo haserre, ulertzea ezinezkoa zaizun arrazoi bategatik. Zeure ezkerretara, denda bateko erakusleihoak itzultzen dion bere buruaren islarekin eztabaida latzean dago bat. Gehiagotan ikusi duzu, baina, gehienetan, bakarrizketa baketsuan dago, pozik. Oraingo honetan, semaforoa berde jarri arte itxaroten zaudela, eztabaidaren zergatia ulertu duzu: antza, erakusleihoko bere islak ogi puska bat lapurtu dio. Lotsagabe bat dela, aurrez aurre egonda ikusi egin duela eta ukatzeko lotsarik zelan ez duen galdetzen dio. Sutan dago. Hobe ez molestatzea.

Kalifornia hegoaldeko ospitale batean lan egiten du Crissyk, erizain. Eta berak esana da Ameriketako osasun arazo larriena dela gaixo mentalak osatzeko eta zaintzeko sistemarik ez dutela. Horrela, Los Angeles bezalako hiri handiak psikiatriko irekiak bihurtu dira.

Ur tantekin gertatzen den moduan, elkar erakartzen dute zentzua galdu dutenek, eta, itsaslaminen kantuak marinelak nola, xarmatu egiten ditu L.A.-ko askatasunak. Bertan libre direlako duten errealitatea zukutzeko.

Begiradan nabaritzen zaie aspaldi joanak direla senak ihes egin dien horiei. Begiratzen dizutenean, beren galbahe eriaren atzean preso dagoen gizakiak analizatzen zaituela sentitzen duzu. Gehienetan zuk ez dituzu ulertzen, baina beraiek zu ere ez.

Badaude begirada fokuratuagoa dutenak ere, baina janzkeragatik eta egiten dituztenengatik berezitxotzat hartzen dituzu. Oihu egiten dute bat-batean, haien paretik pasatzen zarenean. Begiratzen diezu, eta barre egiten dute. Eta ozen abesten hasten dira, zuri begira. Komunikazioa dago. Begirada trukaketa horretan ez dago iragazki matxuraturik. Nahita hartu dute horiek nora ezaren bidea.

Arazo larriren batek bultzatu behar izan ditu erabaki hori hartzera: familia kontuak, ekonomiak, bakardadeak, larriminak… Aurrera jarraitzen duzu, eta, hurrengo semaforoak eraztun berdea piztu baino lehen, zuk egiten duzu oihu: “Aaaaaah!”. Inork ez dizu begiratzen. Megalopolian normala baita anormala beharko lukeena.

Erotasunak harrapatu ditu batzuk, tamalez. Nora eza besarkatzea erabaki dute beste batzuek. Eta, bitartean, ezer gertatuko ez balitz legez, aurrera jarraitzen dute ez-kutsatuek, zorobidean, hiriko gune ez-kontrolatuan.