Pertsona eta autoen elkarbizitza uztartu guran

Bilboko Zazpikaleetako bizilagunek “urteak” daramatzate kexaka beren auzoko zirkulazio handiagatik. “Karga eta deskarga lanak ez dira behar bezala egiten. Azken finean, oinezkoentzako eremua ez da behar bezala erabiltzen”. Javier Rodriguez Bihotzean auzo elkarteko bozeramaileak egin du salaketa. Aurki, udalak neurri berriak jarriko ditu martxan, eremu hori, benetan, oinezkoentzako gune bihur dadin.

Ekainean jarriko dituzte martxan neurriok, udalaren aurreikuspenen arabera. Karga eta deskarga lanak egiteko bi eremutan banatuko dute auzoa, eta ezin izango da batetik bestera joan Zazpikaleak gurutzatuta. “Aurrerantzean, banatzaileek furgoneta leku batean aparkatu, egin beharreko banaketa lanak egin, eta beste muturrera joan behar badute, handik atera eta beste leku batetik sartu beharko dute berriz”, azaldu du Rodriguezek.

Erriberatik, erreka aldeko kaleetatik sartu beharko da Zazpikaleetara, eta Bidebarrieta zein Posta kaletik atera. Bestalde, Iturribide, Prim edo Posta kalera doazen ibilgailuak soilik sartu ahal izango dira Askao kaletik.

Karga eta deskarga lanetarako denborak muga izango du, gainera: hain zuzen, ordu erdi izango dute banatzaileek behar hori gauzatzeko. “Bizilagunok, bestalde, hamabost minutuko tartea izango dugu”, esan du auzo elkarteko bozeramaileak. Horrez gain, domeketan 18:00etatik 22:00etara ere sartu ahalko dira auzokideak, hamabost minutuz. “Dena den, denbora mugen kontua ez da oso zorrotza izango. Uste izatekoa da ez dizutela isuna jarriko bost minutu gehiago egoteagatik”.

Bestalde, Erronda kalean ezin izango da ibilgailurik ibili 08:00etatik 09:00etara, Maestro Garcia Rivero eta Mugika-Solokoetxe ikastetxeetako guraso elkarteek egindako eskaeraz.”Oinezko ugari ibili ohi da kale horretan. Arazo asko sortzen dira han, gaztetxoak eskolara joateko bidean: atzerako ispiluegaz jotzen dituzte, sakatu, klaxona jo…”.

Anbulatoriora zelan hurbildu argitzeko dagoela zehaztu du Rodriguezek. “Ordu horietan, odol analisiak zein osasun probak egin ohi dira. Baliteke gaixoren bat autoz edo anbulantziaz eraman behar izatea. Beraz, aztertu egin behar da hori ere, mediku etxea Erronda kalean bertan dagoelako”.

Bihotzean auzo elkarteko bozeramaileak argitu du udalak aurki biltzarrean jakinaraziko dituen neurriak “esperimentu” bat baino ez direla, “proba” gisa jarriko dituztela neurriok martxan. Ekainetik aurrera izango da hori, eta sei hilabetez. Sistema, gainera, “ebaluatu” egin ahalko dute Zazpikaleetako bizilagunek. Baldintza hori abiapuntu hartuta, “onartu” egingo dituzte udalaren neurriak.

Izan ere, bestelako proposamenak dituzte haiek. “Auzoa piboteen bitartez itxi gurako genuke guk, eta sarrera kontrolatua izatea”. Sistema informatizatu bat eskatzen dute. “Zein ordutan sar gaitezkeen eta sartzerik daukagun jakinaraziko digun sistema bat. Gaur egun, edozer egin daiteke sakelako telefonoegaz. Medikuarenean ordua hartzeko sistema bera erabil genezake alde zaharrean sartzeko ordua eskatzeko ere”, esan du. Eta egin du beste proposamen bat ere. “Gure ustez, garrantzitsuena auzorako sarrera kontrolatuko duten eskanerrak egotea da. Matrikulak irakurriko lituzkete eskanerrok, eta bermatuko lukete neurriz kanpoko erabilerarik ez izatea”.

