Jarraipenerako batzordeak Oiolako ura ona den ebatziko du astelehenean

Oiolako ura edateko ona den ala ez ebazten saiatuko da urtegiaren jarraipenerako batzordea. Datorren astelehenean egingo dute batzarra. Sei urte igaro dira Barakaldoko etxeetara iristen den urean lindanoa lehenengoz aurkitu zutenetik.

Uraren kalitateari eta osasungarritasunari buruz hedatu diren zalantzak argitzeko helburua du bilerak. Izan ere, Barakaldoko bizilagunak, ekologista taldeak zein oposizioko alderdiak kezkatuta azaldu dira behin baino gehiagotan Oiolako ura edateak izan ditzakeen balizko arriskuengatik.

2013ko apirilaren 22an hasi ziren, berriz ere, Barakaldoko etxeetan Oiolako ura kontsumitzen. Alkateak dekretu bidez eman zuen horretarako agindua. Orduz geroztik, protesta ugari izan dira. Ur hodiak urtegi hartatik deskonektatzeko eskaera ere hiru aldiz onartu dute osoko bilkuretan, oposizioko alderdien botoegaz. Agintean dagoen PSE-EEk, ordea, ezezkoa eman du behin eta berriz.

EAJren esanetan, Oiolatik kontsumitzen den urak “legeak ezarritako parametroak” betetzen ditu. Azterketak, gainera, “astero” egiten dituztela gogorarazi zuten deskonexioa onartu zuten azken osoko bilkuran, eta lindanoa ez omen da agertu azken bi urteetan. Hala ere, aitortu dute ura Oiolara botatzen duen isurketa batean ere egiten ari direla neurketak eta “leku horretan, tarteka”, lindanoa aurkitu dutela.

Beraz, Barakaldon edaten duten ura “osasungarria dela sinetsita” badaude ere, adierazi zuten ulertzen dutela herritarren artean sortu den kezka eta ezinegona.

Europan ere hizpide

Oiola Europako Parlamentuan ere izan zuten hizpide. Barakaldoko herritar, talde eta ekologisten plataformak jarritako salaketa tramitera onartu zuten han. Urtegiaren egoerari buruzko ikerketa bat abiatu zuten. Arartekoa ere tartean sartu izan da. Hain zuzen, inplikatu guztien arteko batzarra eskatu izan du.