Poztasunak atzean dituen itzalak

Sestaoko Naval ontziolak bi urterako lortu duen lan kargak iritzi kontrajarriak sortu ditu Ezkerraldean. Navaleko zuzendaritzak ferry bat eraikitzeko kontratua lortu berri du. Joan den barikuan eman zuten haren berri; albiste ona da, lana erregulatzeko zortzi txosteni aurre egin baitie enpresak. Akordio horri esker, egun lanean dabiltzan hirurehun langile inguruk ziurtatua dute bi urterako lan zama. Eta, bide batez, enpresa bera lanean hasi da, martxoaren 13az geroztik geldi-geldi egon ostean. Hala ere, herritar guztiek ez dute iritzi berbera. Denek hartu dute pozez, “lana izatea beti delako aurrerapauso bat”. Hala ere, gehienek nabarmendu dute Navalen moduko enpresa batentzat bi urteko lan karga izatea ez dela nahikoa.

“Bat eman diete, ezta? Beste dozena bat eman beharko diete, orduan”. Pedro Carretero Sestaoko erretiratua da. Urte luzez aritu da ontziolen munduan beharrean. “1983an ontziak desegiten aritu nintzen, eta garai hartan zortzi ontzi genituen… Begira gaur egun nola ari diren”. Kasko plazan ibili da Carretero, beste bi lagun erretiraturekin batera.

Sestaoren eta Ezkerraldearen egoeraz galdeginda, gogora dakar duela hamarkada batzuetako “paradisua”. “Duela 30 bat urte, 7.000 langile ari ziren Navalen. Pilaturik egoten ziren aldageletan, eta hiriko beste lantegi handienetan ere egoera antzekoa zen. Milaka pertsonak lan egiten zuten herrian. Eta begira orain, langabe tasa handiena daukan herria da. Hori oso tristea da”. Carreterok uste du bi urterako lan karga jasotzeak ez duela askorako balio. “Segituan pasatzen dira”. Haren irudiko, “gaurko ogia biharko gosea” izango da. “Labe garaien eraikina desegiten aritu nintzen erretiratu baino lehen, eta hori lanean gertatu zaidan gauzarik tristeena izan zen. Hainbeste pertsonarentzat hain garrantzitsua izan zen eraikina suntsitzen ari nintzen, horrek daukan esanahiarekin”.

La Pela kalea ezaguna da Sestaon, tabernaz josita dagoelako. Inguru hori izan daiteke herriko krisiaren isla. Bi metroko, taberna baten atea sumatzen da kalean, baina barruan inor gutxi ikusten da. Lagun baten konpainian, Ieltxu Sarabia gaztea taberna bateko terrazan dago. Pozez hartu du ontzi berria eraikiko den albistea, baina oso kritiko agertu da kontratu horrek atzean izan ditzakeen interesekin: “Soluziorik ez dakarren partxe bat besterik ez da. Egia da lan erregulazioren bat libratuko duela, baina apurrak besterik ez da. Gehienbat balio du Navalen inguruan sortu diren iritziak eta kexak isilarazteko, Eusko Jaurlaritzak larrua utzi duela sinetsarazteko”. Sestaori bakarrik ez, Ezkerralde guztiari eragin beharko liokeela uste du Sarabiak, “Naval baita eskualdean lanpostu asko sorraraz dezakeen ia enpresa bakarra”.

Garazi Bazigalunek aitortu du ezer gutxi entzun duela albiste berriaz, baina argi dauka iraganean izandako enpresa handi hartatik gutxi geratzen zaiola gaur egun Navali. “Gogoan ditut enpresa pribatizatu zuteneko liskarrak. Mundu guztia zegoen han, eta begira zertarako balio izan duen, ezer gutxirako”.

Bizkai osoko erreferentzia

Sestao River herriko futbol taldeak liga irabazi du, eta horrek ere tertuliarako gaia eman die sestaoarrei. Lorpen horretaz berbetan harrapatu ditu Bizkaiko Hitza-k hiru andre erretiratu. Pozik daude. Azken egunetan albiste baikorrak heldu baitira herrira, “azken boladako joera hautsita”. Ez dute izenik eman gura izan. Euretako bat Sestaoko zapata denda bateko saltzailea izan zen urte luzez, eta, dioenez, duela hogei urte gaur egun baino hobeto bizi ziren. Sestao Ezkerraldeko ekonomiaren eragilerik garrantzitsuenetarikoa zen, haren lurretan baitzeuden garai hartako lantegirik garrantzitsuenak.

Aipatutako ontziolarekin batera, beste hainbat enpresak gidatu zuten eskualdeko ekonomia. Bizkaiko Labe Garaiak eta Babcock & Wilcox enpresa estatubatuarra, beste hainbaten artean, Ezkerraldeko ekonomiaren motor nagusia bihurtu ziren. “Beti izan gara langile herria, baina lehen igartzen zen herrian diru gehiago mugitzen zela”, jakinarazi dendari ohiak. “Nabaria da askoz jende gutxiago ibiltzen dela kaletik, eta ibiltzen denak ere ez du garai bateko maila ekonomikorik”.

Fernando Arco ere erretiratuta dago. Haren iritziz, “Sestao herri langilea izan da betidanik, eta horrek eragin berezia dauka guztian”. Zertan nabaritzen den galdetuta, bere kasuan, seme-alabei ekonomikoki lagundu behar izatea nabarmendu du. “Duela hogei urte baino okerrago gaude orain, baina badago zerbait hau guztia ezberdintzen duena: gazteria lelotuta dago, ez da kalera irteten. Duela berrogei urte lortutakoa ketzen ari dira”. Oraingoz, bi urterako lasaitasuna lortu dute Sestaon. Hurrengo enkargua noiz iritsiko zain daude.