Bilbo Basketek bihar bukatuko du sasoia. Obradoiro hartuko du ACB ligako azken jardunaldian, eta harmailetako txaloak lau hilabetez isilduko dira. Txaloak bai, baina zalaparta ez. Taldeak azken unean eragotzi du kaos instituzionala, eta administrazio kontseilu berria Bilbo Basket bideragarri nola bihurtu aztertzen ari da. Ondo bidean, aurki agertuko beharko luke babesleren batek, baina zama handia da: sei milioi eurotik gorako zorra. Bideragarri ez izateak taldea desagertzea ekarriko luke, 1991n Caja Bilbaorekin gertatu bezala.
Diru iturri bila
Iragan maiatzaren 6az geroztik, Bilbo Basketek administrazio kontseilu berria du. Hautatua izan, eta buru-belarri hasi zen lanean. Taldearen babesle eta babesle izan daitezkeenekin biltzen ari da, “konfiantza” helarazteko. Bilbo Basketek azken hilabeteetan ezegonkortasun itxura nabarmena eman du. IMQ osasun asegururako etxea taldea babesteko prest agertu zen, baina, kontuak ikusi ondoren, atzera egin zuen, eta aurrekari horrek ez dio mesederik egin taldearen sinesgarritasunari. Dena den, litekeena da administrazio kontseilu berriak babesleren bat lortzea, babes politiko handia baitu. Liga amaiera mugarri izan daiteke.
Denak aurpegi ezagunak
Bilbo Basketen administrazio kontseilu berria aurpegi ezagunez beteta dago: Xabier Jon Davalillo presidentea aurretik ere karguan egon zen, 2010ean dimisioa eman aurretik; Iñaki Calvo izango da presidenteorde, aurretik ere karguan zegoena. Davalillo presidente izan zen aurreko garaian taldeak harreman oso ona izan zuen Bizkaiko erakundeekin.
Hasieran, bai
Bilbo Basketeko jokalariek ez dute soldatarik kobratu urte osoan, eta ligak duen zorren babes funtsera jo zuten apiril bukaeran —hiru hilabete baino gehiago zor badizkiete, jo dezakete—. Bide horren bitartez, hilabete bateko soldata kobratu zuten, 300.000 euro inguru, eta taldeak maiatzaren 31ra arteko epea du itzultzeko. Hala izan ezean, maila galtzera behartu dezakete. Dena den, ligarekin negoziatu ahalko luke, bideragarritasun plana egiten ari dela argudiatuz.
Langileekin, oro har
Langileekin du zorrik handiena, erakunde publikoek ogasunarekin zuena kentzen lagundu ziotelako: taldeko langileekin, jokalariekin, teknikariekin, jokalari ohiekin, entrenatzaile ohiekin… Jokalari eta teknikari ohiek hitz egin dute argien: Kostas Vasileiadis jokalari ohiak jendaurrean esan zuen 240.000 euro zor dizkiotela, eta Fotis Katsikaris entrenatzaile ohiak salaketa jarria du. Egun taldean dauden jokalariekin zorra handiagoa izango da, eta, bidez batez, haien ordezkariekin —portzentaje bat kobratzen dute—, tartean Gorka Arrinda.
Ugazaba ohia
Gorka Arrinda izan da azken urtean bili-bolo ibili den izena. Hura da taldeko lorpenen eta komerien arduradun nagusia. Arrinda aita-semeek taldea sortzeko kapitala jarri zuten, eta hamalau urtez haiek izan dira taldearen akziodun nagusiak (%43). Ogibidez, gainera, jokalari ordezkariak dira, eta euren jokalari asko sartu dituzte Bilbo Basketen. Administrazio kontseilu berriak bere akzioak behar zituen agintea hartzeko. Arrindak, baina, saldu egin nahi zituen, 800.000 euroan —hainbat hedabidetan argitaratu denez—, eta horregatik trabatu zen prozesua.
Porrot eginiko enpresa baten akzioek ez dute baliorik merkatuan. Kirolean, baina, zaleen atxikimendua erabil daiteke presio egiteko. Azkenean dohainik eman ditu, bere jarrerak bideragarritasun plana oztopatzen zuela jakitun, eta hari ere ez zitzaion komeni Bilbo Basket desagertzea. Arrindak lehia galdu duen irudia zabaldu da zaleen artean.
Kirol kudeaketa ona, baina ekonomikoa txarra
Gorka Arrindak kirol arrakasta lortu du Bilbo Basketen buruan egon den urteetan. Taldea ondo sustraitu da, eta etxeko partidetan batez beste ikusle gehien biltzen duen ACBko taldea da (9.000 abonatu inguru). Non da arazoa? Kudeaketa ekonomikoa. Bilbo Basketek sei milioi euroko zorra du egun, eta iaz 5,2ko aurrerapen bat eskatu behar izan zion Bizkaiko Aldundiari.
Orain arte, oso ondo
Bizkaiko Aldundiak oso ondo tratatu izan du Bilbo Basket. Azpiegiturak lortzea erraztu izan dio: Casilla, BEC, Miribilla… Eta ez da falta izan diru laguntza zuzenik. Bizkaia Bilbo Basket izan zen bi sasoietan, bina milioi euro eman zizkion babesle nagusi gisa, eta, beste sasoietan, aldundiarekin harreman estua zuten enpresak izan dira babesle: Iurbentia, Gescrap… Azken mesedea apirilean iritsi zen. Aldundiak 5,2 milioiko publizitate kontratua zuen taldearekin hiru denboralditarako, eta kopuru guztia kolpetik aurreratu zion. Aurreratu baino gehiago, barkatu egin zion: 3,7 milioi euro ogasunarekin zituen zorrak baitziren. Krisi ekonomiko garaian, keinu hark asko higatu zuen aldundiaren irudia, eta iturria itxi zuen. Era berean, eta Arrindak zeharka adierazi duenez, azken urteetan aldundiak ez du askorik erraztu babesle bat lortzea.
Hasteko, gerrikoa estutu
Etorkizuneko erronka zorra ordaintzea da: aurrekontua txikitu —9 milioi eurokoa izatera iritsi zen— eta babeslea bilatu; jokalari merkeagoak fitxatu eta zale kopurua mantendu. Zor handia duten taldeek, ustez, eta legalki, ezin dute ACB ligan jokatu; beraz, litekeena da taldeak hartzekodunen zerrendara joan behar izatea zorraren ordainketa zatikatu eta bideragarri bihurtu ahal izateko.