Opera, piano eta zarzuela doan entzuteko aukera eskainiko du gaur Karrantzako Udalak. Hain zuzen, Kultur Etxeak Alfredo Kraus musika elkarteagaz elkarlanean, aria, opera bikote eta zarzuela kontzertua prestatu du. 20:00etan emango diote hasiera emanaldiari. Maria Ogeta sopranoak, Javier Tome tenorrak eta Ruben Fernandez piano jotzaileak G. Puccini, G. Bizet eta J. Guridiren lanak interpretatuko dituzte.
Opera kontzertuak, oro har, ez diren merkeak izaten; eta entzuleak gehienbat adin batetik gorakoak izaten dira. Hori horrela ez dela izan behar uste dute Karrantzako Udalean. Joera horiek aldatzeko asmoagaz, kontzerturako sarrera doakoa izango da. Izan ere, zaletasun eta adin guztietako entzuleak erakarri gura dituzte. Sarrera librea izango arren, kultur etxera telefonoz deituta lekua hartu beharko da.
Edozelan ere, argi utzi gura izan dute gaurkoa opera munduan murgilketa txiki bat egiteko aukera baino ez dela. Izan ere, udaletik azaldu dutenez, kultur etxean egingo duten saioa ezin da konparatu auditorium on bateko agertokiagaz. Bide batez, Javier Tome tenorrari eskerrak eman gura izan dizkiote, hura Karrantzan bizitzeak egin baitu posible kontzertua antolatzea.