“Arrantzaleen alde egiten dut, baina erosleei kalterik egin barik”

Lekanda itsasontzia porturatu eta harrapatutako bokarta guztia atera baino minutu batzuk lehenago, Bermeoko Kofradiako lonjako ateak zabaltzen ari da, daborduko, Joseba Altonaga Pelisier (Bermeo, 1963). Arrainen enkantea egiteko ardura du. 33 urte daramatza zeregin horretan.

Sakelakoari begira bizi da. “Telefonoz egiten dugu dena. Antzina, talaiariaren figura ere bazegoen. Irrati bidez abisua ematen zioten itsasontziek hari: noiz iritsiko ziren, zer-nolako arrainak zekartzaten… Orain, ordea, sakelakoak daudenez, itsasontzikoek zuzenean niri deitzen didate. Noiz iritsiko diren esaten didate, eta zelako arraina eta zein tamainatakoa dakarten”. Gero, erosle guztiei deitzen die hark. “Entzun, 16:30ean iritsiko da itsasontzia. Bokarta dakar, 40-42ko alekoa [40-42 ale kilogramoko]”. Azalpen guztiak ematen dizkie.

Txalupak iristen direnerako prest egoten dira lonjan. “Arraina aztertu egiten dugu, zer-nolako kalitatea eta tamaina duen ikusteko. Erosleek egin beharreko deiak egiten dituzte. Eta, arraina saldu ostean, pisatu egiten dugu guztia”.

Hegaluzeen kasuan prozesua desberdina izaten dela dio. Lehenik eta behin, pisatu egiten dute arrain guztia. Gau osoa ematen dute horretan, eta eguna argitzean, 07:00etan, saldu egiten dute.

Erosle bakoitzak bere gustua dauka: arrain bat edo beste hobesten dute. “Daukaten merkatuaren arabera —arrain gazituak egiteko, freskoetarako edo arrandegietarako—, bata edo bestea aukeratzen dute. Fabrikak dituztenek, arrain gazitua egiteko, bokarta handia gurago izaten dute, xerra handiak ateratzeko. Arrandegietakoek, ordea, txikia dute gurago”.

Bermeon bokartak harrapatzeko lau ontzi besterik ez dela geratzen azaldu du, penaz, Altonagak. “Ezin gara lehiatu beste batzuen antzera. Egunotan arrantzan atera direnek, baina, polito harrapatu dute”.

Arrain asko hartzeak, ordea, prezioetan ere eragina izan dezake. “Arlo horretan gauza askok dute zeresana: kalitateak, tamainak, freskotasunak… Ez da berdin estimatzen gauez arrantzatutakoa edo goizean harrapatutako arraina… Zenbat eta freskoago eta kalitate handiagokoa izan, orduan eta garestiago”. Beste faktore batzuk ere zerikusia daukate; arrainen salmenta “korapilatsua” da oso. “Beste portuetan zenbat arrain sartu den ere baloratu egiten da”.

“Prozesu horretan guztian behar gogorrena egiten duenak eskuratzen du irabazi gutxien, beste lanbide askotan gertatu ohi den bezala”. Arrantzaleen kasua da hori. Itsasora atera, eta, baldintza gogorretan lanean aritu eta gero, lonjan, arraina merke zelan saldu den ikusi behar dute. Joan den astean, berbarako, Lekanda itsasontziko bokarta garestiena 2,045 euroan saldu zen, kiloa; merkeena, 80 zentimoan.

“Inor ez dago konforme inoiz bere aukeragaz”, adierazi du Altonagak. “Ni bitartekaria baino ez naiz. Herrietako bake epailearen parekoa naiz arrantzaleentzat. Haien alde egiten saiatzen naiz, betiere erosleei kalterik egin barik. Guztientzat ahalik eta lan hoberena, mesedegarriena egiten saiatzen naiz”.

Altonagaren arabera, arrainaren kalitateak markatu ohi du erosleak ordainduko duen prezioa. “Arraina kalitate onekoa bada, denak daude erosteko prest. Normalean, arrain saltzaileek garestiago erosten dute, arrandegira ahalik eta azkarrena iristeko. Izan ere, erosketa egindako ordena errespetatzen da gero arraina pisatzeko orduan. Beraz, zenbat eta azkarrago hartu arraina, orduan eta azkarrago bukatuko dute prozesua, eta lehenago iritsiko dira arrandegira”.

Beharrean dabilen 33 urteetan, gutxi aldatu da Altonagaren behar egiteko modua. Talaiariaren lanpostua desagertzeaz aparte, enkante eredua ez da ia aldatu. “Pisatzeko modua, kalitatea eta erakusketa era aldatu dira. Arrantzaleak berak asko zaintzen du arraina. Lehenago, izozkailuetan egoten zen arrain guztia, eta ez zen ikusten; orain, den-dena atera behar da kaira. Zentzu onean egindako pausoak asko izan dira. Erosleek arrainaren kalitatea bertatik bertara ikustea ezinbestekoa da. Merkantzia ikusi egin gura dute erosi aurretik”.

Enkantea

Erosleak zain ditu Altonagak. Bokartaren kalitatea eta tamaina ikusita, enkantea egiteko eremura sartu dira guztiak. Sei euroan abiatu dute enkantea. Erosle guztiak, isilik eta zain, erruletan bolatxoak bueltaka dirauen bitartean. “Tentsioa nabari da”.

“Merke” saldu da. “Normala da, arrain asko dagoelako. Ezberdinak dira goizeko eta arratsaldeko enkanteak. Arratsaldez arrandegiak itxita daudenez, ez dute horrenbesteko interesik arrain freskoa erosteko. Enkantea 07:00etan egin balitz, garestiago salduko litzateke”. Biharamunean denetariko arrainak salduko direla iragarri die lankideei. Altonagaren lana zuzenean ikusi gura duenak egunotan dauka aukera, Bermeoko Arrain Azokako erakustaldietan.