ELAk akordioa sinatu du Bizkaiko adinekoen egoitzetan

ELAk Bizkaiko adinekoen egoitzetako baldintzak erregulatzen dituen sektoreko hitzarmena sinatu du Bizkaiko Foru Aldundiarekin. Gaur egun, Bizkaiko adinekoen egoitzetan, eguneko zentroetan, etxebizitza komunitario eta babestuetako pisuetan 6.500 langile inguru aritzen dira. Akordio horrek sindikatuaren helburuak bete ditu; besteak beste, erreforma lan zentroetan sartzea galaraztea eta orain arteko lan baldintzak mantentzea.

2012. urtearen amaieran abiatu ziren hitzarmenaren negoziazioak. ELAren ustez, zerbitzua pribatizatzeko “erabaki politikoa” izan da adinekoen egoitzetako lan gatazkaren oinarria. Ondorioz, langileen lan baldintzak okertu eta enpresarien mozkinak handitu direla salatu du sindikatuak. Horri aurre egiteko, egungo foru gobernuak ardura hartu eta arazoari aurre egin diola aitortu du ELAk. Sindikatuak egindako eskaera onartu ostean, aldundiak bere gain hartu du zerbitzuaren ardura, baita horietako langileen lan baldintzak hobetu eta mantentzearena ere.

Nahiz eta hitzarmena sinatuta egon, lanean jarraituko dutela adierazi dute sindikatuko ordezkariek. Azpimarratu dute lortutakoa aplikatu beharra dagoela orain, eta mobilizazioei esker Mungiako San Jose Etxe Alain lortutako akordioaren adibidea ekarri dute gogora. Akordioan, 1,2 puntuko soldata igoera, aldi baterako lanerako ezintasun egoeratan %100eko osagarria eta bi eguneko lanaldiaren murrizketa lortu dute.

LAB ez dago ados

LAB sindikatua ez da bat etorri Bizkaiko adineko egoitzetako hitzarmenaren negoziazioarekin, eta prozesua kritikatu du opakoa izan delako. Eta hitzarmeneko edukiak osatugabeak direla ere adierazi du. Horregatik jarriko du martxan datozen hilabeteetan, bizi-kalitatea eta lan baldintzak hobetzea eta egoitzetan izaten diren gabeziak agerian uzteko. Hala, LABek enplegua sortzeko eta adinekoen egoitzetan arreta eta tratu ona bermatzeko neurri zehatzak proposatuko ditu.