Arratia Bizirik plataformak adierazi du Xorokil harrobia zabaltzeko proiektuak eragingo dituen ondorio ekologikoak “oso kaltegarriak” izango direla herriarentzat. Martitzenean amaitu zen alegazioak aurkezteko epea, eta, egun, lizentzia bat baino ez da falta harrobiak jarduera martxan jartzeko. Talde ekologista “oso kezkatuta” ageri da sorraraziko dituen ondorio ekonomiko eta kulturalengatik.
Plataformakoek azaldu dutenez, harrobia duela berrogei urte ustiatu zen, eta, garai hartan, hiru hektarea atera zituzten. Oraingoan, hogei urterako proiektua onartuko dute, eta 34 hektarea ustiatuko dira. Gorbeiako parke naturalaren mugan dago eremu hori, Gorbeia eta Urkiolako parke naturalen artean. Hori dela eta, eragin handia izango duela adierazi dute Arratia Bizirik-eko ordezkariek. Esan dutenez, zuhaitz eta landare espezie asko arriskuan ipintzeaz gain, interes arkeologikoa duten kobazuloei ere eragin diezaieke. “Han, historiaurreko giza aztarnak dituen kobazulo bat dago, eta hori suntsitzeko arriskua dagoela pentsatzen dugu”.
Horrez gain, inguru horretan ur iturburu bat ere badago, edangarria dena. Arratia Bizirik-en ustez, ordea, harrobia ustiatzen hasiz gero, ur hori kutsatzeko arriskua legoke. “Undabe errekatxoa Zadorra ibaira doa, eta ur edangarria daroa. Harrobia ustiatzen hasten direnean, isuriek uretan amaitu, eta ur hori kutsatuko litzateke, nahiz eta astero kalitatea neurtuko dela esan”.
Horren ondorioz landare eta animaliek ustiaketa horren ondorioak nozituko dituztela azaldu dute. Harrobitik gertu, Saldropoko hezeguneak daude, babestutako biotopoak. “Han ganadu asko dago, eta abeltzainek kalteak izango dituztela uste dute. Horregatik, abeltzainen talde batek alegazio bat jarri du, proiektu hau haientzat kaltegarria delakoan”. Herrian San Isidro jaiak ospatu berri dira, eta Arratia Bizirik-ek informazioa zabaldu eta sinadurak batu ditu herritarren artean. “Orduan jabetu ginen herritar askok ez zutela proiektuaren berri; informazioa eman genien, eta gehienak horren kontra agertu dira”. Orotara, harrobiaren aurkako laurehun alegazio indibidual baino gehiago prestatu dituzte.
Ondorio ekonomikoak
Abeltzainek egin bezala, herriko ostalaritza ostatuen jabe batzuek alegazioak aurkeztu dituzte. Arratia Bizirik talde ekologistaren aburuz, harrobiaren proiektua eta turismoa ez dira bateragarriak, eta arriskuan jartzen du martxan diren egitasmo iraunkor batzuen bideragarritasuna. Esaterako, herriko zenbait gazte inguruko mendien gida bat sortzen ari da, oinezkoentzako ibilbide asko baitaude han. “Harrobia egitea eta aldi berean turismoa eta mendizaletasuna bultzatzea bateraezina da”, adierazi dute.
“Proiektu honek ez dauka zentzurik”. Plataformakoek diotenez, eraikuntzaren sektoreak behera egitearekin bat, harrobien erabilera ere murriztu egin da. Horregatik, ez dute ulertzen ustiapen berri horren beharra. “Herriarentzako onurak sortu baino gehiago, kalteak ekarriko ditu. Hau ez da herritarrok nahi dugun herri eredua. Etorkizunean harrobi bat egiten badute, Zeanurik oso irudi bestelakoa izango du”.
Bidea bakarrik ez egitea erabaki dute Arratia Bizirik-eko kideek, eta Ekologistak Martxan taldearekin elkartu dira alegazioak aurkezteko. “Inguruko herrietako herritarrak ere alegazioak jartzen ari dira proiektu hau gelditzeko. Bide judiziala elkarrekin egitea erabaki dugu”.