Onarpenetik begirunera

Onarpenetik onespenera arteko urratsa. Pauso hori egin beharko da, LGTBI kolektiboaren aurkako fobia desagertzea nahi baldin bada”. Inmaculada Mujika Aldarteko zuzendaria da, eta gay, lesbianei, transexualei, bisexualei eta intersexualei laguntza psikologikoa ematen dihardu elkarte horretan. Aitortu du aurrerapausoak eman direla homofobiaren inguruan: “Azken urteetan, LGTBI kolektiboarenganako tolerantzia mailan irabazi dugun heinean, erronka nagusia benetako errespetua lortzea izango da”. Bihar, hain zuzen, Homofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna gogoratuko da, eta hain egun esanguratsua baliatuz, borroka horren inguruko erakusketa bat antolatu dute Durangon. Pinondo Etxean dagoen Andragunean atondu dute, Homofobia iraganeko kontua da. Sexu eskubideak=Giza eskubideak izenpean. Maiatzaren 23ra arte egongo da zabalik.

Baina benetan da iraganeko kontua? “Egia da gaur egun jada ez direla existitzen garai bateko eraso homofoboak, eta, legeari begira, esan dezakegu ia-ia berdintasuna lortzekotan gaudela. Hala ere, sexu joera ezberdinak ezohiko zerbait direla pentsatzeari utzi, eta egunerokotasunera eraman behar dugu afera hori. Sexu joera homosexuala gauza normala da, bizitza bezalakoxea”, erantzun du Mujikak.

Erakusketan bereziki azpimarratzen den legez, giza eta sexu eskubideak eskubide unibertsalak dira, eta horrek garrantzi berbera ematen die biei. Eztabaida horren baitan, munduko hainbat adituk hurrengo adierazpena sinatu zuten 1993an, Sexologiari Buruzko Munduko XIII. Kongresuan: “1948ko Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala bezala, sexu eskubideak ere munduan lortu ditugun aurrerapenen artean daude. Gizarte guztiek onartu, sustatu, aintzakotzat hartu eta zabaldu behar dituzte sexu eskubideak, eskura dituzten bitarteko guztiak baliatuz”.

Azken bi hamarkadetan hainbat pauso eman dira, eta egoera asko hobetu da Mendebaldean, munduko beste hainbat herrialdetan ez bezala. Geroz eta herrialde gutxiago dira gay eta lesbianen aurka heriotza zigorra ezartzen dutenak, baina oso gogor zigortzen dituzte, oraindik orain. Mendebaldean, berriz, kasu deigarrienak alde batera geratu direla dio Mujikak, baina homofobiak itxuraz aldatu duela: “Ezagutzen ditut kasu batzuk non alaba edo semea etxera joan den, gurasoei homosexuala dela esan dien, eta aurrerantzean ez den horretaz gehiago hitz egin. Etxean mundu guztiak ezagutzen du pertsona horren sexu joera, baina inork ez dio babesik ematen. Azkenerako, gazte horrek isilpean sufritu beharko ditu bere bizitza afektibo sexualetik eratorritako arazo guztiak”.

Suizidio saioen tasa altua

INJUVE erakundeak 2011n egindako ikerketan adierazten zuenez, gazteen %53ren ustez LGTBI batek ezin du lantokian naturaltasunez hitz egin bere sexu aukeraz, eta %50ek gauza bera uste dute ikastetxeari dagokionez. Gainera, ia %80k entzun dituzte LGTBIen kontrako iritziak, isekak edo irainak, bai eta haien imitazioak ikusi ere. Horrez gain, nazioartean eginiko beste hainbat ikerketak nabarmendu dute sexu joeraren ondorioz pairatzen diren bazterketek ondorio larriak eduki ditzaketela, batez ere nerabezaroan. Zenbait eskola ikerketetako emaitzek adierazten dute Kanada eta AEBetako gazte heterosexualen %1,1 ahalegintzen direla beren buruaz beste egiten 20 urte betetzen dituztenean. LGTBIen artean, portzentaje hori %22koa da. Zeelanda Berrian eta Irlandan, %32ra igotzen da, eta Norvegian, %35era. Azterlan guztiek nabarmendu dute LGTBI gazteen artean euren buruaz beste egiteko saio kopuruaren handia.

Arraroa iruditu arren, Mujikak homofobia kasuak antzeman ditu aspalditik LGTBI kolektiboko kideen artean. Mujikari harrigarria iruditzen zaio zenbat gaztek ukatzen duten beren sexu joera: “Iraganean, gazte prototipo horrek homosexualitatearekin erlazionatutako oro gorrotatzen zuen. Orain, aldiz, onartzen ez dena norbere burua da. Ezberdintasun handia da hori, etorri izan zaizkidalako pertsona ugari 30 urte bete arte ez dutenak euren burua onartu, eta ez direnak heldu zoriontsu bizitzera. Horrek, psikologo moduan, asko harritzen nau”. Horretaz gain, psikologoak nabarmendu du homofobiak norbere buruaren muga gainditu eta lan munduan ere eragina daukala. Haren iritziz, kolektibo horrenganako errespetua ez dago guztiz errotuta gizartean. “Gaur egun ezinezkoa da arrazoi horrengatik inor esplizituki kaleratzea, baina oraindik egon badago beldur hori”.

Mujikaren iritziz, gizartea geroz eta toleranteagoa da. Hala ere, gizartearen sektore espezifiko batzuen aurka egin du, horiek behin eta berriz egiten dituzten eraso politikoengatik. Eliza da horietako bat. Eskuineko ideologia duten zenbait alderdi politiko, besteak. Fededunak eta Eliza katolikoko buruzagiak ezberdindu nahi izan ditu psikologoak.

Ibilbide luzea egiteko

Durangon ipini duten erakusketak hamahiru taula izango ditu. Horietako bakoitzean LGTBI mugimenduak iraganean izandako bizipenei eta etorkizunean izango dituen erronkei buruz hitz egiten da. Alde horretatik, Mujika oso argia da: “Gauza oso garrantzitsuak lortu ditugu orain arte, baina ibilbide luzea dugu aurretik. Gizarte oso pribilegiatuan bizi gara, baina ez dugu ahaztu behar homofobiaren ikuspuntu osatu bat eman behar dugula, eta munduan zehar homofobia oso bizirik dago”.

Etorkizunera begira, Mujikak uste du homofobiaren aurkako mugimendua desagertuz joan beharko litzatekeela. Eta hori gertatzen denean albiste ona izango dela dio, homofobia behin betiko desagertuko delako. “Nik ez dut ezagutuko, 55 urte ditudalako, baina orain arte lortutako guztia salbatu behar dugu”. Biharkoa egun aproposa iruditzen zaio aldaketen alde egiten jarraitzeko.