Oinezkoak lehenesten aitzindari

Bilbo ez da hiri bakarra ibilgailuei sarbidea mugatzeko erabakia hartu duena alde zaharra oinezkoentzat egokitzeko, eta ezta lehenengoa ere. Bizkaian horrelakoak egin dituzte herri batean baino gehiagotan: Balmaseda da horietariko bat, adibidez. 2005az geroztik dute autoek sarbidea mugatua alde zaharrera, Alvaro Parro alkateak gogora ekarri duenez.

“2005ean jarri genuen martxan, eta, orduz geroztik, berrikuntzak egin dira”, azaldu du. “Aspalditik” zuten ideia edo asmo hori Balmasedan, baina orduan egin zuten. “Inbertsio handia egin zuten alde zaharreko urbanizazioan: kale guztietako zoladura aldatu zen, eta galtzada harriak jarri genituen. Bestalde, ur sistema guztiak berritu ziren”. Lan horiek guztiak behar bezala mantentzeko, “estrategikoa” iruditu zitzaien ibilgailuei alde zaharrerako sarrera mugatzea.

Sistema “konplexua” dute horretarako. Lau kaletan dituzte zirkulaziorako mugak. “Horietako bitara (Cuesta eta Pio Bermejillo kaleetara) Balmasedako edozein herritar sar daiteke, ordu jakin batzuetan. Beste bi kale soilik hango bizilagunentzat zein garajeak dituztenentzat dira”. Correria eta Martin Mendia kaleak dira horiek.

Batzuetara zein besteetara sartu ahal izateko, txartelak dauzkate Balmasedako bizilagunek, merkatariek zein banatzaileek. Duela bi urtetik hona, gainera, txartelez gain, autoen matrikulak identifikatzeko sistema bat ere badarabilte.

Alde zaharrean bizi direnak edozein egunetan eta ordutan sar daitezke karga eta deskarga lanak egiteko. Horretarako, etxebizitza bakoitzeko txartel bat daukate. Oinezkoentzako eremuan garajea dutenek, bestalde, auto jakin bati dagokion txartela daukate.

Balmasedan erroldatutako ibilgailu ororentzako txartelak ere badaude. Horiegaz, astelehenetik eguenera bitartean 06:00etatik 20:00etara, eta barikuetan 06:00etatik 16:00etara sar daitezke alde zaharrean. Dendari zein banatzaileentzako karga eta deskarga aukerak ere aurreikusten dituzte, eta larrialdi zerbitzuak noiznahi sar daitezke.

Alde zaharra oinezkoentzat bihurtzeko prozesuak ia hamar urte beteko ditu, eta “pozik” azaldu da alkatea balorazioa egiteko orduan. “Asko irabazi dugu, bizi-kalitateari dagokionez”. Eremua piztu egin dela dio: “Bereziki, taberna eta dendei erreparatuta: izan ere, terraza asko jarri dituzte, eta orain protagonista ez da autoa”.

Neurri horiek abiatzekotan zirenean Balmasedako herritarren artean “zalantza asko” sortu zela ekarri du gogora Parrok: “Bakoitzari erantzun zehatza eman zaio, eta gaur egun iritzia oso positiboa da”.

Bermeon, antzeko sistema

Antzeko neurriak hartu zituzten Bermeon 2009an. Kostaldeko herrian ere, alde zaharreko bizilagunek eta merkatariek txartelak dituzte. Horiegaz, edozein egun eta ordutan sar daitezke. Merkatariei dagokienez, euren saltokiek eta lokalek zabalik egon behar luketen ordutegian sar daitezke autoz alde zaharrera.

Horrez gain, astelehenetik zapatura bitartean, 07:00etatik 12:00etara, zabalik daude alde zaharrerako sarrerak eta irteerak. Karga eta deskarga lanak egiteko ordutegia da hori, hain zuzen. Bi horiez gain, Bizkaian badaude antzeko neurriak dituzten herri gehiago: Portugalete, kasurako.