Txartelak

Udaltzainek bermatuko dute udalak prestatutako neurriak betetzen direla. “Ez da egingo inongo sistema edo kontrol elektronikorik”, azaldu du Rodriguezek. Merkatariei zein bizilagunei txartelak banatuko dizkiete. Batzuek eta besteek karga eta deskarga orduetan edo domeka iluntzean Zazpikaleetan sartu ahal izateko erabili beharko dituzte. Baina, egoera berezietarako, bizilagunek izango dute aukera ibilgailuagaz aurreikusita ez dagoen beste uneren batean sartzeko ere, horretarako telefonoz deituta.

Datozen egunetan plana azaltzeko biltzarrean baiezkoa emango badute ere, Bihotzean elkartekoek ez dute uste neurri horiek oso baliagarriak izango direnik. Araudi berria martxan jarrita zer arazo sortzen diren aztertzea da bizilagunen asmoa. “Baliteke gehiegizkoa iruditzea edo ibilgailuak sartzeko aurreikusten duen ordutegiari egoki ez iriztea. Dena ebaluatuko dugu”.

Argi dute, dena den, egungo egoera jasangaitza dela. “Edonork urratzen ditu arauak. Edonork aparkatzen du edonon. Udaltzaingoari ere sarri deitu behar izan diogu, etxe bateko atarian autoren bat aparkatuta zegoelako eta bizilagunak ezin zirelako atera ume kotxeagaz zein erosketako orgagaz”.

Karga eta deskarga lanetarako banatzaileek erabiltzen duten denboran ere abusuak salatu ditu Rodriguezek. “Ilarak sortzen dira auzoan, puntako orduetan hiriko edozein eremutan gertatzen den antzera. Hau oinezkoentzako eremua da, ordea. Egoera hori jasanezina da monumentu multzo izendapena duen leku batean. Kaleak hondatuta daudela nabaria da, gainera: etengabe ari dira kaleko lanetan, bidean zulo ugari dago, euria denean putzu asko sortzen dira…”.

Bizilagun guztiak, ordea, ez dira iritzi berekoak, eta hori badakite Bihotzean auzo elkartean. “Batzuek ez dute nahi alde zaharrera ibilgailu bat ere sartzerik; beste batzuek diote noizean behin sartu egin behar direla. Hori guztia adostu egin behar da. Baina ezinezkoa da kanpotik datorrena ibilgailuagaz sartu eta etxeko atarian aparkatzea eta zuk denbora tarte labur batean sartzerik ez izatea, isun bat jar diezazuketelako”, ondorioztatu du.

Mugikortasun arazoak

Bestelako iritziak dituzten pertsona horien artean dago Marta Manzanares, elbarriei zein ezinduei gizarteratzen eta lan munduan txertatzen laguntzeko Igon elkarteko presidentea. Mugikortasun arazoak ditu hark, eta Zazpikaleetan bizi da. “Zaila da guretzat alde zaharrean ibiltzea”, esan du. Leku batetik bestera mugitzen laguntzen dieten ibilgailuen sarrera eskubidea aldarrikatzen du.

Alde zaharra ibilgailurik gabe gura dutenei gogorarazi die kontuan hartu behar dutela zein egoeratan dauden kaleak gurpil aulkietan ibiltzeko. “Ez da batere erraza, askok kontrakoa pentsatu arren. Zailtasun handiak daude: zuloak, eskailerak, oztopoak… Denetarik dago”.

Baina Manzanaresek salatu du udalari egin zioten eskaerak ezetza jaso duela. “Guk egun darabilgun txartelagaz gure autoek sartu ahal izatea eskatzen dugu. Autoa nahitaez behar dugu zenbait lekutara joan ahal izateko. Hori baimentzen ez badigute, oztopo handiak eragingo dizkigute”, adierazi du. Eguneko edozein unetan gauzatu gura dute eskubide hori, baina onartzen dute, dena den, balitekeela “une edo zirkunstantzia jakin batzuetan” ezinezkoa izatea.

Ulertzen du merkataritza bultzatzeko edota turismoa erakartzeko neurriak izan daitezkeela udalak proposatutakoak. Hala ere, euren “eskubideek horren guztiaren gainetik” egon behar luketela deritzo. “Alde biak landu eta uztartu beharko lirateke. Guztiok gustura egongo garen neurriren bat bilatzen ahalegindu behar dugu. Posible dela uste dut nik. Borondatea egonez gero, nahi izanez gero, lor daiteke. Berezitasunak hartu behar dira kontuan era honetako aferetan, eta ez da horrelakorik egiten”, ondorioztatu du.