“Sindikatuek langabeak ahazten dituzte; alderdien jarrera bera dute”

Hilabete honetan amaitu zaio Aingeru Azpioleari (Sestao, 1977) zegokion langabezia saria. Hiru urte igaro dira behar egiten zuen eraikuntza enpresatik kaleratu zutenetik, eta ordutik zazpi hilabeteko lana eduki du. Azken urtea langabezian eman du. Sestaoko Langabeen Asanbladako kidea da, eta, Bizkaiko gainerako asanblada eta kolektiboekin batera, mobilizazio ugari egiten ari dira, “langabeziaren eta pobreziaren aurka”. Europako Parlamenturako hauteskundeekin batera, mobilizazio kanpaina bat abiatu dute, eta gaur amaituko dute, Bilbon, manifestazio batekin. Ez zen hori, ordea, hasierako asmoa. Hogei minutuko lanuzte batera deitu nahi izan zituzten langileak, “langabeziaren aurka atxikimendua eman zezaten”.

Lanuztea bertan behera utzi eta manifestaziora deitu duzue gaurko Bilbon. Zergatik aldaketa hori?

Ez genuen lortu Eusko Jaurlaritzan egitasmoa erregistratuko zigun sindikatu baten babesik. Deialdia Bizkaiko langabeen kolektiboaren izenean zihoan, eta sindikatuei mobilizazioa erregistratu eta lantegietan kartelak jartzeko besterik ez genien eskatu. Baina, ezezkoa jaso dugunez, lanuztea bertan behera utzi behar izan dugu. Beraz, manifestazio bat egingo dugu Bilbon, langabeziaren gordinkeria salatzeko eta egoera horri aurre egiteko zenbait neurri eskatzeko.

Sindikatuen atxikimendurik ez duzue jaso. Eman dizuete horretarako arrazoirik?

Esan digutenaren arabera, ez zegoen lanuzte hori antolatzeko behar adina denborarik. Gu ez gaude ados arrazoi horrekin. Sindikatuek ahaztu egiten gaituzte, eta ez dakigu zergatik. Beharbada, langabeen artean ordezkaritza sindikalik ez dagoelako. Baina mitinak eman behar dituztenean, orduan oroitzen dira gutaz, bai. Haientzat, askotan zenbaki bat besterik ez gara, eta, ildo horretan, alderdi politikoen jarrera bera hartzen dute. Edonola ere, haien beharra daukagu.

Langabeziak garrantzi handia hartu du Europako Parlamenturako hauteskunde hauetan. Denek aipatu dute egitasmoren bat…

Haientzat ere zenbaki bat besterik ez gara. Hitz egingo dute guri buruz, baina hauteskundeak igaro ostean ere hemen jarraituko dugu guk. Gaur egun, Bizkaian 102.300 pertsona daude langabezian, horietatik %55ek ez dute inolako diru laguntzarik jasotzen. Bizkaiko biztanleen %8 muturreko pobrezian daude, eta biztanleen herenek zailtasunak dituzte hilaren amaierara heltzeko. Egoera horretan, Bizkaiko Elikagai Bankuak 38.200 pertsonari ematen die jana; Caritasek, 13.000 pertsonari, eta Gurutze Gorriak, 3.000ri. Baina, elkarte horiek baino gehiago, politikariek eman behar diote irtenbidea egoera honi. Gainera, dugun egoera Europaren errua ere bada hein batean. Urrun dagoen erakunde bat da, eta ez dute ikusten euren murrizketen ondoriorik. Beraz, hauteskundeak egitea oso ondo dago, baina guk ekintzak ikusi nahi ditugu hitzak baino gehiago.

Esaterako?

Lanpostuak sortzeko irtenbideak badaude, eta bankuak erreskatatzeko izan zuten azkartasuna eskatzen diegu agintariei. Lanorduak jaits daitezke, eta, hala, langile gehiago kontratatu beharko lirateke lantegietan. Ordu gehigarriak erabat kendu behar dira, eta Bizkaiko hitzarmenak ere bai beste sektore guztietan. Ezin dugu onartu enpresariek nahi duten hitzarmenak ezartzea.

Sindikatuek behin eta berriz salatu dute lan publikoetan erakundeek ez dituztela betetzen hitzarmenak.

Oso ondo, salaketa egin dute. Baina zer gehiago? Sindikatuek langileen baldintzak bermatzeko ardura daukate, eta, esaterako, Bizkaiko hitzarmena betetzen ez duten enpresetan legea betetzeko besterik ez dugu eskatzen. Adibidez, ordu gehigarriak ezin dira egin lantegietan, baldin eta egoera berezi bat ez bada. Enpresa askotan, ordea, une oro daude egoera berezi batean, eta hori ezin da horrela izan. Ontziolen sektorea arriskuan zegoenean, guregana jo zuten protestak egiteko, baina orain lana daukate, eta ordu gehigarriak sartzen ari dira, eta sindikatuek ez dute ezer egiten. Haiek daukate indarra gobernu eta enpresei presio egiteko. Haien partez guk joan behar al dugu lantegiak gelditzera? Hala egin behar bada egingo dugu, baina berez ez dagokigu guri.

Udaletxeei ere eskaera zuzena egiten diezue langabeziaren aurka borrokatzeko. Nola egin dezakete hori?

Haiek ere kudeatzen dituzte zenbait lan eta zerbitzu; beraz, asko daukate egiteko. Herrietan eskatzen ari gara udalek kudeatzen dituzten lanpostuen %30 herriko langabeentzat izan daitezela. Guztiak hala izango direla berma dezaten nahi genuke, baina, azpikontratazioen egoera nola dagoen ikusita, zaila da. Gainera, lan horiek txandakakoak izan daitezke, eta, horrela, lana denen artean banatuko litzateke. Egiten dugun proposamenaren arabera, langile bat urte batetik sei urtera arteko epean egongo litzateke lanean, eta ondoren beste langabe bati utziko lioke lekua. Biek izango lukete langabezia saria jasotzeko aukera.

Ildo horretan zer lortu duzue?

Sestaon, esaterako, udalak kudeatzen dituen lanetan, postuen %20 langabeei ematea lortu dugu. Baina hori lortzea ez da batere xamurra izan, zortzi hilabetez egon baikara udaletxearen atarian protestan. Presio egin ondoren, alkateak gure eskariarekin bat egin dezan lortu dugu. Beraz, guk garbi daukagu zein den langabeziari aurre egiteko bidea: lana banatzea eta hori aldarrikatzea. Nekeza izan daiteke, baina beste era batean ez digute kasurik egingo.