Eskuz, neurrira, jostearen sekretuak

Eskuz, norberarentzako propio egindako trajeak sortzeko prozesua eta jostunen ogibidea protagonista dituen erakusketa ikusgai dago Sopuertako Enkarterrien Museoan, Bizkaiko azken maisu jostunak. Jantziak neurrira egitearen lanbidea izenburuagaz. Proiektu handiago baten barruan kokatzen da erakusketa. Enkarturrek kudeatuta, eskualdean modagaz lotutako hainbat jarduera prestatu dituztela azaldu du Javier Barrio museoko zuzendariak.

“Joskintza mundua hartu dugu ardatz. Urteetan jendea jantzi duten sastreekaz berba egin dugu horretarako”, esan du. “Lan handia” egin dute erakusketa prestatzeko. “Zazpi jostun inguruk soilik dihardute oraindik beharrean Bizkaian. 1980ko hamarkadan 40 bueltan ziren, eta ehungintza industrialik ez zegoenean, herritar gehienek joskintzara jotzen zuten janzteko arropa bila”.

Jantzigintza industrialaren garapenaren ondorioz, ordea, lanbideak behera egin du. Jostunek, informazioaz gain, eurek egindako jantziak ere utzi dizkiote museoari. “Era eta garai askotakoak dira: 1980ko hamarkadakoak eta modernoagoak”.

Erakusketan, beraz, batetik, sei jostunen sorkuntzak aurkituko ditu bisitariak. Beste atal batean, tailer bat islatu dute, Juan Antonio Andraderen laguntzagaz: “Mahai bat dago: oihalak zelan mozten dituzten edota erabiltzen dituzten elementuak ikus daitezke gainean”. Tailer bateko makinak jarri dituzte beste ataletako batean. “Josteko makinak daude. Pantaila erraldoi batean dokumental bat ere emango dugu. Sastre guztiei egindako elkarrizketak jaso ditugu dokumentalean”.

Jostunen historiaz gain, “neurrira egindako jantzien bertuteak” azaldu dituzte dokumentalean. “Euren jantziek, jantzigintza komertzialaren ondoan, gehigarri bat dute: norberaren gorputza ardatz hartuta eginda daude; eskuz josita, gainera. Profesionalek diote artisau lanbidea dela eurena. Javier De Juanaren esanetan —jostuna, bera ere—, artisautzaz baino artetik gertuago daude. Izan ere, jostunak garaian garaiko joera guztiak bildu behar ditu, bezeroaren nahiei erantzuteko. Zer-nolako bezeroa den eta zer gura duen ebatzi behar du, eta neurrira egiten dio trajea”.

Jostun gehienek gizonentzat egiten dituzte arropa gehienak. Emakumeentzat ere lan egin izan dute, ordea. “Soinekorik ez zuten egiten andreentzat, trajeak baizik”.

Andre sastrerik ez

Bizkaian, ez da emakume jostunik egon. “Bakarren bat soilik”. Emakumeek ofizial postuak zituzten: “Gehienak prakaginak ziren. Jostundegietan, antzina, sastreaz gain, tailerrean joste lanetan aritzen ziren beharginak egoten ziren, tartean, andreak”.

Javier de Juana sastreak, ordea, argi dauka horren arrazoia: “matxismoaren ondoriotzat” jo du. “Beste lanbide batzuetan gertatu izan den bezala” gertatu da jostunen munduan ere. “Garai haietan —XIX. mende bukaeran— emakume bat probagelan gizon bategaz bakarrik geratu beharrak sortzen zien lotsa” ere izan zitekeen beste arrazoietako bat, zenbaiten aburuz.

Egun gero eta jostun gutxiago daudenez, lan handia dute. “Euretako batek azaldu digu, Anberesen [Belgika] zein Zurichen [Suitza] dituela bezeroak”. Euren lana “gogorra” dela diote; “ordu asko eman behar dituzte josten”. Horrexegatik, egun arazo nagusi bat dute, “beharginak aurkitzeko zailtasuna”. Gonzalo Cardenalen langileak, adibidez, etorkinak dira, “hemen ez dagoelako inor prest lan horretan aritzeko”.

Bisita gidatua

Domekan bisita gidatu bat eta tailer praktikoa egingo dituzte museoan, Juan Antonio Andraderen eskutik. “Traje bat zelan ebaki eta zeintzuk diren pauso garrantzitsuenak azalduko du. Bisitariek patroi bat egiten ere ikasiko dute”. Saiootan parte hartzeko izena eman behar da. Bihar da horretarako azken eguna. Gehienez, 25 lagunentzako lekua dago.

Eskualdeko gainerako jardueren barruan, gaur eta bihar, esaterako, moda eta tradizio garaikidearen lehen topaketa aurkeztuko dute Balmasedan, Boinas La Encartada museoan.