Gueñesko Udalak lursaila eskaini dio Osakidetzari ospitale bat eraikitzeko

Gueñesko Udalak 6.000 metro koadroko lursaila eskaini dio Osakidetzari Enkarterriko eskualde ospitalea eraikitzeko. Sodupeko Hurtado de Saratxo auzoan kokatuta dago udalerriak osasun erakundeari eskainitako lur eremua, futbol zelaiaren eta etorkizunean eraikiko duten Bigarren Hezkuntzako institutuaren artean. Proposamenarekin ospitalea eraikitzeko proiektua desblokeatu nahi dutela adierazi du Koldo Artaraz Gueñesko alkateak.

2008an Zallako Udalak Karmen auzoko lur eremua eman zion Osakidetzari eskualdeko osasun espezialitateetarako zentro bat eraikitzeko. Baina Ura Uraren Euskal Agentziak adierazi zuen auzo horretan uholdeak gertatzeko arriskua zegoela. Hori dela eta, proiektua geldiarazi zuten. Sei urte pasatu dira ordutik, eta, eraikuntzak aurrera egiten ez duela ikusita, Zallako Udalak Osakidetzari eskatu dio emandako lur eremua bueltatzeko.

Artarazek adierazi du egoera hori ikusita Sodupeko lurrak eskaintzea erabaki dutela udalean: “Berdin da ospitalea non kokatzen den. Kontua da eraiki egin behar dela”. Gaineratu du ez duela udalen artean eztabaidarik piztu nahi, baina iruditzen zaio Zallako Udalaren geldialdiak ez duela beste aukerarik uzten: “Eskualdeko beste udalerriren batek ospitalea eraikitzeko alternatibaren bat badu aurkeztu dezala ahalik eta arinena”.

Eman dituzten datuen arabera, 4.000 metro karratu beharko lituzke Osakidetzak zentroa eraikitzeko. “Lursaila hori baino handiagoa denez, etorkizunean handitzeko modua ematen du”, adierazi du Gueñesko alkateak. Azaldu du ondo komunikatutako tokia dela, autobus eta tren geltokia alboan dituela eta Cadaguako lasterbidea ere 500 metrora duela.

Medikuntzako ikasleak, kexu

Basurtu eta Gurutzetako medikuntzako seigarren mailako ikasleek elkarretaratzea egin zuten martitzenean, Basurtun Medikuntza eta Odontologia Fakultatea eta Erizaintza eskola eraiki ditzatela aldarrikatzeko. Salatu dute Euskal Herriko Unibertsitateak duela sei urte agindu zuela Basurtuko fakultatea egingo zuela, “baina ez du bere hitza bete”.

Leioako campuseko fakultateak “zaharkituta” daudela ohartarazi dute. Gero eta ikasle kopuru handiagoa joaten da, eta instalazioak “ez dira egokiak”, ikasleen arabera. Nabarmendu dute Basurtuko egoera ere larria dela. Txapaz egindako irakaskuntza unitatea dutela azaldu dute: “Behin-behineko eraikina izango zela adierazi ziguten, lau urterako, eta gu baino zaharragoa da”.

Ikasleek adierazi zuten euren atzetik etorriko diren ikasleak “fakultatea ospitale baten ondoan ez duten Espainiako bakarrak izan ez daitezen” lan egin nahi dutela, nahiz eta ikasketak aurten bukatzen dituzten.

2013ko bukaeran, ikasleek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskatu zioten Basurtuko fakultateko proiektuarekin zer gertatzen zen argitzeko. Ikasleak aitortu dutenez, “suminduta” daude Errektoretzak eta Eusko Jaurlaritzak agindutakoa bete ez dutelako. Azaldu dute erakunde biek EHUko lehentasunezko proiektua zena sei urtez atzeratu dutela. Baina, bestalde, unibertsitateko beste hainbat fakultatetan lanak egin dituztela.