Abstrakzioa laztantzeraino eramaten du giza figura bere piezetan Henry Moore artistak (Castleford, Ingalaterra, 1898 – Much Hadham, Ingalaterra, 1986). XX. mendeko eskultore nagusietariko bat izan zen, eta maiz aritu zen kale eskulturak egiten. Munduko hamaika txokotan aurki daitezke haren artelanak. Gernikan ere bada haren pieza bat, esaterako, eta hemendik aurrera Bilbon ere jarriko dituzte. 1960tik 1982ra artean sortutako zazpi eskultura handi jarriko dituzte Casilda Iturrizar parkean. Uztailaren 17ra arte izango dira han. La Caixa Gizarte Ekintzak bultzatutako Artea Kalean egitasmoaren parte da ekinbidea.