Txistua, dagokion lekuaren bila

Iaz abiatutako lanari jarraituz, 2. Txistulari Eguna ospatuko dute bihar, Portugaleten. Batetik, txistularien udal banda berreskuratzeko aldarrikapena aterako dute kalera. Bestetik, txistuari dagokion presentzia eman diezaiotela eskatuko dute. Goizean hasi eta arratsaldera bitartean txistuaren doinuek hartuko dituzte herriko kaleak.

Jon Iñaki Carnicero da biharko jarduera antolatu duen Portugalete Txistu Zaleak taldeko kideetako bat. Gogora ekarri duenez, XVII. mendeaz geroztik egon dira udalean txistulariak. “1996an erretiratu zen azkena. Orduz geroztik, udalak ez du berreskuratu banda”. Hain zuzen, 1653tik 1996ra egon zen udal banda. Egun, behar denerako, txistulariak kontratatzen ditu udalak, baina ez dago banda formalik.

Hori horrela, duela bi urte talde bat elkartu zen Portugaleten udal banda berreskuratzeko aldarrikapenari bultzada emateko. Hainbat jarduera jarri zituzten martxan. Lehenengoetako bat izan zen Portugaleteko eta ondoko herrietako txistulariak elkartzea egun batean. Modu horretan sortu zen Txistulari Eguna.

Jakin badakite egoera ekonomikoari erreparatuz gero “garai txarrak” direla, baina udal banda berreskuratzeko aldarrikapen eta nahia ez dute alde batera utziko. Hala ere, txistua ezagutaraztea eta zabaltzea dute beste helburuetako bat; hau da, txistua kalean egon dadila.

Harreman sarea hedatuz

“Apurka-apurka bagabiltza gure kontaktuak handitzen. Alboko herrietako musika eskoletakoekaz, Muskiz, Ortuella, Portugalete eta Santurtzikoagaz harremanak baditugu. Txistulariak eta txistua jotzen ikasten ari direnak bilduko dira jaira”. Iaz, 60 inguru elkartu ziren. Aurten ere aurreikuspenak onak direla dio.

Egitarauari dagokionez, goizean egin dute txistulariak elkartzeko hitzordua. “Zutabeetan antolatuta ibiliko gara herrian zehar”. San Rokeko metro geltokian elkartuko dira guztiak. Handik, batzen den txistulari kopuruaren arabera, bi edo hiru zutabe antolatuko dituzte eta herriko kaleetan zehar abiatuko dira.

Guztira, bi orduko kalejira egingo dute. Topaketari bukaera emateko, udaletxe aurrean elkartuko dira txistulari guztiak. Han, 14:00 aldera, ordu erdi inguruko kontzertu xume bat egingo dutela iragarri du. Bukatzeko, eta indarrak berreskuratzeko, mokadu txiki bat prestatu dute.

Argi daukate udal banda berreskuratzeko arazo nagusia ekonomikoa dela. Hala ere, Portugaleteko Txistu Zaleak taldeko kideak gogora ekarri du iazko maiatzean lehenengo Txistulari Eguna egin ostean, Portugaleteko jai guztietan presente egon zirela: Guiako Amaren egunean eta San Roke eta San Nikolas santuen omenezko jaietan. “Txistua atera dugu kalera, jaia girotzeko, baina baita aldarrikatzeko”.

Horrez gain, hainbat jarduera egin dituzte txistuaren ikusgarritasuna bermatzeko. “Berbaldi bat egin genuen joan den urrian, Portugaleteko historian txistulariek izan duten presentziari buruzkoa. Martxoan Jose Inazio Ansorena ekarri genuen hitzaldi bat egiteko”. Jarduera biek arrakasta handia izan zutela azaldu du.

Borrokan jarraitzeko asmoa

Txistularien taldeak udal talde guztiei eskatu zien aurrekontuetan diru kopuru bat gordetzeko, haren bitartez udal banda berreskuratzeko. “Ezezkoa jaso genuen. Ez omen dira garai onak kulturan dirua inbertitzeko. Hala ere, aurrera jarraituko dugu”.

Antolatzaileek iragarri dutenez, adin guztietako txistulariak elkartuko dira biharko festa eta aldarrikapen egunean. Hasi ikasleetatik, eta urte mordoa txistulari dabiltzanetara arte. Carnicero bera, adibidez, 40 urtetan dabil musika tresna horren inguruan. Guztiak, gainera, helburu berari jarraikiz ariko dira.

EGITARAUA

11:30. Txistulariak elkartu eta kalejiran abiatuko dira.

14:00. Ordu erdi inguruko kontzertua emango dute, udaletxe aurrean.

Ostean. Jaialdiari bukaera emateko, mokadu txiki bat antolatu dute.