Getxoko portu zaharrera sartzean ikusten den lehen gauzetakoa da Punta Begoñako Galeria. Ia ehun urte dira eraiki zutenetik, eta arrastoa utzi dio denborak. Luxuzko eraikina zena, hondatzeko zorian dago orain. Horiek berreskuratzeko hitzarmena sinatu dute Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Getxoko Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateak. Eraikinaren balioa aztertzea da lau erakundeek egin duten akordioaren helburu nagusia. Eta horretarako haren egoeraren diagnostikoa osatzea izango da egingo duten lehen urratsa.
Hainbat esparrutan egingo dituzte ikerketak, lau erakundeek adierazi dutenez. Besteak beste, azterketa historikoa, soziala, arkitektonikoa, kimikoa eta hidrogeologikoa egingo dituzte. Eraikina berriztatzeko asmoa dute, eta, horretarako, esku hartzearen eragin sozioekonomikoak eta estrategikoak aztertu nahi dituzte. Prozesua herritarrekin batera egin nahi dute, eta parte hartzea bermatzeko baliabideak jarriko dituztela azaldu du Josune Ariztondo Bizkaiko Aldundiko kultura diputatuak.
EAJ, PSE-EE eta EH Bilduren babespean sinatu dute akordioa. PPk ez du bat egin. Arturo Aldekoa alderdiko diputatuaren ustez, “berehalako” esku hartzea behar du eraikinak, eta lau erakundeek egindako proposamena “konplexuegia” izateaz gain, “oso garestia” izango dela azaldu du.
Erakundeek egin duten hitzarmenak ez du iraungitze egunik. Eta zehaztu ahala, konpromisoa eskatuko zaie proiektuari dagozkion beharrezko inbertsio ekonomikoak egiteko. Getxoko Udalaren ekarpena handiagoa litzateke, bera baita eraikinaren jabea. Ariztondok adierazitakoaren arabera, “publikoa” izango da galerien erabilera, eta, berritzen ari diren bitartean, bisitaldi gidatuak antolatuko dituzte. Arañako gatzaga eta Gasteizko Katedrala berritzean egindako prozesua egin nahi dute Getxon ere.
Arlokako ikerketen ondoren egingo dituzten hitzarmen espezifikoetan emango dituzte berreraikitze lanen zehaztapenak. Ariztondok onartu du eraikina oso txarto dagoela, baina nabarmendu du diagnostikoa egin ahala, zurtoinez eusteko neurriak har daitezkeela: “Azkar egin nahi ditugu gauzak, baina ondo”. Bizkaiko beste eraikin zaharkitu batzuk berritzeko eredua izango da Getxokoa.
Aberatsen eskuetatik herrira
1918an egin zuten Punta Begoñako galerien eraikuntza, Horacio Etxebarrietak aginduta. Ricardo Bastida arkitekto bilbotarrak eraiki zuen. Diruduna zen Etxebarrieta, eta, urte luzez, jai giroa nagusitu zen eraikinean. Luxuzko bizitza baten testigu izan zen, jabeak etxebizitza eraistea erabaki zuen arte. Ordutik, galeriak besterik ez dira geratzen. Frankismo garaiko lekukotasuna ere gordetzen dute hormetan dauden margolanek.
Urte hauetan hamaika eztabaidaren jomuga izan dira galeriak. Barcelo hotelen kateak egin zuen azken proposamena: luxuzko hotel bihurtu nahi izan zuen eremua. Baina proiektuaren aurka azaldu ziren Getxoko herritarrak. Herriaren ondasun kulturaltzat gorde nahi dute eraikina. Eta horretarakoxe da lau erakundeek sinatu berri duten hitzarmena.